100x50 metroko Gernika hankapean hartuta egin dute ekitaldia. Amaieran, turruna jo du, eta orduan utzi dute agerian, gainean zueden guztiak handik alde eginda. Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko (GED) kideak esan bezala, sateliteetatik ikusteko moduko neurria du, eta munduari mezua zabaltzeko baliatu nahi dute. Mezu argia: "XXI. mendean, erronka, asmo eta helburu politikoak modu politiko eta demokratikoan bideratu behar dira".
Katalunian errepublikarako erreferenduma egin zutenetik urtea betetzen da astelehenean. Erreferendum hura gogoratzeko, Kataluniako herritarrek egindako ariketa txalotzeko eta Espainiako Estatuak erabili zuen errepresioa salatzeko asmoz egin dute ekitaldia gaur. Eta bereziki gogoan izan dituzte kataluniako preso politikoak eta erbesteratuak. Haiekiko elkartasuna adierazteko kolorea da, hain justu, horia, eta hori da pintatu duten Gernika-n ageri den kolore bakarra: argiari jarri dioten kolore horia.
Bideoa: pintaketa prozesua (Gure esku dago)
[youtube]https://youtu.be/gWgknZL2lfY[/youtube]
Urriaren 1ean demokrazia "nagusitu" zen GEDk gaur nabarmendu duenez: "Eta argi bilakatu zen. Orduan piztutako argia ez da itzali. Piztuta jarraitzen du. Horregatik margotu dugu horiz Picassoren Gernika koadroan lanpara handia, herrien demokrazia nahiaren sinbolo gisa. Itxaropenez".
Mugarritzat du GEDk iazko urriaren 1a, "mugarri historikoa da demokrata guztiontzat". Horregatik, eskerrak eman dizkiete hura posible egin zuten guztiei, eta bereziki elkartasuna azaldu errepresaliatuei. "Libre nahi zaituztegu. Konpromiso osoa dugu elkartasuna ehuntzen segitzeko aske izan arte. Behin ere ez zarete bakarrik egongo. Zuekin gaude. Besarkada erraldoi bat"
Elkartasun adierazpenak buelta ere izan du, eta Carles Puigdemontek Belgikatik igorritako mezuan nabarmendu du, argi hori hori ikusten dela handik, eta baita gainerako erbesteratuak dauden lekuetatik eta espetxetik ere.
Ekitaldian bertan ere izan dira Kataluniako ordezkariak: Generalitatetik Pau Villoria izan da, ANCtik Roger Heredia eta JxCat-etik Aurora Madaula eta Anna Geli. Haien alboan izan dira Euskal Herriko ordekari politiko eta sindikal batzuk ere: EAJtik Luke Uribetxebarria eta Jon Aiarza joan dira, EH Bildutik Maddalen Iriarte, Jasone Agirre eta Iker Casanova, eta LABetik Garbiñe Aranburu. Jose Maria Gorroño Gernikako alkatea ere ekitaldian izan da, bestek beste.
Ekitaldia bertatik bertara kontatzen aritu da Gotzon Hermosilla kazetaria.