«Mundu zaharretik berrirako bidean» borrokara batzeko deia egin du Ernaik

Nazioarteko ordena neoliberala, gerra zantzuak eta faxismoaren gorakada lehentasunezko erronkatzat jo dituzte Gazte Topaguneko ekitaldi nagusian. Apirilaren 25ean egingo duten «inperialismoaren aurkako» manifestazioan parte hartzeko gonbita egin dute.

Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea Gazte Topaguneko ekitaldi politikoan, gaur, Abadiñon (Bizkaia). ERNAI
Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea Gazte Topaguneko ekitaldi politikoan, gaur, Abadiñon (Bizkaia). ERNAI
maddi iztueta olano
2026ko apirilaren 4a
21:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriaren «askatasuna erdietsi eta beste mundu bat» eraiki nahi du Ernaik, eta «borroka» da horretarako tresna. Hala nabarmendu du gazte antolakundeak, Abadiñon (Bizkaia) antolatutako Gazte Topagunearen harira egindako ekitaldi politikoan. Garaiaren erradiografia bat egin dute, eta ohartarazi orain arte ezagututako mundua aldatzen ari dela: «Amaitu da hazkunde mugagabean eta AEBen nagusitasunean oinarritutako metaketa fasea». Ez dago argi horren ostean zer datorren, ordea; eta, hain justu, noranzko zehatzik gabeko erdibide horretan jarri dute arreta: «Mundu zaharra hiltzen ari da, baina berria oraindik ez da jaio, eta horrelako garaietan sortzen dira munstroak».

Ohe azpietan gordetzen direnak ez ezik, badira bestelako munstroak ere; adibidez, «gutxi batzuen interesen defentsan» faxismoa hedatzea helburu duten ideia erreakzionarioak zabaltzen dituztenak. Ernaik azpimarratu duenez, faxismoak «mila ertz eta forma» har ditzake; are, ohartarazi du horietako batzuk antzeman daitezkeela, kasurako, feminismoaren izenean transen aurka zabaltzen diren diskurtso baztertzaileetan, lan eskubideak eta euskararen aldeko legeak elkarren aurkako fenomenotzat jotzen dituzten mezuetan eta Europako Parlamentuak gogortu berri dituen «migrazio lege arrazistetan». 

Euskal Herriari dagokionez, munstroak «aurpegi ezaguna» du: «Espainolismoa». Ekitaldian zehaztu dutenez, Espainiako Estatuaren zimenduak «1978ko erregimen faxistan» oinarritzen dira, eta salatu dute erregimen horrek Euskal Herriaren eta euskaldunen «zapalkuntza bermatzea» duela helburu. Horren adibidetzat jo dute, besteak beste, euskararen aurkako oldarraldia. Munstro horri aurre egiteko «modu bakarra» zein den ere azaldu dute: Euskal Herriaren «askatasun nazionala» erdiestea eta «zapalkuntzarik gabeko» jendarte bat sortzea.

«Ilusioa eta konpromisoa»

Ostegunetik igandera bitarte, topagunera egunero 3.500 eta 4.500 pertsona artean gerturatuko zirela espero zuten. Batzuk lau egunez izango dira han, eta beste batzuek, berriz, egun bat edo beste aukeratu dute ekintza, kontzertu eta hitzaldi sortara hurbiltzeko. Hala, milaka lagun bildu dira arratsaldeko ekitaldi politikoan, eta horiei guztiei mintzatu zaie Amaiur Egurrola Ernaiko bozeramailea: «Gurea da gazteriaren artean bulkada nazional eraberritua sortzearen ardura». Eta horretarako ezinbestekoak dira bai «ilusioa», bai «konpromisoa».

Aurrera egiteko atzera begiratu behar izaten da batzuetan, ordea. Ernaik salatu du hamaika aldiz saiatu direla «herri hau desagerrarazten», baina, «borrokaren bidetik» eta «gerra zibilen, diktadura faxisten eta trantsizio faltsuen gainetik», bizirik atera da, haien hitzetan. Azken hamarkadetako lorpen eta data esanguratsuenen errepasoa ere egin dute, eta horien artean aipatu dituzte, esaterako, 60ko hamarkadan «askapen borroka abian» jarri zuten gazteen grina, helduen alfabetatze eskolak eta ikastola klandestinoak, irailaren 27a eta martxoaren 3a, eta egin berri diren martxoaren 17ko greba orokorra eta 24. Korrika. «Horiek guztiek osatzen dute gure herria», gehitu dute.

Hala, gune nagusian elkartutako jende oldearen aurrean, gogorarazi dute ez direla «ez espainolak, ez frantsesak», euskaldunak baizik, eta Euskal Herri «aske, sozialista, feminista eta euskaldun batekin» amesten dutela. Helburu hori berretsi, eta etorkizunera begira Ernairen bide orria zein den azaldu dute labur: «Gazte zapaldurik egongo ez den Euskal Herri askea» errealitate bihurtu arte borrokari eustea.

Esker hitzak

Ernaik borrokaren garrantzia eta beharra izan ditu ardatz arratsaldeko ekitaldi politikoan, eta, horrekin lotuta, eskerrak eman dizkiete «Euskal Herriaren askatasunaren alde» egiteagatik preso, ihesi edota erbestean dauden herritarrei. «Oraindik ere ehundik gora dira euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak», gogorarazi dute. Esker hitzak izan dituzte, halaber, Abadiñora joandako gazte guztientzat, baita azken hilabeteetan «kaleak astindu» dituztenentzat ere. Ildo beretik, eskerrak eman dizkiete Gazte Topagunean txanda bat egin edo antolakuntzan lanean aritu diren boluntarioei ere. 

Ekitaldia bukatuta, topaguneko azken kontzertuei ekin diete. Halere, datorren apirilaren 25erako egin dute hurrengo hitzordua: mobilizazio batera deitu du Ernaik, nazioarteko «gerra hotsak» salatzeko, Gerrari ez! Inperialismoari ez! Herriek burujabetza behar dute! lelopean.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA