Mondragon Unibertsitateko Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua ikasten dabilen mutil batek ikaskidea zuen neska bati egindako sexu erasoaren berri eman zuten atzo Bilboko Gazte Sare Feministak eta Ikamak. Are, «erasotzaileak babestea» egotzi zieten hezkuntza erakunde hartako arduradunei. Mondragon Unibertsitateak, ordea, ukatu egin du biktima ez zuela babestu. Gaur BERRIAri ziurtatu diotenez, «kasuaren berri izan bezain laster» indarkeria matxistaren kontrako protokoloa aktibatu zuten, eta «kabinete berezi baten esku» utzi zuten kasuaren kudeaketa.
Erlazionatuta
Erran dutenez, «hasiera-hasieratik, unibertsitatearen helburua erasoa jasandako neska babestea izan zen», eta «baliabide guztiak» jarri zituzten haren esku. Kasua Estatuko Fiskaltzaren esku utzi zuten.
Nabarmendu dute, gainera, «unibertsitateak indarkeria matxista oro arbuiatzen duela, eta biktima ororen babesa duela beti lehentasun».
Bilboko Gazte Sare Feministak eta Ikamak ohar bateratua atera zuten atzo Mondragon Unibertsitateko Leinn programako (Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza gradua) kasu horren berri emateko. Bertan esplikatu dutenez, gradu hori aitzinera eramateko, ikasleek unibertsitateak antolatutako bidaia guztietan parte hartu behar dute, eta horietan zenbait lan egin behar dituzte ikaskideekin.
Bada, bidaia horietako batean neskak erasoaren berri eman zien irakasleei eta unibertsitateari. Eta, hori jakinda, arduradunek bidaiatik alde egitea proposatu zioten. Erasoa jasan zuenak, ordea, bidaian jarraitu nahi zuen. «Bilbora itzultzera behartu zuten», esan zuten Ikamak eta Sare Feministak. Bizkaiko hiriburura bueltan biktimaren testigantza «etengabe zalantzan» jarri izana ere egotzi zioten Mondragon Unibertsitateari.
«Hori nahikoa ez, eta erasotzaileak prozesu judizial bat abiatu zuen neskaren aurka, difamazioaren argudiopean. Aldi berean, unibertsitateko irakasleen gehiengoak aliantzak sortu zituen erasotzailearekin», gehitu zuten.