Donostiako Miramongo parke teknologikoan eta Igaran etxeak egitea proposatu du EH Bilduk

Koalizio subiranistaren iritziz, interesgarria litzateke jarduera ekonomikoak bizitokietara eramatea, eta etxebizitzak eraikitzea enpresa guneetan edo gune teknologikoetan. Kutxa Espazioa horretarako baliatzea nahi dute.

Garbiñe Alkiza, Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran zinegotziak, gaur, Kutxa Espazioaren parean. EH BILDU
Garbiñe Alkiza, Juan Karlos Izagirre eta Ricardo Burutaran zinegotziak, gaur, Kutxa Espazioaren parean. EH BILDU
Paulo Ostolaza.
2026ko martxoaren 11
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxebizitzak parke teknologikoetan eta jarduera ekonomikoak bizitokietan. Auzoen erabilera mistoa Donostiarako aukera bikaina litzatekeela adierazi du gaur EH Bilduk. «Beste hiri askotan errealitate bat da dagoeneko, eta emaitza positiboak eta interesgarriak ematen ari da», esan du Juan Karlos Izagirre koalizioaren Donostiako Udaleko bozeramaileak.

Agerraldia Miramongo Kutxa Espazioaren parean egin dute EH Bilduko kideek. Izan ere, Miramongo parke teknologikoan eta Igarako enpresa poloan jarri dute begirada, bi toki horietan erabilera mistoa sustatzeko «benetako aukerak» daudela uste baitute. Etxebizitza gehiago eraikitzearen alde agertu dira, baina, horretarako, hiriak «barrurantz» hazi beharko lukeela iritzi diote, «lurzoru gehiago okupatu beharrik gabe eta degradatutako eremuek duten potentziala aprobetxatuz».

Enpresak dauden guneetan eraikitzeak abantaila ugari dituela adierazi du Izagirrek, «operazioaren kostuak merkatzen dituztenak, gainera»: «Beharrezkoak diren oinarrizko azpiegitura eta zerbitzu asko jada existitzen dira, hala nola espaloiak, argiztapena edo kanalizazioak, eta lehendik halako lekuetan ezarrita dagoen garraio publikoa. Eta, ingurumenaren ikuspegitik, gainera, jasangarriagoa da, lurzoru gehiago ez okupatuta berdeguneak errespetatzen direlako».

Arazo nagusia

Kutxa Espazioa bera etxebizitzak egiteko baliatu daitekeelakoan daude: «Jakina da lekuz aldatuko dutela, eta, hain zuzen ere, adibide ona da eskatzen dugun lankidetza aldarrikatzeko».

EH Bilduren iritziz, «beste etxebizitza politika batzuk beharrezkoak dira donostiarren arazo nagusiari erantzuna emateko». Duela hiru aste aurkeztu zuten hiri horretarako etxebizitza arloko ekintza plana, eta han jasotako ideietako bat da gaur hizpide izan dutena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA