Morvan: «Konfiantzazko eta errespetuzko harremana nuen Txetxekin»

Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta zen armagabetzearen garaian, eta zubi lana egin zuen Frantziako Gobernuarekin.

Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta. BERRIA
Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta. BERRIA
gurutze izagirre intxauspe
2024ko martxoaren 26a
17:00
Entzun

Eric Morvan Pirinio Atlantikoetako prefeta izan zen Bakegileen eta Frantziako Gobernuaren artean zubi lana egin zutenetako bat ETAren armagabetzea gerta zedin. Morvan lekuko gisa arituko da apirilaren 2an Parisen hasiko den epaiketan, eta Sud Ouest-en elkarrizketa egin diote. Morvanek gertukoa zuen orduko Barne ministro Bernard Cazeneuve, eta haren kabineteburuaren albokoa zen.

Morvanek elkarrizketan adierazi duenez, Bakegileak berarekin harremanetan jarri ziren aztertzeko prest ote ziren ETAren armak Frantziako Gobernuak har zitzan. Baionako lehen bilera hartara bakarrik joan zela esan du: «Oso bakarrik egon nintzen luzaz». Azaldu duenez, Frantziako Gobernuko gertuko iturriei Bakegileen proposamena helarazi zienean, inork ez zuen esku hartu nahi auzi horretan, hasieran behintzat. Zuzenbidearen ikuspegitik, zalantza asko pizten zizkion ekintza hark, baina berak aurrera egitea erabaki zuen, proposamena interesgarria zelakoan.

Tema horrengatik, gobernuak aurrera egiteko esan zion, eta jakinaren gainean izateko. Bakegileek bermeak nahi zituzten, inor ez zezaten auzipetu armak entregatzeagatik. Ebazteko auzirik zailena hori izan zen, Morvanek dioenez, botere judizialari eskatu behar baitzion «ez ikusi egiteko». Botere judiziala jakinaren gainean jarri zuen, eta apirilaren 8an ez zuten inor atxilotu. Frantziak prozesuan parte har zezan, funtsezkoa izan zen Jean Noel Etxeberri Txetx-ekin eta Mixel Berhokoirigoinekin izan zuen konfiantza. «Konfiantzako eta errespetuzko hartu-emana izan nuen Etxeberrirekin. Errespetua handia nion Mixel Berhokoirigoini ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.