TORTURA

Mikel Zabalzaren sendia, Carmen Albarekin minduta: "Ez dakit zertara datorren hau"

Espainiako Gobernuaren ordezkariak Agoizko Udalari eskatu dio ezaba dezala Mikel Zabalza torturapean hil zela oroitzen duen mural bat, irudiak "terrorismoa goratzen" duela uste duelako. Haren dimisioa eskatu du Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak.

Zabalza oroitzeko eta tortura salatzeko murala Agoitzen. @AHOTSAINFO
2016ko maiatzaren 12a
07:13
Entzun

Mikel Zabalzaren sendia minduta agertu da gaur Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin: "Ez dakit zertara datorren hau”. Mikel Zabalzaren arrebari, Lourdes Zabalzari, “mingarria” egin zaio Albak anaiaren mural bat ezaba dezaten Agoizko Udalaren aurka jarri duen salaketa. Gogoratu du bere anaiak ez zuela loturarik ETArekin. “Barrionuevok [Espainiako Barne ministroa Zabalza atxilotu eta torturatu zeneko garaian] esan zuen akatsa izan zela eta ez zuela zerikusirik”.

Agoizko Udalaren ekimenez, bihar prentsaurrekoa egingo da herrian, eta han egingo du bere balorazio ofiziala sendiak.

Ahotsa.info atariak eman du lehen orduan berria: Albak eskatu du Agoitzen eginiko mural bat ezabatzeko, "terrorismoa goratzen" duelakoan. Mural horretan Mikel Zabalza zenaren irudia ageri da, alboan tortura hitza marra gorriz ezabatuta duela. Hain justu, joan den apirilean zortzi lagun atxilotu zituzten, Burlatan torturaren aurkako mural bera marrazteagatik. Atxiloketak salatzeko, ugaritu egin ziren torturaren aurkako mural eta pankartak. Horietako bat da Agoizkoa.

Albaren aginduak hainbat kritika piztu ditu, eta Espainiako Gobernuaren ordezkariak prentsa ohar bidez azalpenak eman behar izan ditu. "Argi utzi nahi dut. Ez dugu inondik inora Mikel Zabala ETArekin erlazionatzen edo akusazio hori egiten". Bere esanetan, tortura edo aztnugal hitzak ezabatzeko agindu du Espainiako segurtasun indarrak iraintzen dituelako.

Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariak esan du "mingarria" dela Zabalzaren senideentzat hura "ETAko kidetzat" jotzea. Uste du Albak ez duela ezagutzen Mikel Zabalzaren auzia, eta "sen ona" eskatu du. Albaren neurriaren aurka agertu da Adolfo Araiz EH Bilduko Nafarroako legebiltzarkidea ere, eta haren dimisioa eskatu du. Adierazpen askatasunaren aurka jardutea egotzi dio. PPNko parlamentari Javier Garciak, aldiz, Albaren jarduna defendatu du, esanaz hark egin duen bakarra "egun indarrean dagoen legeria bete dadin eskatzea" dela.

Mikel Zabalzaren auzian oinarrituta, Euskal Herrian torturak izan duen eraginari buruzko dokumentala ari dira egiten, Galdutako Objektuak izenburupean. Trailerra:

[Youtube]https://youtu.be/xhBKSy5bgn0[/Youtube]

1985eko azaroaren 26ko goizaldean, Donostian, Guardia Zibilak Mikel Zabalzari ETAko kide izatea egotzi eta atxilotu egin zuen. Desagertutzat jo zuten. Bertsio ofizialaren arabera, guardia zibilek Endarlatsara eraman zuten Zabalza, ustezko zulo baten bila, eta ihes egin zuen, Bidasoa ibaira salto eginez. Hogei egun joan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zuten, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua, Bidasoko uretan.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren agindu bat erabili du Albak eskaera egiteko: fiskaltzaren arabera, "ETA erakunde terroristarekin harremana duten ikur guztiak" ezabatu behar dira. Espreski aipatzen ditu kideen argazkiak. Hilabeteko epea eman dio horretarako. Udalak agerraldia egingo du ostiralean Zabalzaren senideekin.

Agoizko Udalak aurreratu duenez, apirilaren 28an jaso zuten jakinarazpena eta hasiera batean uste zuten udal gehiagok jaso zituztela Albaren eskaerak, antzeko mural gehiago badirelako. "Gure ezustea izan da ikustea momentuz gurea besterik ez dagoela", aipatu du Unai Lako Agoizko alkateak. "Ezustea handiagoa izan da argudioak irakurtzean. Torturaren aurkako mural batean, Mikel Zabalzaren irudia agertzen den batean gainera, terrorismoa goratzen dela esatea iruditzen zaigu iraingarria, batez ere familiarentzat. Zabalza bikitma bat izan zelako".

Udalak alegazioak aurkeztuko ditu,  Albaren eskaeraren aurka ez baitu asmorik murala ezabatzeko. Nafarroako Gobernuari eskatuko dio, era berean, ez dezala murala ezaba, erabilitako argudioei bestela bide emango liekeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.