Iruñeko sanferminak

Mugimendu feministak nabarmendu du ez duela «atzerapauso bakar bat ere» onartuko indarkeria matxistaren kontrako borrokan

Sanferminetan gertatutako beste bi erasoren berri eman du Iruñeko Udaltzaingoak; hamahiru salaketa erregistratu dituzte osotara uztailaren 6tik. Mugimendu feministak salatu du erasoak gertatzeak zuzenean bihurtzen dituela festak «berdintasunik gabeak».

 Iruñeko Mugimendu Feministaren agerraldia sanferminen balorazioa egiteko
Iruñerriko Mugimendu Feministaren agerraldia, gaur eguerdian. IDOIA ZABALETA / FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
Iruñea
2025eko uztailaren 14a
14:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Gauerdian bukatuko dira sanferminak Iruñean, eta festen gaineko balorazioa plazaratzeko agerraldia egin du eguerdian mugimendu feministak. Uztailaren 6tik hirian izandako sexu erasoekiko amorrazioa azaldu dute, eta indarkeria matxistaren kontrako borrokan tinko segituko dutela nabarmendu. Iruñeko Udalaren Segurtasun Batzordeak emandako azken datuen arabera, hamahiru eraso erregistratu dituzte —udalaren edo mugimendu feministaren bideak baliatuta eginiko salaketak hartzen dira aintzat horretarako—. Zehazki, Udaltzaingoak gaur jakinarazi ditu horietako bi, noiz eta festetako sexu erasoak gaitzesteko elkarretaratze jendetsu bat egin eta biharamunean. Milaka lagunek egin baitzuten protesta atzo 21:00etan, Gazteluko plazan. Hain justu, gaurko ere zabaldu dute deialdia: Peñen Federazioak deituta, 23:00etan bilduko dira, Gazteluko plazan oraingoan ere.

Azken bi eraso horien berri jakin aitzinean egin du agerraldia mugimendu feministak gaur, eta, hala eta guziz, agerian utzi dute protesta egiteko aski motibo zutela horrezkero. «Berriz ere, hemen gaude guztioi gogorarazteko jaietan erasoak izaten badira ez direla berdintasunezko jaiak», salatu dute, irmo. Gainera, gogora ekarri dute okerrekoa litzatekeela pentsatzea erregistratzen diren erasoak baizik ez direla gertatzen. «Badakigu askoz gehiago daudela», ohartarazi dute. Eraso oro «justifikaezina» dela oroitu dute, eta, batik bat, azpimarratu dute ez dagoela tarterik «deus auzitan jartzeko edo biktimari bere portaerari buruzko deus galdetzeko».

Sexu erasoen kontrako borrokari dagokionez azken urteotan eginiko zenbait urrats gogorarazteko ere baliatu du agerraldia mugimendu feministak. Oroitu dute egun badagoela sexu erasoen kontrako protokolo bat abian —Indarkeria Matxistaren Aurkako Plataformak ondu zuen, Gora Iruñea plataformaren ekimenez—, Soilik baietz da baietz legearen gisakoek ere babes handiagoa ematen dietela biktimei, eta gizarte mailan ere izan direla hobekuntzak. «Erasoen aurkako gaitzespena handitu egin da».

«Mugimendu feministak erakundeei prebentzio politika gehiago eskatzen jarraituko dugu, ez baita nahikoa zauriari tirita bat jartzea; behar duguna sistema patriarkalaren aldaketa erradikala da»

MUGIMENDU FEMINISTA

Edonola ere, salatu dute pauso horiek guztiak ez direla «nahikoa». «Mugimendu feministak erakundeei prebentzio politika gehiago eskatzen jarraituko dugu, ez baita nahikoa zauriari tirita bat jartzea; behar duguna sistema patriarkalaren aldaketa erradikala da». Gizonentzako hainbat mezu eman dituzte segidan: matxismoari kontra egiteko konprometitu daitezela eskatu diete, eta konplize izateari uzteko, besteak beste. Bestalde, diotenez, ohartuak dira «eskuin muturraren eta faxismoaren itzala gero eta handiagoa» dela, eta nabarmendu dute haiek ez dutela «atzerapauso bakar bat ere» onartuko.

Borrokan segitzera deitu dituzte feministak: «Mezu bat dugu etxean eta beldurturik nahi gaituztenentzat: antolatuta gaude, eta kalera irteten, edaten, dantzatzen eta borrokan jarraituko dugu. Bizitza eta jaiak geureak ere badira!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.