Zazpi urte zeramatzaten azalpen eske, baina Iruñeko maristen ordezkariek ez zieten ezer esaten. Astelehenean, ordea, haiekin harremanetan jarri ziren. Iruñeko maristen Santa Maria la Real ikastetxeko lau ikasle ohik, izan ere, astelehenean jakinarazi zuten gaur agerraldi bat egingo zutela, eskolako elizgizonek egindako sexu abusuei buruz hitz egiteko. Astelehenean bertan maristak haiekin harremanetan jarri ziren, zenbateko kalte ordaina emango dieten zehazteko.
Sarrigurengo Santa Maria la Real eskolaren aurrean egin dute agerraldia Koldo Eslabak, Joaquin Galarrek, Patxi Goñik eta Marcos Leiunek. Elizaren sexu abusuen inguruko isiltasuna eten egin behar dela esan dute. Senideen eta lagunen babesa izan dute.
«Astelehenera arte dena zen isiltasuna, ez ziguten ezer esan zazpi urteko borrokan», salatu du Leiunek. «Azalpenak eskatu dizkiegu gertatutakoaz, informazioa eskatu diegu gure abusatzaileei buruz, baina inoiz ez dugu haien berririk jaso». Nafarroako Erakunde Erlijiosoetako Pederastia Biktimen Elkarteko presidentea da Leiun.
Informazioa badute
Maristek badute sexu abusuei buruzko informazioa. Leiunek zehaztu du Nafarroako sexu abusuen hamalau espediente aurkeztu direla PRIVA planean. Espainiako Eliza katolikoak sortutako plan bat da, Elizaren mendeko erakundeetan sexu abusuak jasan zituztenei kalte ordainak emateko, abusu horiengatik auzitara jo ezin denean edo abusatzailea hilda dagoenean. «Maristek geuk prestatutakoa baino dokumentazio gehiago aurkeztu dute», azaldu du Leiunek.
PRIVA planaren bidez jaso dituzte kalte ordainak. «Sutzeko modukoak, lotsagarriak eta ezin txikiagoak, beste kongregazio batzuek abusuengatik eman dituztenen herena baino txikiagoak», Leiunek zehaztu duenez.
Itunarekin pozik
Kalte ordainak handiagoak izanda ere, ez lirateke nahikoa izango: «Munduan ez dago dirurik haurrak ginela egin ziguten izugarrikeria ordaintzeko». Azkenaldian, ordea, jaso dute albiste on bat: Espainiako Gobernuak eta Apezpiku Konferentziak hilaren 8an itun bat sinatu zuten, Eliza katolikoaren barnean egindako sexu abusuen biktimei erreparazioa emateko. «Pozgarria» dela onartu du Leiunek, baina uste du prozesua oso luzea izango dela. Berez, Elizak ordainduko ditu kalte ordainak, eta Leiunek Espainiako Gobernuari eskatu dio dirurik ez jartzeko, «ez baitauka inolako ardurarik guk eskolan jasan genituen abusuetan».
Santa Maria la Real ikastetxeko lau ikasle ohik egin dute gaurko agerraldia. Eskola horretan sexu abusuak jasan zituztenak askoz ere gehiago direla uste dute, «milaka», 1940ko hamarkadaren eta 1980koaren artean. Mila ikasle baino gehiago izaten ziren ikasturte bakoitzean.