Hauteskundeak

Miren Gorrotxategi da Ahal Dugu-ren lehendakarigai izateko bigarren hautagaia

Espainiako Kongresuko diputatu eta senatari izan da Gorrotxategi. Izatez, EHUko zuzenbide irakaslea da.

Miren Gorrotxategi, bere hautagaitzaren aurkezpenean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2020ko otsailaren 5a
14:05
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakarigai izateko bigarren hautagaia aurkeztu du Ahal Dugu-k, Bilbon. Miren Gorrotxategi izango da Rosa Martinez sektore ofizialeko hautagaiaren aurkaria; EHUko zuzenbide irakaslea da ogibidez, eta alderdiko kide sorreratik. Juantxo Lopez Uralde, Pilar Garrido eta Roberto Uriarte Kongresuko diputatuek babestuta agertu da, eta Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiaren sostengua ere baduela adierazi du. Gorrotxategik hautagaitza «integratzaile eta bateratzaile» bat aurkeztu du, Zubiak lelopean: «Zubi lana egiteko indar bat izan behar du Ahal Dugu-k, etxe barruan zein kanpoan».

Eskubide galeraren aurrean, «justizia soziala» jarri du helburutzat Gorrotxategik, «mugimendu feministak eta ekologistak erakutsitako bidean». Proiektu politikoaren inguruko xehetasunik ez du eman oraindik, baina nabarmendu du Espainiako Gorteetan izandako esperientzia duela oinarri. Izan ere, senatari izan zen 2016 eta 2019 artean —ganbera horretako presidente izateko Unidas Podemosen hautagaia izan zen—. Iazko maiatzetik irailera bitartean, Espainiako Kongresuko diputatua ere izan zen. Aurretik, 2017an, Ahal Dugu-ren idazkaritza nagusirako hautagaitza aurkeztu zuen, baina Lander Martinezek eskuratu zuen kargua.

Ahal Dugu-ko hauteskunde primarioen atarian, Gorrotxategik esan du prest dagoela Rosa Martinezen hautagaitzarekin hitz egiteko eta negoziatzeko, eta ez du baztertu prozesu horren ondorioz zerrenda bakarra eratzea, baina esan du beste hautagaitzaren bat aurkez daitekeela oraindik. Era berean, azaldu du bere burua aurkeztu baino lehen alderdi barruko «sentsibilitate guztiekin» hitz egin duela, baina orain Lander Martinez idazkari nagusiari dagokiola berarekin harremanetan jartzea bat egite aldera. Horri buruz, aitortu du ez duela gustuko izan idazkari nagusiaren jarduna: «Akats bat izan da ez planteatzea batasuneko hautagaitza bat».

Ostiralean amaituko da Ahal Dugu-ren barruan hautagaitzak aurkezteko epea. Otsailaren 23tik martxoaren 1era egingo dute kanpaina ofiziala, eta orduan izango da bozkatzeko aukera; martxoaren 4an izendatuko dute lehendakarigaia. Halere, Iñigo Urkullu lehendakaria Eusko Legebiltzarrerako bozak aurreratzea aztertzen ari dela-eta, Gorrotxategik ez du baztertu data horiek moldatzea, barne prozesua arintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.