Memoria historikoa

Montejurrako gertaerak berriro ekarri ditu gogora 40. urteurrenak

Astelehenean bete dira 40 urte Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituztela. Lizarran hainbat ekitaldi antolatu dituzte gertaera horiek gogoratzeko.

Ezker-eskuin, aurpegia zirkulu batez, Augusto Cauchi eta Steffano dlla Chiaie, Internazional Faxistako buruzagia, Jurramendiko erasoetan. Argazkiaren eskuin-ertzean, 'gabardina zuriko gizona' deiturikoa, pistola ateratzeko unean. EFE
jon ordonez garmendia
2016ko maiatzaren 9a
12:51
Entzun

Karlistek urtero ospatzen zuten Montegurrako igoera, 1873. urtean Hirugarren Karlistadan liberalen aurka han lortu zuten garaipen handi bat gogoratzeko. 1976. urtean, ordea, ospatzeko ezer ere ez eta beste bataila bat topatu zuten Estellerriko mendi ezagun horren magalera hurbildu zirenak. Espainiako, Italiako eta Argentinako eskuin muturreko hainbat faxistek tiroka hartu zituzten Carlos Hugo Alderdi Karlistako jarraitzaileak, eta mugimendu karlistarenak egin zuen. Ricardo Garcia Pellejero eta Aniano Jimenez Santos hil zituzten, eta beste hainbat karlista zauritu zituzten. Karlistak bakarrik ez, Montejurrako maiatzeko gurutzeko igoeran frankismoaren kontrako protesta gune bilakatua zelako. Gertaera horiez geroztik, maiatzeko ospakizuna gainbeheran hasi zen, eta gaur egun gutxi batzuk baino ez dira urtero igotzen diren karlistak. Oraindik ere urtero gogoratzen dituzte Garcia Pellejero eta Jimenez Santos Montejurran. "Han goian jarri zuten metraileta 1976an ultraeskuindarrek", diote oraindik, eta harkaitzen atzean nola ezkutatzen ziren kontatzen dute atzo gertatu izan balitz bezala.

40 urte pasa dira, baina gertaera odoltsu horiek ez dituzte ahaztu oraindik Nafarroan. Geroa Baik gertaera horiek salatzeko adierazpen bat eraman du Nafarroako Parlamentura, eta Lizarran hainbat ekitaldi antolatu dituzte gertatutakoa oroitzeko. Ostiralean Montejurra 76. Claveles rojos para un adiós (Montejurra, krabelin gorriak agur baterako) dokumentala aurkeztu zuen Iratxe Perezek, eta Los Llanos aretoa bete egin zen estrainaldirako. "Trantsizioaren garai horretako biktimatzat aitortu nahi dituzte Ricardo [Garcia Pellejero] eta bere familia, eta gogoratu inork ez zuela krimen horiengatik ordaindu. Akordio lotsagarriak sinatu ziren, biktima deserosoak ziren", esan zuen Perezek aurkezpenean. Emanaldiaren inguruan omenaldi xume bat egin zioten Garcia Pellejerori. Larunbatean, berriz, Fraga Gobernazio Ministerioan. Terrorearen politika mahai ingurua antolatu zuen EKA Alderdi Karlistak.

Izan ere, 1976an, Carlos Arias Navarro Espainiako presidente zela, Manuel Fraga zen Gobernazio ministro eta Barne Aferetako lehendakariorde. "Kalera nirea da" esaldia ordukoa zuen PPren sortzaile izan zenak. Urte horretan martxoaren 3an lehenago Gasteizen hil zituzten sei langileen kasuan bezala, erantzukizun politikorik ez zitzaion eskatu, eta inor ez zuten epaitu Montejurrako hilketengatik. Gertaera haren ikerketa Ordena Publikoko Epaitegira eraman zen 1977an, baina ezin izan zuten Fraga akusatuen jarlekuan eseri. Venezuelan zegoen orduan Gobernazio ministroa, eta handik itzuli zenean "anaien arteko liskartzat" jo zuen Montejurrako sarraskia. Hilketa horiei, gainera, Amnistiaren Legea ezarri zitzaien 1977an, eta zigortutako bi lagunak errugabetu egin zituzten.

Urteurrena gogoratzeko Astelehenean eta ostegunean hitzaldi bat eta mahai inguru bat egingo dira Lizarran, EH Bilduk antolatuta. Ostegunean, Iñaki Martin Gasteizko lantegietako batzordeetako kidea, Josu Ibargutxi euskal preso ohia, Segoviako ihesean parte hartutakoa eta Frankismoko krimenen kontrako kereila aurkeztu duenetako bat, Patxi Urrutia Nafarroako langile mugimenduko ordezkaria eta Felix Prieto Lizarrako langile mugimenduko kidea mahai baten bueltan bilduko dira Montejurrako gertaerek trantsizioan izan zuten eragina aztertzeko. Kristina Berasain BERRIAko Mundua saileko arduradunak zuzenduko du mahai ingurua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.