Milagro itxi egingo dute ostiralean, baita herriko taberna eta jatetxeak ere

Azken hamalau egunean, 100.000 biztanleko 1.874ko positibo tasa izan du herriak. Udalarekin adostuta hartu du neurri hori Nafarroako Gobernuak.

Tuterako Ospitalea. IñIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 24a
14:59
Entzun

Nafarroako Gobernuko Osasun Sailak jakinarazi duenez, ostiraletik aurrera itxiera perimetrala ezarriko du Milagron, eta herriko taberna eta jatetxeek ateak itxi beharko dituzte. Udalarekin batera hartu du neurria gobernuak, positibo tasa handia dela eta. 3.400 biztanle ditu Milagrok, eta azken hamalau egunetan 1.874ko tasara heldu da 100.000 biztanleko. Azken zazpi egunak aintzat hartuta, tasa 1.610ekoa da.

Nafarroako Gobernuak kutsatzeen gorako joera atzeman du. Atzo baheketa egin zuten 44 eta 64 urte bitarteko milagrotarrekin, eta beste hogei positibo agertu dira. Ondorioz, ostiraletik ezingo da Milagron sartu edo atera, ohiko salbuespenengatik ez bada (lana, ikasketak, zaintza eta osasuna), eta herriko taberna eta jatetxeek ateak itxi beharko dituzte.

Bihar gauerdian sartuko dira indarrean neurri horiek, eta hasiera batean bi aste iraungo dute, apirilaren 11 arte, egun hori barne. Egoeraren arabera, luzatu, egokitu edo bertan behera utziko dituzte.

Erkidego osoan indarrean diren neurri murriztaileak apirilaren 9ra arte luzatzea erabaki du gobernuak gaur, eta ez du baztertu neurriak gehiago gogortzea pandemiaren bilakaerak okertzen jarraituz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.