Miguel Sanz (UPN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak abisatu zuen CDN ostiralean: egun batzuen buruan ez bazen Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzearen aurka azaltzen, gobernutik bidaliko zuen. CDNk ez du jarrera aldatu, eta Sanzek exekutibotik bidali egin du, bazkideak ez duelakoan bete ituna. Gaur iluntzeko kontua da; bi alderdiak bildu egin dira eta ondoren jakinarazi du albistea Sanzek.
CDNk bi kontseilari zituen: Jose Carlos Esparza (Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa) eta Carlos Perez Nievas (Hezkuntza). UPNk, berriz, 11 zeuzkan orain arte.
2003tik egon dira UPN eta CDN Nafarroako Gobernuan. Azkeneko hauteskundeak 2007ko maiatzean izan ziren.
Jose Andres Burgete CDNko presidenteak lehengo ostiralean zioen Sanzek "aitzakia gisa" erabili duela gaia. "Izan ere, UPNk PSNren babesa badu 2010eko aurrekontuak onartzeko, eta CDN traba izan daiteke harentzat".
50 parlamentarietatik 26k egin zuten ostegunean IU-NEBen proposamenaren alde: Nafarroa Baiko hamabiek, PSNko hamabiek eta IU-NEBko biek. UPNk (22) aurka bozkatu du eta CDNko bi legebiltzarkideak abstenitu egin ziren (EAE-ANVk ez du ordezkaritzarik, bozetarako baliogabe utzi zuelako Espainiako Justiziak).
Dena dela, aldaketa ez da oraindik behin betikoa, orain gaia parlamentuko batzorde batean eztabaidatuko dutelako.
politika
Miguel Sanzek gobernutik bidali du CDN
Euskararen Legean UPNk eta CDNk izandako jarrera desberdinak eragin du Nafarroako Gobernuko haustura. CDNren esku zeuden Etxebizitza eta Hezkuntza sailak. 50 parlamentarietatik 22 ditu UPNk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu