Frantziako Poliziak militante politiko bat atxilotu du astearte goiz honetan Biriatun (Lapurdi). Gizon gaztea Urruñakoa da jatorriz. Mariel Garrigos Baionako prokuradoreak ez du jakinarazi zer leporatzen dioten, baina litekeena da haren militantzia politikoarekin zerikusia izatea. Iturri batzuen arabera, atxilotuaren bikotekidea ere deitu dute deklaratzera.
Atxilotua Urruñako ikastolako irakaslea da. Ikastolako irakasleek, langileek eta bulegoak «elkartasun osoa» adierazio diote ohar batean, eta elkarretaratzea deitu dute Urruñako pilota plazan, 17:30ean.
Larunbatean, manifestazioa egin zuten Baionan hainbat kolektibok deituta, azken hilabeteetako errepresioa salatzeko. «Gure borroka ildoak segitu eta kolektiboki indartuko ditugu, hori baita, azken finean, erantzunik hoberena errepresioaren aurka», adierazi zuten.