Mugikortasuna herritarren eskubide bihurtzeko legea onartu du Espainiako Kongresuak

Podemosek kontra bozkatzeko mehatxu egin arren, azkenean abstenitu egin da, eta legeak aurrera egin du. Ikerketak egingo dituzte hegaldi motzak murrizteko, baina neurri zehatzik gabe.

Bizkaibus bat artxiboko irudi batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bizkaibus bat artxiboko irudi batean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urriaren 8a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Diputatuen Kongresuak Mugikortasun Jasangarrirako legea onartu du, eta aurrerantzean herritarrek mugikortasunerako eskubidea izango dute aitortua. Neurriak zuzeneko eragina izango du Hego Euskal Herrian ere. Legearen helburu nagusia mugikortasuna deskarbonizatzea eta digitalizatzea da, baita eskubide horretarako sarbidea erraztea ere. Gauzak hala, garraio publikoko hiri sistemak finantzatuko ditu Espainiako Gobernuak, enpresa handiek mugikortasun jasangarria hobetzeko planak egin beharko dituzte, eta hegaldi motzak murrizteko tresnak martxan jarriko ditu Madrilek, betiere bidaia hori trenez egiteko aukera badago.

Ez zegoen garbi legea onartuko zen edo ez, Podemos alderdia baitzen legea onartu ahal izateko giltza, eta kontra bozkatuko zuela esana zuen. Azkenean, ostera, Podemos abstenitu egin da, eta aurrera atera da legea, 174 boto alde eta 170 boto kontra izanda. Edonola ere, Podemosen abstentziorik gabe ere aurrera egingo zuen legeak. Izan ere, PPko diputatu Guillermo Mariscalek ezin zuen gaur Kongresuan egon, eta boto telematikoa eskatu zuen atzo, baina ez du lortu absentzia hori araudiak zehaztu moduan justifikatzea.

Podemosek aurka egiteko mehatxua egin dio Pedro Sanchezen gobernuari, eta azkenera arte ez du abstenitzea erabaki. Lege hori «galdutako aukera» gisa ikusi du, hainbat hutsune ikusi baitizkio. Izan ere, legeari baietz esateko «ezinbesteko» baldintza bat jarria zuen alderdi moreak: Bartzelonako aireportua ez handitzeko idatzizko konpromisoa. Valentziako portua ez handitzea ere eskatu zuen. Horri erantzunez, Sumarreko Alberto Ibañezek garbi esan du: «Legealdi honetan ez da ez Bartzelonako aireportua handituko, ez Valentziako portua zabalduko». Lege hori onartzea beharrezkoa du Madrilek Europako Batasuneko funtsetatik beste 10.000 milioi euro jaso ahal izateko. Eztabaidaren aurretik, hainbat elkarte ekologistak, sindikatuk eta bestelako eragile politikok legea onartzeko eskatu dute, beharrezkotzat jotzen baitute.

Azkenean, erdibideko konponbide bat aurkitu dute. Oscar Puente Garraio ministroak konpromiso bat plazaratu du adierazpen batean: informazio publikorako eta kontsultetarako prozesu bat ezarriko du Prateko proiekturako, eta arreta berezia jarriko dute prozesu horretan, erakundeen eta lurralde administrazioen parte hartzea eta gardentasuna sustatzeko. Podemosen ustez, prozesu luze horrek aireportua handitzeko proiektua 2031ra arte luzatzea ekarriko du; horren truke abstentzioa eman dio gobernuari.

EAJko diputatu Nerea Renteriak adierazi du legeak argi-itzalak dituela. Uste du aukera ona dela garraioaren eta mugikortasunaren eraldaketa bultzatzeko, baina nabarmendu du legeak ez duela kontuan hartzen autonomia erkidego batzuek eskumenak dituztela garraioan, eta emendakinak egin dizkiote legeari, «bereziki eskumenen aferari dagozkionak». Mikel Oterok ere, EH Bilduko diputatuak, uste du legea hankamotz geratu dela, «gaur egun beharrezkoak diren hainbat neurri etorkizunerako utzi direlako». «Gauza gehiegi geratu dira oraindik zehaztu gabe. Gure balantzea gazi-gozoa da, eta legea ez dator bat behar ekologikoekin», azaldu du. Hala ere, begi onez ikusi du mugikortasuna eskubide gisa zehaztea, enpresa handiak mugikortasun planak egitera behartzera, mugikortasun jasangarrirako funtsa sortzea eta abar, horregatik babestu dute.

Mugikortasuna, eskubide

Lege berriaren puntu garrantzitsuenetako bat laugarren artikuluak lantzen du, non herritarrei mugikortasun jasangarrirako eskubidea aitortzen zaien eta aipamen berezia egiten zaien mugikortasun arazoak dituzten pertsonei eta biztanleria galera pairatzen duten eskualdeei, aitortu egiten baitu eskubidea dutela haien beharrak aseak izateko. Espainiako toki batzuetan jada antzeko sistemak martxan badaude ere, Mugikortasun Jasangarriaren Sistema Orokorra sortuko da, administrazioen arteko koordinazioa errazteko eta garraio sistemen datuak monitorizatzeko.

Bestalde, mugikortasun jasangarriari ekarpena egiteko estatu funtsa sortuko da, eta garraio publikoko hiri sistemak finantzatuko ditu horrela Espainiako Gobernuak. Bestalde, udalerriak garraio modu ez-kutsagarriak sustatzeko beharra izango dute, hala nola oinez ibiltzea eta bizikleta. Hegazkin bidezko garraioari dagokionez, legearen arabera, Espainiako Garraio eta Mugikortasun Jasangarri Ministerioak ikertuko du hegaldi motzen kopurua nola gutxitu, baina ez dute neurri zehatzik onartu. Asmoa da trenez bi ordu eta erdian baino gutxiagoan egin daitezkeen ibiltarteetan hegaldiak murriztea.

Tarteko distantziak edo distantzia luzeak auto pribatu elektrikoen bidez egitea errazteko, auto elektrikoetarako kargalekuak sustatuko ditu Madrilek, bai arruntak, bai azkarrak. Bestalde, merkantzia garraio handiko errepideen trafikoa arintzeko, tren korridore komertzialak sustatuko ditu gobernuak, ahal den heinean kamioi bidez garraiatzen dena trenez garraiatzeko; aldaketa hori egiten dutenentzat hobariak egongo dira tren kanonetan. Autoen ingurumen etiketak ere berrituko dituzte legea indarrean sartu eta beranduenez urtebetera, teknologien aldaketaren erritmoan oinarrituta.

Gaueko trenak errekuperatzeko ikerketak egitera ere behartzen du legeak Espainiako Gobernua, baina neurri zehatzik xehatu gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.