'Bateragune auzia'. Manifestazioa

Milaka urrats Bilbon, epaiketa politikoak bukatzeko eskatuz

Arnado Otegi, Rafa Diez, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez eta Miren Zabaletari ezarritako zigorrak salatu dituzteManifestaldiaren burua udaletxera iritsi zenean, amaiera Zabalburun zen artean

Kaleen moduan, udaletxe inguruak mukuru bete ziren herritarrez. JUANAN RUIZ-RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Epaiketarik ez, zigorrik ez. Aterabide demokratikoak orain. Horixe zioen epaiketa politikoak salatzeko atzo Bilbon eginiko manifestaldiaren leloak. Milaka lagun batu ziren Bateraguneauzian Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto eta Miren Zabaletari ezarritako zigorra salatzeko, zenbait gizarte eragile eta eragile politiko eta sindikalek antolatutako manifestazioan.

EA, Alternatiba, ezker abertzalea eta Aralar alderdiek eta LAB, EILAS, Hiru, EHNE eta ESK sindikatuek deitu zuten manifestaziora. Gizarte eragileei dagokienez, Lokarri, ESAIT, Euskal Herriak Bere Eskola, Giza Eskubideen Behatokia, Euskal Herrian Euskaraz, Gazte Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Bai Euskal Herriari eta TATek babestu zuten.

17:00etarako deituta bazegoen ere, 17:25ean abiatu zen Casillatik. Ordurako, manifestaldira batzeko esperoan, jendez betea zegoen Autonomia kalea eta Casillaren ingurua. Eskuan kartelak zituzten gehienek, epaiketa eta zigorrekin bukatzeko eskatzen zutenak. Ibilidea hasi zutenek euskal presoen kaleratzea eskatzen zuten bitartean.

Ordutegi aldaketa zela eta—hasiera batean 17:00etarako egin baitzuten deialdia—, ohi baino jende gutxiago zegoen sentsazioa nagusitu zen lehen minutuetan. Martxa hasi orduko, inguruko kaleetan sakabanatutako jendea batzen hasi zen, eta segituan bete zen Autonomia kalea.

Pankartaren atzean, Rufi Etxeberria, Iñigo Iruin, Txelui Moreno, Jone Goirizelaria, Tasio Erkizia eta Maribi Ugarteburu (ezker abertzalea), Pello Urizar eta Rafa Larreina (EA), Rebeka Ubera eta Iñaki Aldekoa (Aralar), Oscar Matute (Alternatiba), Martin Garitano (Gipuzkoako ahaldun nagusia, Bildu) Ainhoa Etxaide (LAB), Txiki Muñoz (ELA), Jesus Uzkudun (CCOO-Euskadi), Paul Rios (Lokarri) eta Martxel Toledo (ESAIT) egon ziren, besteak beste. Pankarta zabaldu bezain pronto, kazetari eta argazkilari ugari gerturatu ziren kameraz unea jasotzeko, aurrera egin ahala jendeak txalo zaparradaz jasotzen zuen biartean. Nafarroako banderak eta presoen aldeko zapi ugari ikus zitezkeen jende uholdean sakabanatuta.

Askotariko aldarrikapenak

Bideari ekin eta Zabalburu plazara iritsi zenerako, milaka ziren manifestaldian ikus zitezkeenak. «Presoak kalera, amnistia osoa» edota «independentzia» ziren aldarri nagusiak; ozen oihukatzen zuten protestariek.

Ibilbidearen erdia eginda, Zabalburu plazan, Ertzaintzaren hiru furgoneta zeuden zain, eta manifestazioaren buruaren aurrean egin zuten udaletxerainoko bidea. Amaieran ere baziren Ertzaintzaren furgonetak, eta airean, helikopteroa.

Plaza Zirkularrera iristear, artean ere, bazen espaloian zain zegoen jendea, aurrean bi pankarta zituztela. Batean Kukutzaren aldeko mezua ikus zitekeen. Bestea, hurrengo astean Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten Iruñeko gazteen aldekoa, urriaren batean egingo den manifestaldira deituz. Biak txalo eginez igaro zituzten manifestariek.

Udaletxera bidean, kalean gora zihoan autobus batek bidea oztopatu zion martxari eta Ertzaintzak desbideratu egin behar izan zuen, manifestazioak aurrera jarraitu ahal izateko. Etenaldiaren ostean, aurrera jarraitu zuen manitestaldiak, helmugara iritsi nahian. Zaintza epaitegitik pasatzean, «atxilotuak askatu» zioen mezua nagusitu zen, ostiralean Kukutza gaztetxearen eraistean izandako liskarretan atxilo hartutakoak aska ditzaten eskatuz.

Manifestazioaren burua udaletxera iritsi zenean, bukaerak ez zuen artean Zabalburu pasatu. Minutu batzuen ostean hasi zen hitzaldia, amaieran zeuden manifestariak iristear zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.