Mugimendu feministak mobilizazio eguna du gaur ere, emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzeko

Atzo, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan deitu zuten protestetara, eta gaur ere mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute.

Mugimendu feministak atzo Iruñean egindako elkarretaratzea. AITOR KARASATORRE / FOKU
Mugimendu feministak atzo Iruñean egindako elkarretaratzea. AITOR KARASATORRE / FOKU
edurne begiristain
2025eko urriaren 11
12:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizatzeko deia egin du gaurko Palestinaren alde, eta, zehazki, emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzeko. Atzo arratsaldean egindako mobilizazioei segida emango diete gaur eguerdian eta arratsaldean Euskal Herriko hainbat txokotan. Mugimendu feministak Palestinaren aldeko aldarri feministak egitera deitu ditu herritarrak, atzo eta gaur etengabe egon dadin emakume palestinarren aldeko agerraldiren bat. Hain justu, atzo Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan antolatu zituzten ekinaldiak.

Euskal Herriko Mugimendu Feministako kideek jakinarazi dute emakume palestinarrekin harremanetan direla, eta gaur-gaurkoz Euskal Herrian lau ardura dauzkatela: «Emakume palestinarrak jasaten ari diren genozidioa salatzea, Palestinaren aldeko ekinaldi eta mobilizazio feministak antolatzea, erakundeei eta gobernuei presio egitea Israelera armak bidaltzeari uzteko, eta, azkenik, Israelen aldeko enpresa eta erakunde guztiei boikot egitea». 

Mugimendu feministako kideen esanetan, genozidioa «kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia da», eta, beraz, Israelen aurka eta Palestinaren alde lerratzea «askatasunaren» alde egitea ere bada, «sistema kapitalista zisheteropatriarkal arrazista eta kolonialistaren aurka, hain zuzen ere». 

Gogoratu dutenez, Euskal Herriak urteak daramatza Palestinari elkartasuna eta babesa adierazteko mobilizazioak antolatzen eta Israelgo «estatu sionistaren» aurkako boikotean aktiboki parte hartzeko dei egiten; nazioarteko boikot kanpainak, desinbertsio kanpainak… «Mugimendu feministako kideoi ere horietan parte hartzea dagokigu, eta bide honetan jarraitzeko dei egiten dugu. Euskal Herriko enpresa, erakunde eta instituzioek apur ditzatela Israelekin dituzten harremanak, orain!», azaldu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.