Goizaren errepasoa

Mota guztietako neurriak positiboen gorakadari erantzuteko

Pedro Sanchez Espainiako presidentea, gaur goizeko agerraldian, Madrilen. MARISCAL / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko martxoaren 18a
14:58
Entzun

Aurrera jarraitzen du koronabirusak eragindako krisiari aurre egiteko borrokak. Herritar asko eta asko etxean sartuta dauden bitartean, erakundeak etengabe ari dira neurriak eta laguntzak iragartzen.

Gaur Espainiako Kongresuan hasi da eguna, goizeko bederatzietan, hemizikloan erdi hutsik zegoela. Bertan, Pedro Sanchez presidenteak iragarri du «berreraikitze sozial eta ekonomikoko aurrekontuen» proiektu bat aurkeztuko duela Espainiako Gobernuak: «Aurrekontu estrasozialak izan behar dute. Norabideak gure ongizate estatua izan behar du, herritarrei segurtasuna eta babesa emateko». Madrilek 200.000 milioi euroko kostua duten neurriak hartuko ditu, koronabirusaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko. Espainian, bestalde, Felipe VI.a erregeak telebista agerraldi bat egingo du gaur, asteazkena, 21:00etan.

Euskal Herrira etorrita, Nafarroako Gobernuak iragarri du 100 milioi euroko funts bat sortuko duela, «enplegu, familia, osasun eta hezkuntza arloetan likidezia bermatzeko». Jaurlaritzak antzeko neurri bat iragarri zuen atzo.

Koronabirusak kutsatutakoen inguruko datu berriak ere izan dituzte hizpide erakundeek. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak azaldu dutenez, kutsatutako 1.359 pertsona zenbatu dituzte jada: 545 Araban, 297 Bizkaian, 131 Gipuzkoan, eta 386 Nafarroan. Koronabirusa zuten beste bost pertsona ere hil dira; Euskal Herrian guztira 44 dira hilak, guztiak adinekoak eta lehendik patologiak zituztenak.

«Ez dugu goia jo»

Kasu berriek inoiz baino gehiago egin dute gora. «Oraindik ez dugu goia jo, eta egoerak larria da oraindik ere», ohartarazi du Miguel Sanchezek, Jaurlaritzako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak.

Mundu osoko datuei dagokienez ere, kasuak etengabe ari dira gora egiten. 198.179 koronabirus kasu baieztatu dira, eta 7.954 lagun hil dira hark eragindako COVID-19 eritasunaren ondorioz.

Salbuespen neurriak

Gobernuek herritarrei zuzenean eragingo dieten neurri batzuk ere iragarri dituzte; adibidez, ibilgailuaren azterketa teknikoaren eta nortasun agiriaren iraungitze datei dagozkienak. Eusko Jaurlaritzak esan du ibilgailuen azterketa  egiteko zentroek ateak itxiko dituztela, baina Ertzaintzak ez diela isunik jarriko txartela iraungita gidatzen duten gidariei. Nortasun agiriari dagokionez, berriz, Espainiako Poliziak jakinarazi du nortasun agiria aurten iraungiko zaien herritarrei luzatu egingo dietela epea, 2021eko martxoaren 13ra arte.

Sindikatuek neurri gehiago eskatu dituzte. LAB sindikatuko Garbiñe Aranburuk agerraldi bat egin du «jarduera ekonomikoari eusteko politika» salatzeko, eta «beharrezkoak ez diren zerbitzu guztiak eteteko» eskatu du. Nafarroan, ELA sindikatuak «berehalako neurriak» eskatu dizkio Gobernuari zentro soziosanitarioetako eta zahar etxeetako langileen eta erabiltzaileen «osasuna babesteko», horrelako zentroetan hainbat COVID-19 kasu baieztatu ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.