Mugimendu feminista eta Lumagorri elkarlanean arituko dira Gasteizko jaietan eraso matxistei eta LGTBIfobikoei aurre egiteko

Bi telefono zenbaki martxan jarriko dituzte eraso matxistak eta LGTBI kolektiboaren aurkakoak salatzeko, eta eguneko 24 orduetan izango dira aktibo. Jai giroan ere toki eman nahi diete «prebentzioari eta erreparazioari».

Gasteizko Mugimendu Feministaren eta Lumagorri elkartearen agerraldi bateratua, gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gasteizko Mugimendu Feministaren eta Lumagorri elkartearen agerraldi bateratua, gaur. MONIKA DEL VALLE / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2025eko uztailaren 31
12:24
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehenean hasiko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak, eta mugimendu feministak eta Lumagorri kolektiboak berriro ere aktibatuko dituzte festa giroan ohikoak izaten diren telefonoak indarkeria matxistari eta LGTBIfobikoei aurre egiteko. Azken urteetan egin bezala, jai giroan eta espazio publikoan izan ohi diren erasoak salatzeko bidea emango dute bi mugimenduek. Horretarako, bi telefono zenbaki eskura jarriko dituzte: mugimendu feministak 747-41 48 34 telefonoa jarriko du martxan, eta Lumagorri elkarteak, 633-30 96 53. Eguneko 24 orduetan aktibo izango dira zenbakiok.

Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak modu koordinatuan jardungo dute jaiguneetan gerta litezkeen erasoen aurka. Gainera, protokolo bat ondu dute erasoei aurre egiteko. Azken urteetako esperientzian eta hausnarketa kolektibo batean oinarrituta landu dute aurtengo protokoloa, eta, besteak beste, «prebentzioari eta erreparazioari» toki egin nahi diete.

«Sarritan, gizonek alboratu egiten dute erasoa egin duena, ez dutelako nahi harekin identifikatu, baina inguruak funtzio bat izan behar du erreparazioan eta laguntzan ere»

IZARO ARBEGasteizko Mugimendu Feminista

Protokoloak ez du soilik eraso bati erantzuteko balio izango; hori baino gehiago dela azaldu du Izaro Arbe mugimendu feministako kideak: «Iruditeria feminista bat eskaini behar du, jaiguneak espazio eroso bilakatzeko tresnak eskaini behar ditu, eta esperientziak erakutsi digu protokoloa existitzeak berak funtzio prebentiboa izan dezakeela». Izan ere, nahi dute eraso bat salatu edo horri aurre egiterakoan «komunitatearen babesa» ziurtatzeko tresna izatea protokoloa, «erantzun kolektiboa artikulatzeko baliabide eta tresnak» eskainiz.

Adierazi duenez, ez du mugimendu feministak soilik hartu behar protokoloarekiko konpromisoa, jaietan modu batean edo bestean parte hartzen duten guztien ardura baita bortxa matxistei aurre egitea, «ez soilik sexu disidenteena eta emakumeena». Bide horretan, «gizon zisheteroen» erantzukizuna nabarmendu dute, askotan erasotzaileak haien ingurukoak direlako eta lan «prebentiboa» egin dezaketelako. «Sarritan, gizonek alboratu egiten dute erasoa egin duena, ez dutelako nahi harekin identifikatu, baina inguruak funtzio bat izan behar du erreparazioan eta laguntzan ere».

Hainbat eragilerekin elkarlanean

Gasteizko jaietan, protokoloa hainbat gunetan jarriko dute martxan, kolektibo eta eragile ugarirekin elkarlanean: herri mugimenduekin batera txosnetan ezarriko dute, Geu elkartearekin elkarlanean Aihotz plazan, eta baita erdiguneko hainbat tabernatan ere. Espazio horiek protokoloak landu izana erakusten du eremu «feministak» direla, berme batzuk eskainiko dituztela ahalik eta «eremu seguruenak» izan daitezen, eta ziurtatuko dutela norbaitek eraso egin diotela sentituz gero «babes sare zabala» izango dela prest. Mugimendu feminista zabalik dago protokoloa baliatzeko prest egon daitekeen edozein eragilerekin elkarlanean aritzeko.

Mugimendu feministak martxan jarritako telefono zenbakia baliagarri izango da jaietan izan daitezkeen erasoei erantzuna emateko, biktimei laguntza eskaintzeko eta erasoei lotutako informazioa jasotzeko. Gainera, erasoak publikoki salatzeko deialdien berri izateko, sare sozialei adi egoteko eskatu dute.

«Inoiz baino garrantzitsuagoa da espazio publikoa okupatzea eta ikusaraztea, eta gureak ere diren festa lekuak berreskuratzea»

KLAUDIA UGARTELumagorri elkartea

Lumagorri elkarteak, berriz, Ikusguneko LGTBIfobiaren aurkako telefonoaren bidez ez ezik, salaketak Internet bidez egiteko aukera ere emango du. Sexu orientazioagatik, genero adierazpenagatik eta identitateagatik  irain, diskriminazio edota erasoren bat sufritu edo ikusi duen edonork erabil ditzake bide horiek salaketa egiteko.

Klaudia Ugarte Lumagorri elkarteko kideak gogora ekarri du urteroko txostenetan azaleratzen dela espazio publikoan eta gaueko aisialdian gertatzen direla LGTBI kolektiboaren aurkako eraso gehienak, eta askotan espazio horiek ez direla erosoak izaten pertsona horientzat. «Horregatik, inoiz baino garrantzitsuagoa da espazio publikoa okupatzea eta ikusaraztea, eta gureak ere badiren festa lekuak berreskuratzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.