Imajina dezagun une batez nafar jendarteak dituen baliabideak kolore, neurri, forma eta ehundura ezberdinetako arropaz beteriko armairua direla. Demagun ere, arropa hauekin guztiekin familia handi bat jantzi behar dugula. Zentzuzkoa da pentsatzea dauden oihal ezberdinen artean bakoitzaren tamainari dagokion arropa aurkitzen saiatuko ginatekeela, eta batentzako handiegia edo txikiegia den arropa aurkituz gero armairuan utziko genukeela neurriko norbaiti egokitu arte.
Familia honetan Hezkuntza Publikoa deituriko neskatxa bat bizi zen. Egun batean, neskatxo horri soineko eta jaka bat jarri genizkion. Konponketa batzuk egin ahal zitzaizkion, baina hala ere nahiko ongi geratzen zitzaion jantzia. Denborarekin, neskatxa handituz joan zen, eta arropaz berriro aldatzeko momentua ailegatu zen. Oso argi genuen bazeudela familia horretan arropa handiegiak zeramatzaten pertsonak eta ondorioz armairua berriro berrikusi eta bakoitzari zegokion arropa egokitu beharra zegoela.
Momentu horretan bi jostun agertu ziren artaziak esku artean zituztelarik. UPN eta PSN deitzen ziren. Bien artean erabaki zuten beraiei zegokiela familia hori janztea, eta inor kontuan izan gabe lanean jarri ziren guraizeak eskutan zituztelarik. Erotuta bezala zeuden. Familiako kideen tamaina eta neurria aztertu eta horren arabera modu logiko, bidezko eta justu batez jantziak banatu beharrean, ulertezinak diren gauzak egiten hasi ziren. Abiadura Handiko Trena (izen hau zeukan lehengusu batek) oso txikia zen, baina, hala ere, armairuko jantzi guztien artean handi eta politenetariko bat eman zioten. Berdina gertatu zen Los Arcoseko Zirkuitua eta Segurtasun Hiriarekin, aurrekoaren anaiekin alegia. Gainera, diru eta arropa hoberenak oparitu zizkieten atsegin zituzten familiako beste hainbat kideri. Gertakizun horiek jostun txapuzeroek egindako guztien hasiera besterik ez zen izan. Hezkuntza Publikoa kaltetuenetarikoa izan zen. Agerikoa zenean zituen jantziak oso txikiak geratu zitzaizkiola, handiago batzuk bilatu beharrean, jostunek egin zuten lehenengo gauza Baliabideak markako jaka kentzea izan zen. Baina hori hasiera besterik ez zen izan. Ondoren, Landa Eskolak deituriko soinekoaren parpailak moztu zizkioten, Irakasleak markako botoiak kendu zizkioten ostean, Dirulaguntzez josiriko maukak ere moztu zizkioten, eta, hori guztia egiten zuten bitartean, hurrengoa oihukatzen zioten Hezkuntza Publikoari: «Gerrikoa estutu ezazu!». Berak Abiadura Handiko Trena deituriko lehengusuari begiratu eta pentsatu zuen: bera da gerrikoa behar duena, ez nik! Beste aldera begiratu, eta bere arreba Osasungintzarekin gauza bera egiteko asmoa zutela konturatu zen. Artazidun jostunak ez daude burutik sano! Hobe moztu beharrean josten ikasiko balute!
Imajina dezakezue jostunek pertsona guztiak janztearen lana bukatu zutenean egindako familia argazkia. Ikusteko modukoa! Edozein umek bere panpina bilduma askoz hobeto jantziko luke zalantzarik gabe.
Baina istorioa ez da hemen bukatzen, Hezkuntza Publikoa eta Osasungintza ahizpak, euren lehengusina eta lagunekin, zeintzuen artean Euskara, Kultura, UPNA eta Gizarte Zerbitzuak dauden, ez baitaude prest euren arropa murritz eta oihal txikiekin jantzirik jarraitzeko beste batzuek arropa soberan duten bitartean. Ezinbestekoa da euren artean elkartu eta eskura dituzten bitarteko guztiak martxan jartzea (grebak, mobilizazioak, aldarrikapenak…) jantzigintzan matrikulatzea hobe luketen jostun horiei behingoz dietak eta artaziak eskuetatik kentzeko. Bide horretan, gaur hezkuntza mailako greban parte hartzera eta larunbatean, hilaren 29an, Burlatako Kultur Etxean egingo den Herri Asanbladara deitu dute.
Iritzia
Moztu beharrean josten ikasi beharko lukete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu