Mugitzea ona da, berez, baina...

Gazte erakunde guztiek ikusi diote alde ona kaleak protestarako hartu eta mobilizatzeari; hala ere, oharra egin dute guztiek: politikan jardun beharra aldarrikatu dute.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Ñabardura batzuekin, baina gazte erakunde guztiek egin dute bat M-15 mugimenduaren balorazioa egiterakoan. Begi onez ikusi dute mobilizatu eta antolatu izana Euskadiko Gazte Kontseiluak, Gazte Independentistek, Gazte Abertzaleek, Juventudes Socialistasekoek, Alternatibako Gazteek zein Iratzarrikoek. Baikortzat dute guztiek mugimendua, eta aurrerantzean ere ekimenak egitearen alde daude gehienak. Baina guztiek egin dute ohar bera: gauzak benetan aldatu nahi badira, une bateko mobilizazio zehatz batzuetatik haratago, politikan zein herri mugimenduetan aktiboki parte hartu behar da.

Euskadiko Gazte Kontseiluari «interesgarria» iruditu zaio ekimena, «kale mailako dinamika parte hartzaile eta irekia den momentutik», defendatzen dituzten edukiak «direnak direla ere». Hortaz, kaleko ekintzen, autoantolaketaren, herri batzarren eta antolaketa eredu parte hartzaileen alde egin du.

Gazte Independentistek urrats garrantzitsutzat dute «kalea astintzeko erakutsi den gaitasuna». Euskal Herrian «defizit demokratikoa are larriagoa» dela azaldu dute, eta benetako demokrazia eskuratzearen alde egin. «Demokrazia integrala izango da edo ez da izango». Horren haritik, ohartarazi dute ez dela zilegi zenbait eragileren praktika politikoa legez kontrakoa izatea.

Etorkizunean benetako demokrazia gazteek berma dezaketela aldarrikatu du. Hortaz, bat egiten duten puntuetan «indar eginda», elkarlanean aritzeko deia egin du. Iraultza «eguneroko gauza txikiek» egiten dutela esan, eta edozein mugimendu zein taldetan parte hartzeko deia egin die gazteei.

Gazte Abertzaleak taldeko Maider Carrerek azaldu du Euskal Herrian «aspaldiko kontua» dela demokrazia errealaren eskakizuna. Hainbat alderdi politiko zein gizarte eragile legez kanporatu direla salatu du, eta hori dela, besteak beste, «demokraziaren zutabe ahulen ispilu». Horren aurrean, benetako demokraziaren alde egindako mugimendu guztiak begi onez ikusten ditu Carrerek.

«Baina erantzunak bilatzea ezinbestekoa da, eta hori egunero-egunero egin beharrekoa da; ez momentu puntual batzuetan», zehaztu du.

Politikari gisa, autokritika

Egaz-JSE taldeko Alain Colomaren esanetan, jendea «nazkatuta» dagoelako sortu da mugimendua, eta ondo dago gaizki dauden gauzak aldatu nahi izatea. Hala ere, PSE-EEren gazte taldeko kide den heinean politikari gisa autokritika egin behar duela adierazi du. Haren ustez, alderdi politikoek politika «desprestigiatzen» lagundu dute, publikoki plazaratu diren liskar etengabeekin. Politika egitea pertsonen bizi-kalitatea hobetzen ahalegintzea dela esan du; hala egiten dela, baina hori ez dela behar bezala azalarazten.

Beste autokritika bat ere egin du: alderdiak herritarrei zabalik daudela ikusarazi ez izana. Bere alderdia erabat zabalik dagoela azaldu, eta herritarrei politikan aritzeko deia egin die.

Alternatibako Xabier Sotok ere autokritika egin du.M-15 mugimenduak ordura arte mugitu ez den jendea mugitzea lortu izanari balioa eman dio, eta hori aurrez lortu ez izanagatik egin du autokritika. Autogestioaren eta espazio publikoak berreskuratzearen alde egin, eta mobilizatzeko deia egin dio «masa kritikoari».

Iratzarriko Laida Elizegirentzat «ikusgarria» da fenomenoak mugiarazteko izan duen gaitasuna. Sistema politikoa aldatu nahi izatea «oso ondo» deritzola esan du, baina horretarako politikan parte hartu behar dela ohartarazi du. Hortaz, politikan aktibo izateko deia egin die gazteei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.