«Ni ez nintzen Montejurran egon». Manuel Martorell (Elizondo, Nafarroa, 1953) soldaduska egiten ari zen 1976ko maiatzean. Nafarroako familia karlista nabarmenenetako batean hazi, 20 urte inguru zituela militantzia hura utzi, eta PSUC Kataluniako alderdi komunistako kide egin zen Bartzelonan kazetaritza egiten ari zela. Duela hiru urte inguru, Jose Luis Ruiz de Gordoa 1976an gobernadore zibila zenaren semeak aitaren agiri ofizial batzuk helarazi zizkion Alderdi Karlistari, eta «kazetari gisa» agiri haiek ikertzea proposatu zioten Martorelli. «Hamar egunez zehatz-mehatz irakurri nituen dokumentuak, eta gertaerei buruzko ikuspegia goitik behera aldatu zitzaidan». Berriki, Txalaparta argitaletxeak ikerketa lan horren emaitza kaleratu du: Carlistas contra Franco liburua (Karlistak Francoren aurka).
Ikerketa horretan bertsio ofiziala deseraiki behar izan duzu?
Gizarte osoak barneratu zuen trantsizio garaiko kontakizuna: Montejurrako gertakariak anaien arteko liskar bat izan zirela, nazioarteko eskuin muturreko kideek lotura zutela harekin, eta segurtasun indarrek pasiboki jokatu zutela. Dokumentuek ez diote hori. Nik ere onartu nuen bertsio hori, eta uste nuen Franco hil ondorengo Carlos Arias Navarroren gobernuak parte hartu zuela, baina ez nekien zenbateraino. Agiriak irakurrita zalantzan jarri dut trantsizio osoa.
Zer diote agiri horiek?
Montejurran gertatutakoa Arias Navarroren gobernuak pentsatu eta antolatu zuela.
50 urte geroago, zer ikuspegi nagusitu da?
Dokumentu hauek agertu izanak ez du oihartzun handirik izan. Gizartearen ikuspegia ez da aldatu. Nafarroako Gobernuak berak, funtsean, 1976ko bertsio frankista onartzen du oraindik ere.
Uste duzu horrekin zerikusia duela karlismoa ez ulertzeak?
Karlismoa ez da inoiz ulertu, sortu zenetik beretik da hala. Zorrotz ikertu duenak badaki fenomeno konplexua dela, ez dela egiazki joera asko dituen alderdi bat.
«Gizarteak barneratu egin zuen trantsizio garaiko kontakizuna: gertaerak anaien arteko liskar bat izan zirela»
1936ko gerran, erreketeek kolpe militarra babestu zuten eta jazarpenaren parte izan ziren. Uste duzu horrek ere eragina duela?
Harlauza hori altxatzea oso zaila da. Txalapartan, XIX. mendearen erdialdeko Radica buruzagi karlistari buruzko liburu bat idatzi nuen. Aurkezten dudan bakoitzean galdetzen didate gerra zibilaz, nahiz eta ia mende bat beranduagoko gertaera izan. Zoazen tokira zoazela, jazarpenaren gaia oso presente dago. Karlismoa ikusaraztea galarazten duen harresi bat da. Guztia orokortzen da.
Karlistei noiz piztu zitzaien Francok traizio egin zielako sentipena?
Beti egon da karlismo frankista bat. Gerra betean, Francoren Batzorde Militarrak eskuineko joerak [falangistak eta tradizionalistak] bateratzeko dekretua ezarri zuen, eta Nafarroako Batzorde Zentral Karlistak bat egin zuen harekin. Espainiako batzorde nazionalak, aldiz, ez zuen onartu. Behin gerra amaituta, traizio eta porrot sentipen bat sortu zen. Karlista gehienek ez zuten onartu dekretu hura, eta, Nafarroan, sektore hori gehiengoa zen. Karlismoa, frankismoa eta hiltzaileak lotzen dituen hirukian harrapatuta dauden historiagileei oso zaila zaie ulertzea karlismo antifrankista bat izan zela.
Baina noiz hartu zuen kutsu antifrankista hori?
Maiz esaten da frankismoaren amaieran izan zela, Francok tronua Juan Carlosi —eta ez Karlos Hugo buruzagi karlistari— eman zionean haserretu zirela. Ez da egia. Gerraosteko lehen urteetan hasi zen prozesua, eta apurka aldatuz joan zen. Diktaduraren amaieran, gehiengoa ziren, eta kanporatu egin zituzten sektore tradizionalistak eta erreakzionarioak.
Euskal Herrian zer indar zuen?
Batik bat Nafarroan. Indar garrantzitsua ziren. Nire aitak fitxategi bat zeukan gordeta, 2.000 txartel biltzen zituena: kide bakoitzaren izen-abizenekin, helbidearekin eta telefono zenbakiarekin. 300 herri ingurutakoak ziren.
Jose Luis Ruiz de Gordoa gobernadore zibilaren agirietan zer aurkitu zenuen?
Alderdi Karlistari Montejurrako bilkuraren gaineko kontrola kentzeko operazio bat egitea ez zen eskuin muturreko talde karlisten ideia izan. Gobernuaren ekinaldia izan zen. Gobernadore Zibilaren, Segurtasuneko Zuzendaritza Nagusiaren, Barne Politikako Zuzendaritza Nagusiaren eta Gobernazio Ministerioaren arteko gutun trukaketa bat da. Organo horiek guztiak Manuel Fraga ministroaren esanetara zeuden. Agirietan, gobernadore zibilak aitortzen du aurretik ere saiatu zirela horrelako operazio bat egiten, baina ez zegoela horretarako gai zen buruzagi tradizionalistarik. 1976an, aldiz, bai.
Zer aldatu zen haien ikuspegitik?
Egoera politikoa aldatu zen. Franco jada ez zegoen, eta Arias Navarrok, Fragak eta Juan Carlos I.a Espainiako erregeak erreforma prozesua abiatu nahi zuten. Horren barruan, sektore tradizionalistako erakunde eta alderdi batzuk sortu ziren.
«Ekintzaren pisua talde armatuen esku utzi zuten. Seced zerbitzu sekretuak errekrutatu zituen»
Erregimenak berak antolatu zuen mugimendu hori?
Bai, hori diote agiriek. Alderdi Karlistaren buruzagia Karlos Hugo zen, eta mugimendu tradizionalistak haren anaia Sixto aurkezten zuen alternatiba gisa. Bizkaiko buruzagi karlista baten oroitzapenetan agertzen denez, sektore horretako jendeak bultzatu zuen anaiaren kontra jartzera. Hura, aldi berean, Juan Carlosekin hizketan aritzen zen. Ruiz de Gordoaren agirietan agertzen denez, Montejurrakoa gertatu aurreko asteetan, mugimendu tradizionalistako buruak egunero mintzatu ohi ziren erregearekin.
Zeren beldur ziren?
Askotan egin dut galdera hori neure artean. Batetik, gobernadore zibilaren arabera, erregimenaren kontrako bilkurarik handiena zen Montejurrako elkarretaratzea, eta ez zen onargarria. Bestetik, monarkiari erronka botatzen ari ziren. Ruiz de Gordoa gobernadore zibila oso leiala zitzaion erregimen frankistari, baita Arias Navarroren eta Adolfo Suarezen gobernuei ere.
Paper horien arabera, zein zen planaren helburua?
Plan zibila eta poliziala elkarren osagarri ziren. Espainiako gobernadore zibilei agindu zieten operazioa antolatzeko, nahikoa polizia joango zirela ziurtatzeko, eta tradizionalisten segurtasuna bermatzeko terroristengandik babestuta. Hau da, tradizionalistei erraztasunak eman zizkieten joateko, eta poliziei, berriz, agindu zieten galarazteko etsaia Montejurrara joatea.
Tradizionalista gutxi bertaratu zen, baina. Porrot egin al zuten?
Bai. Espero zuten 6.000 lagun joatea, eta horretarako prestatu zituzten 2.000 txapel gorri, 2.000 garrote, eta makina bat besoko poliziek bereiz zitzaten. Ehun bat autobus antolatu ziren, baina, azkenean, guardia zibilen txostenetan ageri da seiehun bat pertsona iritsi zirela. Guztia gertatu ondoren, gobernadore zibilak esan zuen sektore tradizionalistak ez zuela erantzun eta Sixtoren aldekoak gaizki antolatuta zeudela.
Eta hor agertu ziren nazioarteko eskuin muturreko kideak. Nork ekarri zituen?
Ahuldade horretan, ekintzaren pisua talde armatuen esku utzi zuten. Seced [Carrero Blanco almiranteak sortutako] zerbitzu sekretuak errekrutatu zituen. Carlos Arias Navarro presidentearen esanetara zegoen Seced. Lehen ekintza Montejurran egin zuten, baina gero beste batzuetan parte hartu zuten. Haria GALeraino iristen da.
Trantsizioko beste gertakari batzuen modura, zigortu gabe geratu zen.
Bai, eta kasu honetan larriagoa da hori. Arias Navarroren gobernuko kideek Gasteizko sarraskian eta Montejurran parte hartu zuten. Amnistia legeari epemuga jartzean, ez zuten Francoren heriotza hartu erreferentzia gisa, baizik eta 1976ko amaiera. Erantzuleek euren burua amnistiatu zuten, eta egina zuten delitua ezabatu. Amnistia lotsagabekeria juridiko bat da.
Zer ondorio izan zituen?
Suntsitu egin zuen Alderdi Karlistaren zuzendaritzak esfortzu handiz eraikitako irudi aurrerakoi eta demokratikoa.
Zer besterik dago jakiteko?
Gobernadore zibilaren dokumentu horiek ofizialak dira, baina pertsonalak. Hura ez zen izan operazioan parte hartu zuen bakarra. Gobernazio Ministerioa eta haren menpeko zuzendaritzak, Fraga Iribarne, zerbitzu sekretuak, Guardia Zibila, Polizia Armatua... Dokumentazio gehiago egon behar da. Printzipio etikoengatik, gobernu honek eta hura babesten duten alderdiek agiri horiek desklasifikatzea lortu beharko lukete, 50 urte geroago egiaren berri izan eta zer gertatu zen jakiteko.