Gernika Sariak

Munduko beste Gernikak amaitzeko eskatu dute Gernika saridunek

Gervasio Sanchez fotokazetariak, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARCeko buru Rodrigo Londoño Timochenkok hartu dituzte 2017ko Gernika sariak. [Youtube]https://youtu.be/jCnt4pxk2kI[/Youtube]

Oihana Cabello - 'Busturialdeko Hitza'
2017ko apirilaren 26a
07:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gernikan gertatu zenari buruzko galderei erantzuna emateko duten garrantzia azpimarratu du Jose Mari Gorroño alkateak. Minari eta doluari aurre egiteko barkatzea eta adiskidetzea beharrezkoa dela esan du, baina ez dela ahaztu behar. Barkatzeko, biktimak bere egia jakin behar duela esan du, eta gertatutakoa oroitu.

Beste Gernikak ere gogoan izan ditu gaur alkateak, eta minutu bateko isilunea eskatu du gaur egun gerretatik ihesi ari diren errefuxiatuentzat.

Gervasio Sanchez fotokazetariak, Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARCeko buru Rodrigo Londoñok hartu dituzte 2017ko Gernika sariak. Azken bi horiek ezin izan dira Gernikan egon gaur. Santosen ordez, Kolonbiako Bakerako goi mandatari Sergio Jaramillok hartu du saria, eta Enrique Santiago abokatu eta FARCeko aholkulari juridikoak Londoñoren ordez.

Sanchezek mundu zabaleko gerrak eta gatazkak erretratatu ditu, eta bere lanarekin bakearen alde egindakoa aitortu diote gaur, Gernika saria emanez. Pforzheimeko alkate Rolf Constantinen eskutik hartu du saria. Sanchezek esan du ohore bat dela saria hartzea, eta mundu zabaleko gerrak aipatuta esan du horien atzean daudenak “munstroak” direla, pertsona gupidagabeak direla, bestela ez legokeela gerrarik. “Baina arazoa da exekutatzen, seinalatzen, krimenak isiltzen eta gertakari odoltsuak protagonizatzen dituztenak gu bezalako pertsonak direla”, gaineratu du.

Kolonbian, 52 urteko gatazka atzean utzi, eta bake prozesua sinatu zuten 2016ko abuztuan gobernuak eta FARCek. Gorroñoren eskutik hartu dute saria Jaramillok eta Santiagok.

Jaramilloren esanetan, zaila da 50 urte iraun duen gatazka amaitzea, baita bakea errotzea ere. Saria eskertu du, eta esker oneko berbak izan ditu Rajoyren gobernuarentzat ere, Kolonbiako bake prozesuari emandako babesagatik. Era berean, Kolonbian bake prozesua martxan jartzeko Santosek berebiziko rola jokatu zuela esan du, unean-unean egin beharrekoa egin zuelako. FARCen jarrera ere txalotu du, bakearen aldeko lanean erakutsi duen konpromisoagatik.

Biktimak ere gogoan izan ditu Jaramillok, azken urteetan erakutsi duten lidergo moralagatik eta bake prozesuari babesa emateagatik. Hain zuzen, bake prozesuak biktimak onartzea ekarriko duela esan du Jaramillok. Oroimen kolektiboa eraiki behar dutela esan du, bake prozesuan atzera ez egiteko.

Santiagok Londoño Timochenkoren hitzak irakurri ditu. Londoñok gutunean azaldu du Gernikan egoteko asmoa zuela, baina Kolonbiak ez diola eman bidaiatzeko baimenik. Gaur egun, bake prozesuak politikan jarduteko aukera eman behar duela esan du, biolentzia politikoa amaitzeko eta paramilitarren jarduna amaitzeko.

Biktimak eta haien eskubideak onartuko eta errespetatuko dituen bake prozesua eskatu du, Kolonbiari bakean eta justizian oinarritutako etorkizuna emango diona. Izan ere, bake prozesua sinatu arren, azken urtean Kolonbiako gatazkak hainbat biktima utzi dituela gogoratu du Santiagok. 2016ko abuztuan bake prozesua sinatu zutenetik hil dituzten 80tik gora biktimak izan ditu gogoan gaur, baita azken egunetan Kolonbian hil dituzten herritarrek ere. Gernika saria haien omenez ere badela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA