Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egiten den ikerketa onkologikoan argi-ilunak antzeman ditu Minbiziaren Aurkako Elkarteak. Minbiziaren ikerketak Euskadin duen egoerari buruzko erradiografia izeneko txostena aurkeztu dute gaur Donostian, eta nabarmendu dute I+G ikerketa eta garapenean egiten den inbertsioa Espainiako batezbestekoa baino altuagoa dela, baina hasierako faseetako saiakera klinikoen portzentajea, berriz, «nabarmen txikiagoa».
Zientzialarien errealitatea ezagutzea eta gomendioak ematea du xede dokumentuak, eta, horretarako, indarguneak eta ahulguneak identifikatu dituzte. Hala, indargune nagusitzat hartu dute I+Gan egiten den inbertsioa, eta gainera, «funts autonomikoek eta nazioartekoek bultzatutako finantzaketa handitu» izana txalotu dute.
Ikerketa klinikoaren alorrean, osasun datuak kudeatzeko sistema bateratua ontzat jo dute, «pazienteak ospitale batetik bestera erraz bideratzeko modua ematen duelako». Era berean, Ikerbasqueren laguntzen bidez «talentua erakartzea» goratu dute, baita ezagutzaren kudeaketa EHU Euskal Herriko Unibertsitatean zentralizatzea ere. Enpresa bioteknologikoen «garapen ona» ere nabarmendu dute: «Espainian sortutako enpresa bioteknologikoen %9,4 dira Euskadikoak».
Ahulgune gisa, saiakera klinikoen inguruko kritika egin du elkarteak: hasierako faseetako (I eta I-II) saiakuntza portzentajea estatuan baino «nabarmen txikiagoa» da, eta, aldiz, «III fase komertzialetan kontzentrazio handia» antzeman dute. Gainera, deitoratu dute tumore mota batzuk «gutxiegi» agertzen direla saiakeretan, hala nola koloneko minbizia eta tumore likidoak —leuzemiak, linfomak...—. Ikerketa klinikoaren eta oinarrizko ikerketaren artean «lankidetza txikia» ere ikusi dute: «Argitalpenen eta saiakuntza klinikoen artean harreman gutxi dago».