Mikel Otegi eta Jon Bienzobas euskal presoak aske utzi dituzte, zigor osoa beteta

Otegik 23 urte baino gehiago eman ditu espetxean, eta Bienzobak, berriz, 27. Biak al biak hirugarren graduan zeuden.

Euskal presoen aldeko elkarretaratze bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Euskal presoen aldeko elkarretaratze bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko azaroaren 25a
11:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Otegi Unanue eta Jon Bienzobas Arretxe euskal presoak aske gelditu dira, nork bere zigorra osorik bete ondoren. Biak ala biak hirugarren graduan zeuden: Otegi, iazko irailetik, eta Bienzobas, berriz, apiriletik.

Otegi Itsasondokoa da (Gipuzkoa), eta haren auziak zeresan handia eman zuen 1990eko hamarkadan. 1995eko abenduan istilu bat izan zuen Ertzaintzaren patruila batekin, eta bi ertzain hil zituen ehizarako eskopeta bat erabiliz. Epaiketan, baina, herri epaimahaiak errugabetzat jo zuen, aintzat hartu baitzuen zenbait adituk aurkezturiko txosten medikua, zeinaren arabera Otegi ez zen bere buruaren jabe hilketak gertatu zirenean.

Geroago, Espainiako Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen epai hura, herri epaimahaiak «beldurrak eraginda» jokatu zuela iritzita, baina ordurako Otegi alde egina zen. 2003ko otsailean atxilotu zuten Irulegin (Nafarroa Beherea). Sei urte eman zuen Frantziako espetxeetan, ETAko kidea izateaz akusatuta, eta geroago Espainiara bidali zuten; orotara, 23 urte baino gehiago eman ditu espetxean. Martxoan, Espainiako Justiziak ebatzi zuen Frantzian egindako urteak kontuan hartu behar zizkiotela bete beharreko zigor osoaren kalkulua egiteko; ondorioz, orain aske gelditu da, zigor osoa beterik.

Bienzobas, berriz, Galdakaokoa da (Bizkaia). 1999ko irailean atxilotu zuten Pauen (Okzitania). 18 urte eman zituen Frantziako espetxeetan, eta geroago Espainiaratu zuten. Hari ere kendu egin dizkiote zigorretik Frantzian egindako espetxe urteak, eta, beraz, orain amaitu du zigorra, orotara 27 urte kartzelan emanda.

Etxerat elkartearen arabera, EPPKrekin lotura duten 91 preso daude egun espetxean, hamahiru iheslari eta hiru deportatu.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA