Mundakako alkate ohiak salatu du estu hartu zutela aholkulari bat kontratatzeko

Mikel Bilbaok azaldu du Mundakako EAJko buruak agindu ziola aholkulari jeltzale bat «nahierara» kontratatzeko. «Nahitaez jarri behar da», esan zion Alfonso Menoyok, ‘El Salto’-k argitaratutako grabazio batean entzuten denez.

Mikel Bilbao, alkate zen garaian, Mundakako udaletxean. OLAIA ZABALONDO / BUSTURIALDEKO HITZA
Mikel Bilbao, alkate zen garaian, Mundakako udaletxean. OLAIA ZABALONDO / BUSTURIALDEKO HITZA
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2024ko apirilaren 18a
15:45
Entzun

«Gonbidatu hiru, baina emaitza bat izango da. Aholkulari juridikoa nahitaez jarri behar behar da». Horiek dira Alfonso Menoyok, EAJren Mundakako (Bizkaia) Uri Buru Batzarreko presidenteak, Mikel Bilbao Mundakako alkate jeltzaleari 2020ko urtarrilean esan zizkion hitzak. El Salto hedabideak argitaratutako eta BERRIAri Bilbaok berak berretsitako informazioaren arabera, Menoyok presioa egin zion EAJko buruzagi bat udalean aholkulari juridiko gisa kontratatzeko. EAJren BBBk ez du gaiari buruzko adierazpenik egingo, BERRIAri jakinarazi dionez.

2019ko udal hauteskundeetan EAJren zerrendaburua izan zen Bilbao Mundakan, independente gisa, eta bozak irabazi ostean alkate bihurtu zen. Hala ere, «desadostasunak eta sintonia falta» argudiatuta, haren aurkako zentsura mozioa egin zuten zinegotzi jeltzaleek, eta kargutik kendu zuten 2021ean. «EAJk erabili gura izan nau batzokitik ekarritako truke urbanistiko ilegal bat onartzeko, aurreko udalbatzak kontratatutako aholkularitza juridiko baten bermeagaz», adierazi zion orduan Bizkaiko Hitza-ri. Auzia epaitegietara eraman zuen, baina haiek arrazoia eman zioten EAJri.

Bilbaok BERRIAri berretsi dion informazioaren arabera, Javier Aldamiz-Etxebarria —EAJko kidea 2005etik eta Espainiako Diputatuen Kongresurako hautagai izandakoa— Mundakako Udaleko aholkularia izan zen 2019ko irailaren 22ra arte; orduan amaitu zitzaion kontratua. El Salto-k zabaldutako grabazioan, entzuten da Menoyok Bilbaori esan ziola Aldamiz-Etxebarria «nahitaez» kontratatu behar zutela. Hau esan zion orduko alkateak EAJko buruari: «Niretzat, Javi [Aldamiz-Etxebarria] izan daiteke, edo beste edozein. Ez du zertan Javi izan».

«Eztabaidaezina»

Honela erantzun zion EAJren Mundakako Uri Buru Batzarreko presidenteak: «Ez dakit nola esan argiago: eztabaidaezina da». 

«Nik [Mundakako Udaleko] idazkariaren txosten bat neukan esku artean, esaten zuena ezin zela nahierara kontratatu, eta hiru abokaturen edo gehiagoren aurrekontuak mahai gainean izan behar zirela», azaldu dio Bilbaok BERRIAri. Grabazioan entzuten da hau esan ziola Menoyok: «Zu erosoago egoteko edo ez, askatasun osoa, baina gai batzuetarako egongo da. Gonbidatu hiru, baina emaitza bat izango da». Bilbao «aho bete hortz geratu» zen: «Harritu ninduen udalaren kanpotik datorren batek, nahiz eta batzokiko presidentea izan, alkate bati agintzeak zer egin behar zuen. Gainera, kontratu bat nahierara aukeratzeko».

Iazko udal bozetan plataforma independente baten zerrendaburua izan zen Bilbao Mundakan, eta gaur egun alkateordea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.