Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Multikirola egitasmoak kirol taldeen jarduera oztopatzen duela ebatzi berri du EAEko Auzitegi Nagusiak, Pasaiako familia bati bigarrenez arrazoia emanez, eta programa garatzeko foru aginduaren bi artikulu ezabatu ditu. Epaiaren arabera, eskola kiroleko programek kluben «ordutegiak eta egutegia mugatzen dituzte», bai entrenamenduei eta bai lehiaketei dagokienez. Kirol taldeek «desabantaila egoeran» daudela uste du auzitegiak, besteak beste Multikirola egitasmoari lehentasuna ematen baitzaio partidak larunbat goizetan antolatu ahal izateko, eta, ondorioz, klubek igandeetan bakarrik programatu ahal dituzte haienak. Are gehiago, Multikirola programa «inposatzea» egozten dio aldundiari.
Pasaiako familia batek auzitara eraman zuen aldundia, Multikirola programaren derrigortasuna baliogabetzeko eskatzeko, eta epaileen oniritzia lortu zuen urtarrilaren 15ean plazaratutako epaiaren bitartez. 2025-2026 ikasturterako eskola kiroleko programa onartzen zuen irailaren 5eko foru aginduaren aurka ere salaketa aurkeztu zuen sendi horrek. Izan ere, haien iritziz, urtarrilaren 15eko epaia betetzea saihestu nahi zuten foru agintariek. Aldundiak jarritako helegiteari erantzun dio orain EAEko Auzitegi Nagusiak, azaroaren 20an plazaratutako ebazpen baten bitartez.
Zehazki, 2025-2026 ikasturteko Multikirola programaren foru aginduaren 2.1 eta 2.1.5 artikuluak ezabatzea agindu du auzitegiak, uste baitu «lehentasuna» ematen zaiola Multikirola programari kirol topaketak antolatzeko. Gainera, ikasturte osoan hilabetean lehiaketa jardunaldi bakarra egiteko modua baino ez du ematen horrek.
EH Bilduk EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakia kritikatu du, haien ustez «interes pribatuak haurren eskubideen gainetik jartzen baititu». Erabaki hori eskola kirolen aurkako «eraso judizial onartezintzat» jo dute.