Mugimendu abertzalearen inkesta eginen du Bagira prozesuak

Abertzale sentitzen den orori dei egin diote parte har dezan, ahalik eta argazki errealena lortzeko

Bagira prozesuko kideak, Biarritzen. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2023ko maiatzaren 3a
16:57
Entzun

Bigarren fasean sartu da Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalea birformulatu nahi duen Bagira prozesura. Inkesta zabal bat abiatuko dute ondoko hilabeteetan abertzaletasunaren diagnostikoa egiteko. Iritzi bilketa horren bidez gogoetari bide egin nahi diote, gaurko egoera aztertu eta etorkizunerako bideorria osatze aldera. Agerraldia egin dute Bagira-ko kideek Miarritzen (Lapurdi) galdetegiaren edukia eta helburuak azaltzeko. Berrogei bat galdera ditu inkestak: azken hamar urteetako bilakaera, abertzaletasunaren oinarriak, epe ertaineko helburuak eta helburu organizatiboak izanen ditu hizpide.

Aztiker enpresarekin landu dute inkesta, eta hark eskaini die azpiegitura teknikoa. Interneteko plataforma bat sortu dute inkestari erantzun ahal izateko. Email bat besterik ez da behar erregistratzeko, eta bakoitzak lotura pertsonalizatu bat eskuratuko du. Internetez osatzearekin moldatuko ez liratekeenentzat inkesta paperez betetzeko aukera ere egon liteke eskaera egin ezkero.

«Abertzale sentitzen den orori» irekia da inkesta, Anita Lopepe Bagira prozesuko kidearen hitzetan: «betiko abertzaleak, berriki hurbilduak, militanteak, sinpatizanteak...». Inkesta betetzerako orduan bakoitzaren perfila zehazteko galdetuko diete parte hartzaileei. «Helburua da belaunaldien eta lurraldeen araberako tendentziak ateratzea», esplikatu du Aztiker-eko Ekhi Zubiriak. Halaber, izan litezkeen hutsuneak ere identifikatu nahi dituzte horrela: adin tarte bat edo lurralde bat besteak baino gutxiago ordezkatua bada, horiengana hurbiltze indar handiago emanen dute. «Helburua da mugimendu abertzalearen argazki orokorra ateratzea, ahalik eta errealena», esplikatu du Lopepek.

Horregatik, ez diote epemuga zehatzik ezarri galdetegiari, ahal bezain bat erantzun jasotzea baita helburu nagusia. Hala ere, udazkenerako bukatutzat eman nahiko lukete ariketa, datuak aztertu eta ondoko fasera pasatzeko. Izan ere, 2024ko Aberri Egunarekin eman nahi diote amaiera Bagira prozesuari.

Abertzale XXI. mendean

Udazkenean abiatu zuten Bagira prozesua, mugimendu abertzaleari buruzko gogoeta partehartzaile bat bulzatzeko borondatearekin. Galdera bat mahaigaineratu zuten: zer da abertzale izatea XXI. mendean. Horri erantzun, eta mugimendua artikulatzea dira prozesuaren helburu nagusiak. Azken hilabeteetan transmisio historikoari eman diote garrantzia, eta azken hamarkadetako militante esanguratsu batzuen lekukotasunak zabaldu dituzte zenbait hitzalditan.

Apirilaren 8 eta 9an Aberri Egun berezia egin zuten Itsasun (Lapurdi), duela 60 urte Itsasuko Agiria aurkeztu zuten leku berean. Gaur egungo 60 bat kidek Izan ginen, bagira, izanen gira testua aurkeztu zuten orduan. Bagira-ko kideek adierazi dute hiru mila pertsona inguru bildu zirela Itsasuko bi egunetan. «Mugimendua egiteko» balio izan zuela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.