«Amona zenak esan ohi zuen Usarragara etorri zenean ganbaran liburuz eta paperez beteriko kutxa bat aurkitu zuela». Usarraga baserriko (Bidania-Goiatz, Gipuzkoa) seme Agustin Belokiren hitzak dira, Usarraga. Gipuzkoako Batzar Bereziak liburuan. Hain zuzen, han egin izan ziren lurraldeko batzar bereziak hirurehun urtez baino gehiagoz —baita Azkoitiko Basarten eta hainbat elizatan ere—. Ustekabeko arazo bat sortu edo Batzar Nagusien ohiko deialdietatik kanpo batzarrerako deia egin behar zenean bildu ohi ziren batzar bereziak etxe haietan. Ezin da jakin orduko batzarren arrastoak ote ziren Usarragako ganbarako paper haiek; «hustu edo sakabanatu zen kutxa barruko altxorra».
Paper asko gorde egin dira, ordea, eta horrela zaindu da mendez mende Gipuzkoaren historia. Nabarmentzekoa da Altzoko Salbatore Deunaren eliza (Gipuzkoa) San Juan de la Peñako monasterioari (Espainia) dohaintzan eman ziotela ziurtatzen duen agiria, 1025. urtekoa: han idatzi zuten emaileak Ipuscua-koak zirela. Alegia, mila urte bete ditu Gipuzkoaren idatzizko lehen lekukotasunak, eta hori motibo nahikoa izan da batzar berezi bat antolatzeko. Salbatore Deunaren elizan Gipuzkoaren mila urteko historiari gorazarre egin diote han bildutako herri agintariek, gaur, Palestinaren aldeko lanuztea hasi aurreko orduetan.
Oria ibaiaren ertzetik gora igota dauden belazeetako ihintza lehortzen hasita zegoela, tantaz tanta betez joan da Salbatore Deunaren elizako arkupea. Batetik, Urola Kostako alkateak; bestetik, Debagoienekoak, eta, azkenik, Bidaso ingurukoak… Ia-ia ibarka antolatuta iritsi dira Gipuzkoako 50 alkate inguru. Eliza ondoko etxeko —Olazabal Berri baserriko— bizilaguna atarira atera da justu Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia heldu denean; gero ere segitu du bisitariei beha.
«Duela hamar mende ez zuten hizkuntza politikaz hitz egiten, baina jakin izan zuten gure hizkuntzari eusten»
IMANOL PRADALESEusko Jaurlaritzako lehendakaria
«Egun on, Bakartxo!», esan dio Mendozak Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriari, elizako eskaileretan. Hura heldu denerako, han zeuden Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria eta ganbera hartako batzarkideak, alkateak, eta Nafarroako, Bizkaiko eta Arabako zenbait ordezkari.
Elizatik behera joandako baratzean lanean zebilen baserritarra jabetu ere ez zen egingo akaso —garrantzia garrantzizkoari; lurrak ez du barkatzen— bere lurren ondotik pasatu dela Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Solemnitate osoz agurtu du Altzoko alkate Xabier Olanok, aginte makila eman dio, eta arkupearen bueltan lekua egin diete ohorezko aurreskua dantzatu duten dantzariei eta jo duen txistulariari. Erdi Aroko batzar berezi haien giroa usaintzen da, antzinatasun hura, harik eta dantzarietako batek txapela bildu duenean bere orrazkera mohikanoa agerian geratu den arte. 2025a da: Ipuscua Gipuzkoa da.
Euskara bizimodu
Turuta jotzaileak Gipuzkoako ereserkia jotzen ari diren bitartean hartu dute lekua agintariek elizan, egurrezko erretaulari begira, historia luzeko harrizko hormek inguratuta. Behin tenpluaren azpiko eliza zaharretik pasatuta, ongietorria egin die Altzoko alkateak beste agintariei. Han egoteko arrazoiari erreparatu dio Olanok; hain zuzen, Ipuscua lehen aldiz agertzen den agiriari: «Testua latinez egon arren, euskal leku izen ugari ageri dira. Horrek argi eta garbi erakusten du garai hartan euskaraz hitz egiten zutela, eta euskaraz ezagutzen zituztela inguruko lekuak. Mila urte igaro eta gero, euskaraz hitz egiten jarraitzen dugu, eta euskal leku izenak hementxe daude. Beraz, mila urteren ondoren, leku honetan bertan gu guztiok elkartu izanak eta gure hizkuntza naturala euskara izateak argi eta garbi erakusten dute herri honen eta gure hizkuntzaren iraupena eta bizimodua».
Hain zuzen, euskara izan da agintarien hitzaldiak zeharkatu dituen ardatz nagusi bat. «Duela hamar mende ez zuten hizkuntza politikaz hitz egiten, baina jakin izan zuten gure hizkuntzari eusten, historiaren logika propioaren aurka», esan du Pradalesek. «Guri gure aurrekoek euskara utzi digute, beste ezerk ez bezala euskaldun egiten gaituena. Euskara biziberrituz euskaldunek euskaraz egin ahal izatea ziurtatzea da herri ordezkarion zeregin politikoa XXI. mendean», gaineratu du Ezeizabarrenak.
Sen komunitarioa
Gipuzkoaren sen komunitarioa nabarmendu du, gainera, Mendozak: «Zentzu komunitario indartsua duen lurraldea da Gipuzkoa, mendeetan errotuz joan dena. Zailtasun garaietan, aurrera egiten lagundu digu zentzu horrek, gainontzeko euskal lurraldeekin harremanetan eta elkarrekintzan. Gaurkoan ere aldarrikatu nahi dut herri bat, lurralde bat, ezin daitekeela gizabanakoen batura soila izan. Behar ditu balio partekatuak, behar du komunitate sentipen sustraitua. Herri nortasun propioa. Horrek ekarri gaitu honaino, mendez mende, eta horri eutsi behar diogu gipuzkoar eta euskal herritar gisa etorkizuna izan dezagun».
Horren haritik, batzartzeak berak duen garrantzia nabarmendu du Pradalesek Altzoko batzar berezian: «Zer dakigu duela mila urte gurean bizi ziren pertsonen gainean? Batetik, batzartu egiten zirela elkarrizketa sustatuz, eta, bestetik, sekulako garrantzia ematen ziotela batzartzeari. Aspaldi-aspalditik, elkarrekin bizi ziren. Elkarrekin hartzen zituzten eguneroko bizitzari lotutako erabakiak. Elkarrekin egiten zioten aurre etorkizunari». Kultura eta tradizio politiko hura goretsi du lehendakariak: «Orain, lekukoa hartzea dagokigu».
Agur, jaunak abestuta biribildu dute batzar berezia, hain justu, Palestinaren aldeko lanuzterako ordua hasi baino minutu batzuk lehentxeago. Elizatik behera joandako baratzean lanabesak gorde ditu baserritarrak, eta, ziurrenik, lana utzi. Garrantzia garrantzizkoari.