Mugimendu Sozialistak dio «jopuntuan» dagoela Gasteizko jaietan txosna jarri nahi duelako

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak salatu dute Gasteizko Txosna Batzordeak uko egin diola irtenbide adostu bat bilatzeari. Ohartarazi dute «babesgabe» egongo direla Poliziak esku hartzen badu.

 GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia uztailean, EHUko Letren Fakultatean. MUGIMENDU SOZIALISTA
GKSren eta Etxebizitza Sindikatuaren agerraldia uztailean, EHUko Letren Fakultatean. MUGIMENDU SOZIALISTA
edurne begiristain
2025eko abuztuaren 2a
16:39
Entzun 00:00:0000:00:00

Astelehenean hasiko dira Gasteizko jaiak, eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialista eta Etxebizitza Sindikatua «kezkatuta» daude txosnetan zer gertatuko ote den. Mugimendu Sozialistako bi eragileek ohar bat igorri dute komunikabideetara, esanez Poliziak aurreko astean egindako kanpaldiaren aurka «bortizki» oldartu ondotik eta horren ostean hainbat buruzagi politikok egindako adierazpenei erreparatuta «jopuntuan» ikusten dituztela euren txosna eta jaietarako antolatutako egitaraua.

Aurten ere, Gasteizko Txosna Batzordeak txosnetatik kanpo utzi ditu Mugimendu Sozialistako bi eragileak. Hala ere, eta baimenik izan ez arren, txosna jarriko dute EHUko Letren Fakultatean, aurreko urteetan egin bezala. Salatu dutenez, udalak ez die baimenik ematen txosna muntatzeko, EAJk «errepresioa» erabiltzen du haien aurka, eta txosna muntatzeagatik «mehatxu» egiten diete. Egoera «korapilatsua» ikusirik, irtenbide bat bilatzeko bilera bat eskatu zioten joan den astean txosna batzordeari, baina hark biltzeari uko egin diola salatu dute. «Ondorioz, babesgabe aurkitzen gara, eta Poliziaren esku hartze posible baten menpe gaude», adierazi dute.

Egoera ikusita, GKS eta Etxebizitza Sindikatua «kezkatuta» daude jaietan zer gertatuko ote den. Berretsi dute «betoa» salatzeko txosna jarriko dutela, eta espero dutela inolako liskarrik ez egotea. Txosnetan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute atzera ere, eta haien aldarrikapenak babesten dituzten gasteiztarrei dei egin diete euren egitarauan parte har dezaten. Era berean, astelehenean txosna muntatzen parte hartzera animatu dituzte herritarrak, 11:00etan, EHUko Letren fakultatearen aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.