Mobilizazioak eta gutxieneko zerbitzuak

Grebaren aldeko muralak Iruñeko Amaiur Ikastolan. Zerbitzu minimoak ezarri dituzte sare publikoko ikastetxe guztietan Nafarroan. ION ORZAIZ
jon ordonez garmendia
2018ko martxoaren 8a
07:25
Entzun

Eusko Jaurlaritzak ez du bat egin greba deialdiarekin, eta Cristina Uriartek AHTaren inguruko agerraldi garrantzitsu bat emango du gaur. EAJk ere ez du bat egingo, nahiz eta helburuekin ados dagoela esan. Hala ere bere kargudun guztiak hiriburuetan egingo diren bilkuretan parte hartzera deitu ditu. PPk ere ez du bat egin grebarekin, baina 13:30ean Eusko Legebiltzarraren aurrean bilduko da. EH Bildu, Ahal Dugu eta PSEko emakume guztiek bat egingo dute lan uztearekin, eta ez dira gaur Eusko Legebiltzarrean egingo den osoko bilkurara joango.

Nafarroako Parlamentuak 11:00etan egingo du bilkura bat legebiltzarraren aurrean grebari babesa adierazteko. Gainera, amantal bat zintzilikatuko dute. Nafarroako Gobernuak bat egin du greba feministarekin eta Uxue Barkos lehendakariak eta sailburuek "gutxieneko" lanak egingo dituzte. Iruñeko Udalak ere bat egin du gaurko deitutako mobilizazioekin. 10:30ean bost minutuko bilkura batera deitu dute udaletxearen aurrean.

Goizeko lehen orduan pikete informatibo bat abiatu da Iruñean. 12:00etan Sarasate pasealekuan egingo du mugimendu feministak goizeko ekitaldi nagusia. Iluntzean, berriz, 20:00etan manifestazioa egingo dute Gaztelu plazatik abiatuta. Bilbon, Donostian eta Gasteizen ere 20:00etan egingo dira manifestazio nagusiak. Baionan, berriz, 18:00etan. Eguerdian eserialdiak egingo dituzte hiriburuetan.

Nafarroako Gobernuak gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu administrazioan eta bere beste erakundeetan. Larrialdi zerbitzuak %100ean ariko dira. Administrazioan zerbitzu minimoek herritarrei egin beharreko harrera bermatzera iritsiko dira. Garraioetan ere 06:30etatik 09:30era, 13:00etatik 15:30era eta 17:00etatik 20:30era %60koak izango dira zerbitzu minimoak eta gainontzeko orduetan %40koak.

Eusko Jaurlaritzak %30ko zerbitzu minimoak ezarri ditu garraioan (autobusak, tranbiak, funikularrak eta itsas garraioa). Autobideetako ordainlekuetan 06:30etatik 09:30etara eta 17:30etatik 20:30etara %30ekoak izango dira gutxieneko zerbitzuak eta %15ekoa gainontzeko orduetan. Gasolindegietan %20koa izango da gutxieneko zerbitzua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan osasungintza publikoan ospitaleetan jaiegun batean bezala ariko dira lanean, larrialdietan, sukaldean, janari banaketan eta garbiketan zerbitzu horiek bermatzeko adinakoak izango dira gutxieneko zerbitzuak eta lehen arretan larunbatetan ematen duten zerbitzua emango dute. Zahar etxeetan %50ekoa izango da gutxieneko zerbitzuak, eta menpekotasun handia duten pertsonak dituzten egoitzetan %70ekoa ere izango da. Eguneko zentroetan %50ekoak izango dira.

Hezkuntzan unibertsitatetik kanpoko sarean zuzendaritzako kide batek eta beste pertsona batek osatuko dituzte zerbitzu minimoak, goizean eta arratsaldean. Asko dira gaur ateak itxiko dituzte ikastetxeak. Haurreskolak Partzuergoan eta udal haurreskoletan ere zuzendaritzako kide batek eta beste pertsona batek egon beharko dute gutxieneko zerbitzua eskaintzeko.

Hainbat langile batzordek adierazu dute aurretik bat egingo dutela greba feminsitarekin: Petronor, Michelin, Iberdrola, Metro Bilbao, Correos, Euskotren, Gurutzekota Ospitala, Txagorritxukoa, Donostia Ospitala, Lanalden, Cusumano kontserbak, Garbialdi garbiketak, Securitas, Delta Seguridad, Adif eta Renfe, beste batzuen artean. Confebaskek "errespetua" adierazi dio grebari, eta esan du aldarrikapenekin bat egiten duen hein handi batean, aldarrikatzeko moduarekin ados egon ez arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.