Laura Mintegi EH Bilduko kideak «zail» ikusten du koalizioaren eta EAJren arteko akordioa, eta jeltzaleek bakarrik gobernatuko dutela uste du. Mintegik dio EAJk joan den astean alderdiei aurkeztutako proposamena «hasiera ona» dela, baina esan du jeltzaleen proposamenak hutsune nabarmenak dituela. Efe berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean, Mintegik azaldu du bizikidetzaren eta estatus politikoaren etorkizunaren inguruan EAJren proposamenak «bide onean» doazela, baina adierazi du eredua ekonomikoa dela-eta «zailagoa» izango dela gobernabide akordio bat lortzea. «Zelofana polita da, eta paketea ondo eginda dago; baina, irekitzen hasita, dena ez da hain polita», nabarmendu du EH Bilduko kideak, EAJk ekonomia eta zerga alorrean egindako proposamenen harira.
Mintegiren ustez, «kolore bakarreko» gobernua osatzea da «aukerarik errealistena», gaien arabera puntuz puntuko akordioak lortuta. «Haiek erabaki beharko dute, baina hori da beste alderdiek hartzen diogun susmoa», gaineratu du EH Bilduko kideak.
Iñigo Urkullu lehendakarigaiaren adierazpenei erreparatuz, EAJk ez du baztertu Jaurlaritza osatzeko aukerarik, baina «indartsu» sentitzen da bakarrik gobernatzeko. Hala azaldu du Andoni Ortuzar EAJko BBBko presidenteak. «Ez dugu baztertu Jaurlaritza osatzeko aukerarik, baina ez gara bakarrik gobernatzeko beldur. Ideia eta indar nahikoa dugu», azaldu du Radio Euskadin. Joan den astean egindako lehen bilera sortaren harira, beste alderdiei helarazitako proposamenak erantzun ona jasotzen badu, bigarren bilera sorta «tekniko» bat egitea aurreikusten du EAJk, Ortuzarrek azaldu duenez. «Badirudi Euskadin giro politiko berri bat dagoela, eta hori aprobetxatu nahi dugu», nabarmendu du. Era berean, berretsi du Jaurlaritza berria ahalik eta arinen jarri nahi dutela martxan. Gobernu berriak izan behar dituen lehentasunei buruz galdetuta, EAJko buruzagiak esan du «ekonomia, krisia eta enplegua» direla jeltzaleen erronka nagusiak. Horrekin batera, eta gobernu formula gorabehera, Ortuzarrek berretsi du beste alderdiekin akordioak lortzeko asmoa dutela estatus politiko berri bat lortzeko helburuarekin.
BBBko buruaren arabera, baina, PPk «kabestruak» kendu beharko lituzke, eta autogobernuan aurrera egiteko euskal gizarteak egindako «oihua» entzun beharko luke. Ortuzarren ustez, urriaren 21eko hauteskundeek agerian utzi dute egungo egoerarekin eroso ez dagoen gehiengo bat dagoela, eta gehiengo horrek autogobernu handiagoa nahi duela. Horren harira, Ortuzarrek argitu du EAJ ez dagoela Kataluniara edo Eskoziara begira. «Hauteskundeen emaitzetara begira gaude».
Buruzagi jeltzalearen adierazpenei erantzuteko, Anton Danborenea PPren bozeramaileak esan du EAJk ez balu ekonomia lehenetsiko kaleko «oihuei» entzungor egingo liekeela.
Mintegik «bide onean» ikusten du EAJ, baina akordioa zaila dela dio
Esan du alde nabarmenak daudela EAJren eta EH Bilduren eredu ekonomikoetan; hala ere, uste du naziogintzan elkar egin dezaketelaOrtuzarrek dio EAJk «indartsu» ikusten duela bere burua bakarrik gobernatzeko

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu