Mugimendu Sozialistak ezker abertzaleari: «Aurtengoak izan daitezela txosnagunetik kanpo uzten gaituzten azkeneko jaiak»

Salatu dute GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista Gasteizko txosnagunetik at utzi dituztela «interes politikoengatik». Bi eragileek «betoa» salatu dute eta iragarri Gasteizko Letren Fakultatearen eremuan txosna jarriko dutela.

Mugimendu Sozialistaren agerraldia, gaur, EHUko Letren fakultatearen parean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
Mugimendu Sozialistaren agerraldia, gaur, EHUko Letren fakultatearen parean, Gasteizen. RAUL BOGAJO / FOKU
edurne begiristain
Gasteiz
2026ko uztailaren 9a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Seigarren urtez jarraian, Mugimendu Sozialista —GKS eta Etxebizitza Sindikatu Sozialista— txosnagunetik kanpo geratuko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietan. Egoera salatzeko eta aurtengo egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur EHUko Letren Fakultatearen atarian, Arabako campusean. Mugimendu Sozialistaren izenean, Ane Mendigurenek eta Aroa Arrizubietak txosna batzordeari eta, bereziki, bertan parte hartzen duten ezker abertzaleko eragileei eskatu diete datorren urteari begira «jarrera alda dezatela» eta irtenbide bat adosteko lanean has daitezela. «Izan daitezela aurtengoak txosna gunetik kanpo uzten gaituzten azkeneko jaiak», adierazi dute.

Mendigurenek eta Arrizubietak azaldu dute urte osoan hainbat saiakera egin dituztela egoera bideratzeko, baina ez dutela aurrerapausorik ikusi. Gogorarazi dute duela hilabete inguru Euskal Herriko 450 artistak «denontzako jaiak» aldarrikatu zituztela agiri baten bidez, eta Gasteizko herri mugimenduko hainbat kidek ere babesa adierazi eta sinadura bilketa abiatu zutela. Haien esanetan, ekinaldi horiek ez dute erantzunik izan txosna batzordearen aldetik. «Hainbat aldiz saiatu gara harremanetan jartzen, baina ez dugu erantzunik jaso», adierazi dute. Horregatik, datorren urteari begira negoziazio bide bat irekitzeko eskatu diete txosnagunea osatzen duten eragileei.

Nabarmendu dutenez, auziaren muina ez da azken asteetan piztu den eztabaida politikoa, baizik eta herri mugimenduaren txosnagune batean mugimendu sozialistako bi eragile «interes politikoengatik» kanpoan geratzea. Horregatik, txosnak «historikoki izan diren bezala, herri mugimenduaren adierazpen erreala, zabala eta plurala» izatea aldarrikatu dute.

Azken egunotan eztabaidak beste dimentsio bat hartu du, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Bingen Zupiriak adierazi baitu Ertzaintza prest dagoela jaietan segurtasuna bermatzeko. Horren harira, Mendigurenek eta Arrizubietak salatu dute zenbait eragile politikok egoera «interes alderdikoietarako» baliatu dutela, eta «kriminalizazio kanpaina» bat sustatu dela. Sailburuaren adierazpenei zuzenean erantzun diete, eta ziurtatu dute ez dutela gatazkarik sortzeko asmorik. «Aurreko urteetan bezala, jaiak normaltasunez antolatuko ditugu. Norbaitek uda bero bat nahi badu, ez gara gu», adierazi dute.

Txosnagune ofizialean parte hartu ezin izango duten arren, aurten ere beren txosna jarriko dute Letren Fakultatearen parean. Bertan, azaldu dutenez, «urtez urte jasaten ari garen beto politikoa» salatuko dute, eta aldi berean «jai borrokalariak» aldarrikatu, «zapalkuntza ororen aurkako aldarri askatzaileak» plazaratuz.

Txosna jarriko dute

Abuztuaren 4tik 6ra bitarteko egitaraua antolatu dute. Besteak beste, Ben Yart, Kumbialari eta Maixa eta Malakias ariko dira bertan, beste zenbait artistarekin batera. Antolatzaileek eskerrak eman dizkiete egoera gainditzearen alde agertu diren herri mugimenduko eragile eta norbanakoei, baita egitarauan parte hartzea onartu duten artistei ere. Halaber, Gasteizko gazteei eta herritarrei dei egin diete abuztuaren 4tik 6ra Letren Fakultatearen parean antolatuko dituzten ekitaldietan parte hartzera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA