Mundakako (Bizkaia) EAJko udal batzarrak Mikel Bilbao alkatearen aurkako zentsura mozioa aurkeztuko duela iragarri du gaur. Bilbao jeltzaleen zerrendaburua izan zen 2019ko udal hauteskundeetan, baina ez da alderdiko afiliatua. EAJk sei zinegotzi lortu zituen iazko bozetan, eta EH Bilduk, berriz, hiru.
Jeltzaleek azaldu dute EAJko udal batzarraren eta egungo alkatearen arteko «koordinazio falta» dagoela erabakiaren atzean. Hilabete korapilatsuak izango direla aurreikusten dutenez, proiektu bateratzaile bat gidatzeko garaia dela nabarmendu dute. Iazko ekainean izendatu zuten Bilbao Mundakako alkate, eta, orduz geroztik, haren eta gainerako bost zinegotzien arteko harremanak gaiztotuz joan dira, batez ere COVID-19aren pandemia kudeatu behar izan duten azken hilabeteotan. Egoera horrek «herritarrek merezi duten udal kudeaketa oztopatu du», eta horregatik hartu dute zentsura mozioa aurkezteko erabakia. Nolanahi ere, Mundakako jeltzaleek Bilbaori eskerrak eman dizkiote EAJren hautagaitzari baiezkoa eman izanagatik.
Datozen egunetan aurkeztuko dute udalean alkatearen aurkako zentsura mozioa. Bilbao ez denez alderdiko afiliatua, ezin diote EAJren barne araudiko neurriak ezarri, eta horregatik jo dute bide horretatik.