Atera bidera orain presoak lelopean, nazio manifestazio bat deituta dago Bilbon urtarrilaren 11rako, azken urteetan egin den moduan. Hala ere, Sarek ez du hitzordu horretara mugatu nahi salbuespenezko espetxe politika amaitzeko aldarrikapena. Hala, Bilboko manifestazioari begira «motorrak berotzeko asmoz», Eguberrietako oporretan lau elkarretaratze egingo dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan.
Atzo Iruñean egindako prentsaurrekoan eman zuten horren berri. Abenduaren 21ean Iruñean eta Gasteizen egingo dira kontzentrazioak; abenduaren 27an, Bilbon; eta, abenduaren 28an, Donostian, azkenik.
Sareren arabera, Eguberria «garai garrantzitsua» da, lagunekin eta sendiarekin batzeko balio duten egun horietan are handiago egiten baita presoen hutsunea, eta are gordinagoa egungo espetxe politikaren ondorioak. Hartara, gogora ekarri dute 142 euskal preso etxetik 600 kilometro eta 1.110 kilometro arteko eremuan daudela «oraindik ere»; beste 42 preso, berriz, 600 kilometro eta 400 kilometro arteko eremuan daude. Guztiak ere, urrun.
Aurten, bereziki erreparatu nahi diote emakumeen eta haur motxiladunen egoerari. Espainiako kartzeletan egun diren 25 emakumeetatik 12 bakartuta daude, kiderik gabe, eta horietatik bost seme-alabekin daude espetxean: lau Picassenten, eta bat, Beatriz Etxeberria, Aranjuezen. Horien artean dago Xua haurraren kasua. «Urtarrilaren 19an hiru urte beteko ditu, eta, ondorioz, aita eta amaren ondotik bereziko dute». Beren modura, guztira 104 haur motxiladun daude, ama edo aita (edo biak) espetxean dituztenak.
Gaixotasun larria duten presoen egoera nabarmendu nahi izan du Sarek. Egun, 21 presok dituzte osasun arazo larriak, eta, ondorioz, «21 familia daude, bihotza uzkurtuta, ospakizunaren erdian urrun duten senidea ondo egongo ote den galdezka euren buruei».
Errealitate hori ikusirik, egungo espetxe politika «behin betiko» bertan behera uzteko unea dela deritzote. «Datozen urteetan espainiar estatuaren nondik norakoak zuzendu dituen gobernu berria osatze lanetan ari den honetan, behar-beharrezkoa da» euskal gizartearen gehiengoak babesten dituen aldarri horiek kalean era aktiboan erakustea. Sareren arabera, «elkarbizitzarako eta bakerako beharrezkoa da» aldaketak egitea.