Aldako lehendakaria

Xebax Christy: «Milaka etxebizitza galtzen genituen aitzineko urteetan eta tsunami hori gelditu da»

Lau urte beteko ditu Alda elkarteak udazkenean. Alokairupeko biztanleen laguntza, etxe turistikoen emendatzearen kontrako borroka, jabeen lege urratzeen salaketak, denetarik landu du lau urtez.

Xebax Christy, Aldako lehendakaria
Xebax Christy, Baionan, martxo bukaeran. GUILLAUME FAUVEAU
Iñaki Etxeleku.
Baiona
2024ko apirilaren 9a
05:00
Entzun

Duela kasik 4 urte sortu zuten Alda elkartea, Baionan. Geroztik, hedatu eta hazi da. Kide saria ordaintzen duten 800 kideren heina pasatu berri du. Kidetza ordaindu gabe laguntzaile direnak bostehunez goiti dira. Sei langile ari dira elkartearentzat. Xebax Christy (Aiherra, Nafarroa Beherea, 1979) Aldako lehendakariak lau urteko bilakaeraren azterketa egin du. Elkarrizketa egin geroztik, Bruno le Maire Frantziako finantza ministroa erabat iritziz aldatu da, eta bizitegi turistikoen gaineko zerga kenketak desagerraraztea proposatu du, baita bigarren egoitzen gaineko lur zerga emendatzea ere. Christyk hala adierazi du prentsa agiri batean: «Gaur egun maila gorenean dagoen tentsio egoeran lasaitze bat bultzatuko du. Etxebizitza arloan gobernu horren praktika injustuak eta sozialaren aurkakoak askotan salatu ditugu. Badakigu onartzen eta txalotzen behingoan zentzu onera doazen erabakiak hartzen dituelarik».

Etxebizitzen arloa bilakatu da Aldako borroka nagusia?

Egia da etxebizitzen gaiak lehentasun handia duela Aldaren aktibitatean, baina Alda ez zen bereziki horren lantzeko sortu; gero jin da. Alda sortu da langile auzoetako eta langile klaseko jendeen defentsa mugimendu gisa. Fite, etxebizitza bilakatu zen gai nagusi bat, ohartu baikinen langile klaseko jendeentzat arazo nagusia zela.

Etxebizitza arloak aparteko antolaketa eskatu dizue?

Bi taldetan antolatuak gara: parke pribatuko biztanleen defentsa, batetik, eta etxebizitza sozialak, bestetik. Lehen diagnostikoa egin genuelarik, bost urgentzia identifikatu genituen. Hauetarik bat izan zen urte osoko etxebizitzen babestea, edo etxebizitza turistikoen kontra egitea. Ohartu ginen milaka eta milaka etxebizitza galdu genituela aitzineko urteetan, turistikoak izateko aldatu zituztelako. Hor genuen konpentsazioa eskatzeko kanpaina abiatu. Azkenean, kanpaina horrek egin du biziki identifikatuak izan garela etxebizitza arloan.

Eta jendearentzat beren arazoak helarazteko erreferente bilakatu zarete?

Bai. Delako bost urgentzietan bazen: alokairuen mugatzearen errespetatzea; eta estatuari eskatzea alokairuen arautzea bizitegi guzientzat. Hots, etxebizitza berrientzat ere, non, gaur egun, ez den araurik batere eta merkatuak manatzen duen. Neurri hori aplikatzeko dekretua bidean da Ipar Euskal Herriko tentsiopeko 24 herrirentzat; heldu den urtean plantan ezartzea aurreikusten da.

Laster agertu zitzaizuen iruzurrezko alokairu kontratuen fenomenoa?

Denetarik agertu da: ikasle kontratuak zituztenak ikasleak izan gabe, mugitzeko kontratuak zituzten jendeak ez zituztelarik baldintza horiek betetzen. Suprefeturan egin genuen ekintza oihal-etxeekin, errateko: «Hemen, udan, jendeak etxebizitzatik joan behar du, eta ez du beste aterabiderik kanpalekura joatea baizik!». Estatuari dei egin genion errateko ez zela normala elkarte batek kontratu horien zuzentzeko lana egitea, iruzurrezkoak zirela erakustea eta jabeari erratea legez kontra ari zela.

Hortik landa, estatuak sortu zuen iruzurrezko kontratuen kontrako batzordea.

Eta hemengo berezitasun bat da. Dakigunez, ez da halakorik beste eskualdeetan. 2023az geroztik, gure aldetik ez dugu gehiago holako iruzurrik ikusten ondasun higiezinen agentziek eginik. Iruzurrezko kontratuak badira oraindik, baina heltzen zaizkigun guziak jabe partikular batzuek eginak dira. Agentziekin eta jendearekin harremanetan izanez, sentitzen dugu batzorde hori izatearekin —non estatuko zerbitzuak eta prokuradorea badiren— kasu ematen dutela gehiago. Zigorgabetasunik ez baita gehiago; legea errespetatu behar dute, sinpleki.

Batzorde horren lanari erreparatzen diozue?

Hitzordu bat galdegin diogu, behin, jakiteko guk igorri genizkien kasu guziak zertan diren. Segimendu hori egiten dugu segur izan nahi baitugu zerbait gertatuko dela eta jabe horiek ez direla deus gabe aterako. Batzorde horrek alokairuen arautzea ere aztertzen du, baita etxe kanporatze edo kontratu bukatze faltsuak ere.

Nola barrandatzen du administrazioak kontratu etete bat, ikusteko faltsua denetz?

Arazoa da nehork ez duela begiratzen zer gertatzen den familia bat joaten delarik jabearen gutuna jaso ondoan. Gehienetan, jendeak ez du indarrik begiratzeko zer bilakatu den beren bizitegia. Ez da mekanismorik saltzeko edo berreskuratzeko jabearen motibazio hori egiazkoa denez aitzinetik kontrolatzeko. Arazo horri buru egiteko bederatzi proposamen egin genituen joan den agorrilean, Intxausetako hitzaldietara etorri zen ministroari eman genizkionak. Eta duela bi aste Iñaki Etxaniz diputatuak lege proposamena aurkeztu du horri buruz eta iruzurrezko kontratuei buruz. Guk egin proposamen anitz berriz hartu ditu; batzuk, moldaturik. Lege proposamen horren berrirakurtze lanetan parte hartu dugu. Ikusiko dugu zer gero ukanen duen.

Zer helburu luke legeak?

Momentu interesgarria da lege hori aurkezteko. Erakutsi dugu iruzurrezko bizitegi berreskuratze anitzez gehiago badirela hemen, estatu frantseseko beste hiri batzuetan baino. 2019an, Baionako auzitegian, Frantziako bost hiri nagusietako —Paris kenduta— auzitegi guzietan baino berreskuratze prozedura gehiago baziren. Legerako proposatu dugu, berreskuratze bat egin nahi badute, jabeak behartzea administrazioa deklaratzera. Zenbakiak ukan ditzagun. Segur gara anitz badirela; parke pribatuan alokairuan bizi den kasik jende guzia lanjer horren menpe bizi da.

Balio dezake beste lurralde batzuentzat?

Hemen gertatu dena, erran digutenez, Parisen gertatzen ari da, orain. Joko Olinpikoak hurbiltzearekin, Parisen jabeak ari dira berreskuratze horien erabiltzen jendea kanporatzeko, Jokoen denboran alokatzeko. Iñaki Etxanizek dio alokairu saria bederatzi aldiz handiagoa bilakatzen ari dela. Fenomenoa Parisen ere identifikatua izanez, legeak xantza gehiago du aitzina egiteko.

Xebax Christy, Aldako lehendakaria
Xebax Christy, Baionan, martxo bukaeran. GUILLAUME FAUVEAU
Diozuenez, erabateko ondorioak ukan ditu bizitegi turistikoen gaineko konpentsazio neurriak, duela urtebete hartuak diren horiek?

Arrunt gelditu dira urte osoko alokairuko etxeak etxebizitza turistiko transformatzeko jokoak. Lehen eragina hori da, eta horretako egina da konpentsazio neurria. Milaka eta milaka etxebizitza galtzen genituen aitzineko urteetan, eta tsunami hori gelditu da 2023ko martxoaren lehenaz geroztik [Neurria indarrean sartu zen eguna].

Salbuespen bat badu neurriak: ikasturte osoan ikasleei alokatuz, udan turistei alokatzeko baimena.

Ehunkak ukan dute baimena, baina hori ez da batere txarra, zeren eta, nonbait, bortxatzen ditu jabe batzuk urtean zehar beren egoitza ikasleei alokatzera; ikasleek behar baitute nonbait bizi.

Bozak irabazirik, alokairu apaleko bizitegi egituretan sartu zineten biztanle ordezkari gisa, duela urte bat pasa. Lorpenak aipatu dituzue; oro har, nola iragaten da?

Lehenik, lan franko ukan dugu, eta ikasten ari gara anitz. Aldako jende gehienek ez genuen esperientziarik holako egituretan. Orain, hautetsi direnek badute esperientzia bat. Langile auzoetan kolektibo batzuk sortu ditugu. Aldaren berezitasuna da, eta zinezko aitzinamendua da, hautetsiek egituretan egin lanarekin osagarri baita. Gure lanaren parte bat da HSA eta Office 64 egiturek onar dezaten ez dutela hautetsiek bakarrik legitimitatea mintzatzeko, baina biztanle kolektiboek ere bai. Hola lan eginez lortu ditugu aitzinamenduak: obra batzuen egitea etxebizitzen hobetzeko, adibidez.

Hauteskunde denboran erran zenuten babespeko bizitegien banatzeko batzordeetan izan nahi zenutela, banatzeko sistema iluna zelako eta jende gutiren artekoa. Barnetik nola pasatzen da?

Oraingoz ez dugu ikusten gaizki funtzionatzen duenik. Aldi berean, zaila da ikustea, zeren eta batzorde horietako printzipioa da hiru familia hautagaitza aztertzea. Baina ez dakigu aitzinetik hiru familia horiek nola hautatuak izan diren milaka eskaeren artean.

Bizitegien trukatzeko poltsa plantan ematea lortu duzue, bestalde, martxo hastapenetik.

Garaipen nagusi bat da. Ipar Euskal Herrian 3.000 familia badira alokairu apaleko etxebizitza aldatu nahi dutenak, haien egoera aldatu baita eta ez baita gehiago egokia haientzat —haurrak joanak eta bizitegia handiegi; edo egoiliarra zahartua baita, eta igogailurik ez, eta abar—. Parke sozial horretan, hemen, jendea biziki guti mugitzen da. Gure laguntzaileetan badugu Gironde (Okzitania) eskualdean egon zen bat, eta erran zigun han bazela trukatzeko poltsa hori. Biziki zentzuzkoa zitzaigun. Azkenean, egituretan gaia hartu dute, eta biziki fite joan da. Gironden erabiltzen duten trukerako plataforma zenbakizkoa zabaldu dute Landetan eta Pirinio Atlantikoetan erabili izateko gisan. Tresnaren eragina zinez agerikoa da. Gainera, trukatzeak posible dira alokatzaile egitura desberdinen artean. Jende batzuei aterabide bat ekarriko die, eta eguneroko bizia aldatuko.

Elkartearen lau urteko garapena ikusirik, hastapen hartan uste zenuten hainbeste ildotan ibiliko zinetela?

Ez, batere. Intentsitate handia izan da lau urtez. Baionako langile auzoetan inkestak eginez hasi ginen, eta etxebizitzarena ez zen bereziki jendeek identifikatu gai bat orduan. Pentsatzen genuen luze izanen zela ezagunak izateko. Lehen bi urteetan Baionan hastekoak ginen, bakarrik, esperantza izanik zabaltzen ahalko ginela gero gehiago Ipar Euskal Herrian. Sortu ginenean, ez genuen aurreikusten alokairu apaleko bizitegien hauteskundeetan aurkeztea. Aurkezteak eta kanpaina egiteak eragin handia ukan du gure antolaketan, landu gaietan. Sortuz geroztik, sei hilabete guziz ari gara berriz pentsatzen gure antolamendua.

Langile formatuak eta mobilizaziorako gaitasuna dira arrakastaren gakoak?

Duela bi urte eta erdi kasik denek ez genuen deus ezagutzen gai horiei buruz. Anitz ikasten dugu arituz. Batzuk berezitu dira gai batzuetan, baina beti kolektiboki aztertzen ditugu gauzak. Bilkura horiek jende berriaren formatzeko momentua dira, aldi berean. Gure lan egiteko moldea hori da: erradikaltasun-pragmatikoa deitzen duguna —ekintza ikusgarriak, hautetsiengana jotzea, gaiak sakonki lantzea—.

Legea betearazteko administrazioaren ordez egiten duzuen lan batek ez ote du mugimendua itotzeko arriskua sortzen?

Beti badugu zango bat kasu indibidualen laguntzan, baina helburua ez bakarrik horretan egotea eta borroka politiko eta kolektiboetara pasatzea. Horretarako baditugu bizpahiru leku: hilabetean behin biltzen den etxebizitza batzordea, gogoeta estrategikoa eramateko; bestalde, administrazio kontseilua gogoeta politiko hori emateko lekua dena.

Ekonomikoki nola diruztatzen duzue Alda?

Kidetzekin gure baliabide propioak garatzen ditugu. Eta kidetza garatzea dugu helburu nagusietarik bat mugimenduaren egonkortzeko. Jendearentzat manera biziki konkretua da gure lana sostengatzeko. Badugu ere fundazio batzuen sostengua, egiten dugun lanarekin interesatuak direnak; Pierre Apaizaren Fundazioa, adibidez. Funtzionamendurako ez dugu sekula diru laguntza publikorik eskatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.