«Gure borroka ildoak segitu eta kolektiboki indartuko ditugu, hori baita, azken finean, erantzunik hoberena errepresioaren aurka». Baionako auzitegiaren aitzinean bukatu dute errepresioaren kontrako manifestazio kolektiboa, elkartasunerako eta borrokarako deia eginik. Ipar Euskal Herriko hainbat mugimendu politiko eta sozialetako bostehun bat militantek parte hartu dute mobilizazioan.
Azken bi urteetako jazarpen politikoaz egindako bilanetik heldu zen protesta kolektiboaren ideia. Orduan batu ziren hainbat mugimendu militante, tartetik Jardun, U14, Ostia sarea, J’Accuse, Kontseilu Sozialista, Lagundu eta Blokatu kolektiboetakoak. Errepresioaren parean elkartasuna eta borroka lelopean, jende saldoa bildu dute gaur Baionan, hainbat Polizia izanik ere manifestazioa inguratzen.
Hain zuzen ere, zortziehun bat pertsonako manifestazio baterako antolatuak ziren polizia indarrak, armaturik eta momentu oro filmatzen; kazetariak ere identifikatu dituzte, banan-banan.

Auzitegi aitzinera iristean, Patxi Laskaraik eta Garazi Adurizek hartu dute hitza, biak ala biak azken bi urteetan atxilotuak eta epaituak militantzia politikoagatik. Manifestaziorako deialdia egiteko prentsaitzinekoan aurkeztu zuten bilanaren ildotik, «errepresioaren gogortzea» salatu dute martxa bukatzean: 2024an eta 2025ean, Ipar Euskal Herriko 31 militante auzipetu dituzte, bederatzi auzitan; epaiketetan, denetara, 12.580 euroren isunak ordaintzera kondenatu dituzte, eta horri gehitzen zaizkio beste 10.000 euroren gibelapenezko isunak eta 11.560 euroren kalte ordainak.
Gaur, hitza hartzean, aurtengo elementuak ere gehitu dizkiote errepresio kasuen batuketari: «Urte berri hau hasi bezain fite beste lau militante bortizki atxilotuak izan dira, eta haien kontrako prozesu judizialak aitzinera segitzen du».
Amnistia aldarri
Baionako auzitegi aitzinean, poliziaz inguratuak zirela, Frantziako Estatuko «indarkeria polizial azkarra» gaitzetsi dute irmoki: «Era guztietako bortizkeriak erabiltzen ditu Poliziak, baita erailketa ere; horretarako, egiturazko inpunitateaz gozatzen du». Egoera orokortu dute fite, «Hego Euskal Herrian, Europan eta mundu osoan errepresio politikoa» jasaten dituztenei erreferentzia eginez: «Doakiela gure elkartasuna modu batean edo bestean ordena zapaltzaile honen kontra borrokatzeagatik errepresio politikoa jasaten duten pertsona guziei».
Alde horretatik, amnistia aldarrikatu dute, «urte luzez errepresioa pairatzen segitzen duten preso, iheslari eta deportatuak gogoan» ez ezik, «gaur egun haien militantziagatik jazarriak direnen —eta izanen direnen— eskubide politikoen alde».
Hain justu, Mikel Sansebastianek, Jon Kepa Preciadok eta Garikoitz Etxeberriak euskal preso politikoek manifestaziora deitzeko gaur agertu duten agirian, amnistia osoaren alde egin eta askatasuna «borrokaz» lortzeko aldarria zabaldu dute. «Horixe baita errepresioaren xede nagusia, borroka oro ezereztea».
Prozesu horren beraren borrokatzera deitu dute Baionan ere. Hitzaldia bukatzera zihoazela, erran dute: «Errepresio politikoaren bidez —gure beldurtzeaz gain— borrokarako energiak xurgatu nahi dizkigute, etsipena, indibidualismoa eta desmobilizazioa sortuz. Jakitun gara dominatzaileek ez digutela nehoiz ezer oparitu, ezta oparituko ere, horregatik beharrezkoa da elkarrekin borrokatzea».
Errepresioaren kontrako erantzuna «kalte ordaina pagatzeko elkartasun gaualdi baten antolatzera mugatu» ez dadin, karrikara atera dira, «erakusteko gure borrokak segitu behar duela, eta segituko duela».