Bernedon (Araba) egiten diren Euskal Udalekuak mintzagai izan dira azken asteotan. Bada, Euskal Herriko mugimendu feministak, LGTBI mugimenduak eta hainbat talde antirrazistak salatu dute udalekuak «aitzakia soila» bertzerik ez direla izan «mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa» zabaltzeko. «Lintxamendu kanpaina oso bat abiarazi dute, matxismoa, transfobia, sentsazionalismoa, faxismoa eta arrazakeria inpunitate osoz zabalduz, han eta hemen», erran dute. Are, babes eta elkartasun osoa adierazi diete udalekuetako begiraleei eta bertako komunitateari, baita erasoak jasaten ari diren kideei ere: «Ez zaituztegu bakarrik utziko!».
Zehazki, 70 taldek baino gehiagok ohar bateratu bat zabaldu dute gaur —haien artean daude Ehgam, EHko Bilgune Feminista, EHko Emakumeon* Mundu Martxa, EHko Gazte Feministak—, eta salatu transak baztertzen dituzten feministek, eta oro har sektore erreakzionarioek, Bernedoko udalekuetako dutxen afera beren alde erabili dutela: «Egunero zapaltzen gaituen sistemaren makineria modu esplizitu eta antolatuan martxan jartzeko». Nabarmendu dute mugimendu feminista, arrazakeriaren kontrakoa eta LGTBI mugimendua «luzaroan» borrokatu direla «puritanismoaren eta binarismoaren aurka», haien irudiko borroka horiek «indarkeria matxistari aurre egiteko bidea» direlako. «Beraz, modu argian salatu nahi dugu sexu-genero disidentzia haurren aurkako erasoekin lotu izana», adierazi dute.
Nabarmendu dute udalekuen eta begiraleen kontrako «lintxamendu kanpaina» ezker-eskuin hedatzen ari dela, eta «olatu erreakzionario» baten parte dela. Are, haien irudiko, olatu horren parte dira euskararen kontrako erasoak eta langile mugimenduaren kontrako kriminalizazioa, baina baita transfobia, misoginia eta arrazakeria ere. «Aldi berean, gogorarazi nahi dugu ultraeskuinak feminismoaren, sexu-genero disidenteon edo pertsona arrazializatuen borrokaren aurkako mezuak erabiltzen dituela gizonen atxikimendua lortzeko», gehitu dute.
Hori ikusirik, kalean eta sare sozialetan erasoei erantzuteko prest daudela adierazi dute: «Antolatuta eta saretuta gaude, eta geroz eta gehiago gara. Borroka, kolektibotasuna eta autodefentsa transfeminista dira gure tresnak. Aurrean izango gaituzte!».
Honako talde hauek sinatu dute agiria: Agirin berdintasun taldea, Ahalduntze Bertso Eskola, Aiuri talde feminista, Aiaraldeko Gazte Feministak, Akelarre (Santutxuko talde feminista), Andoaingo Mugimendu Feminista, Andramanuelak talde feminista (Antzuola), Armahiru kolektiboa, Astindu Armayuek (Azpeitiko LGTBIQ+ asanblada), Atximurka (Ibaetako talde transmaribibollo autonomoa), Azeri Gorriak (Berrizko asanblada feminista), Ay Dragmela!, Bargastak, Beasaingo Asanblada Feminista, BERHEZI Berdintasun Kontsultoria, Bilboko Gazte Sare Feminista, Bizkaiko E28 koordinakundea, BitxiBitxi Kolektiboa, Buruntzaldeko Transmaribibolloak, Dekumas LBT, Oñatiko Denon Bizitzak Erdigunean, Donostiako Asanblada Transbollomarika, Donostialdeko Asanblada Antirrazista, Ehgam, EHko Bilgune Feminista, EHko Emakumeon* Mundu Martxa, EHko Gazte Feministak, Enor (Zumaiako asanblada transfeminista), Erraustu (Ibaetako Gazte Feminista Taldea), Errotik, Eztenak talde feminista, Gasteizko Mugimendu Feminista, Gipuzkoako Trans Asanblada, Goierriko Gazte Feministak, Harramazka (Gasteizko Gazte Feministen Taldea), Harrotzen gazte talde feminista, Haziak, Intziri, Iñarrosi, Judimendiko Gazte Feministak, Kalamiak, Kiskali (Basauriko gazte talde feminista), Kuir Eztanda, Lea Artibai eta Mutrikuko Desbiauak, Lemoako Zaplast talde feminista, Lohixak, Loratuz Lotu, Malerreka eta Bertizaranako mugimendu feminista, Mamarratxosni, Marienea elkartea, Marieneako Bolleren Taldea, Marrako, Martxanterak talde feminista, Matraka, Morbor (Arrasate), Morroxkak (Zarauzko Gazte Feministak), Nü Shu Ermuko gazte feministak, Oiartzungo Feministen Asanblada, Oñatiko Talde Desbiaua, Oriyoko Pakak, Oreretako Kuirdinadora, Pikarraituz Atxabaltako Gazte Feministak, Sardiñerak, Sare Lesbianista, Sorginen alabak, Sugarri (Sopelako Gazte Feministen Taldea), Sumin Gazte Feministak, Tolosaldeko Gazte Feministak, Traka (Andoaingo Gazte Feministon Taldea), Ukatu, Zarauzko Bilgune Feminista, Ziztadak (Bilbo Zaharreko Talde Transfeminista), eta Xulufrinak Lesakako Sare Feminista.