EHU munduko laurehun unibertsitate onenen artean dago

Munduko unibertsitate onenak sailkatzen dituen Shanghai zerrenda argitaratu dute. Nafarroako Unibertsitatea bostehun onenen artera igo da.

EHUk Donostian duen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
EHUk Donostian duen Gipuzkoako Ingeniaritza Eskola, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Mikel Garcia Martikorena.
2026ko abuztuaren 15a
12:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHU Euskal Herriko Unibertsitateak bere lekuari eutsi dio munduko mila unibertsitate onenen artean. Urtero argitaratzen duten Shanghai zerrenda kaleratu dute gaur, eta EHUk laurehun onenen artean egoten jarraitzen du, iazko marka lortu baitu berriro ere. Joxerramon Bengoetxea errektoreak besoak zabalik hartu du albistea, eta esan du ezen unibertsitate arteko alderaketa «termino absolutuetan» egin beharrean «tamainari eta aurrekontuari begira» egingo balitz EHU gorago legokeela zerrendan.

Gainera, euskara bezalako hizkuntza gutxitu batean eskolak eman eta hainbat arlo jorratzen dituen unibertsitate publiko bat munduko laurehun onenen artean egoteak «garrantzi handia» duela azpimarratu du. Jiao Tong Unibertsitatea (Shanghai, Txina) arduratzen da urtero Shanghai zerrenda ontzeaz.

Arloka aztertuz gero, EHUk koska batzuk gora egin du zenbait eremutan. Besteak beste, 101-150 unibertsitate onenen artean dago ingeniaritza kimikoari dagokionez, eta 151-200 onenen artean nanozientzia, nanoteknologia eta ingeniaritza zibilean. Bestalde, hirurehun onenen artean dago materialen zientzian eta ingeniaritzan; energia zientzian eta ingeniaritzan; elikagaien zientzian eta teknologian; ingeniaritza metalurgikoan; adimen artifizialean; farmazian eta farmazia zientzietan; eta hezkuntzan.  

Munduko 20.000 unibertsitate aztertzen ditu Shanghai zerrendak; hortaz, EHU %2 onenen artean dago. Datu hori esku artean duela, unibertsitate publikoa zoriondu du Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek, ohar bidez. Adierazi du sailkapenak ez direla «sakralizatu» behar, baina, era berean, nabarmendu du EHUk «gero eta lehiakorragoa eta zorrotzagoa den nazioarteko eszenatoki batean maila gorenean lehiatzeko duen gaitasuna» erakusteko balio duela horrek.

Euskal Herriko beste unibertsitate batek ere badu pozik egoteko arrazoi bat gaur: Nafarroako Unibertsitatea munduko bostehun unibertsitate onenen artean kokatu dute. Horiek horrela, iaz lortu zuen kalifikazioa hobetu du, sailkapeneko beste maila batean sartu baita. Izan ere, Shanghaiko zerrenda ehun unibertsitatez osatutako bloketan antolatzen du erakundeak. Bada, Nafarroako Unibertsitatea seiehun onenen artean zegoen iaz. 

AEBak, lehen postuetan

Ez da ezustekorik izan lehen postuetan, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako unibertsitateek hartu dituzte leku horiek. Azken 24 urteetan legez, Harvard Unibertsitatea izendatu dute munduko onena. Stanford Unibertsitatea izan da bigarren, eta MIT Massachusettseko Teknologia Institutua igo da podiumeko azken koskara.

AEBetakoak alde batera utzita, hurrena Cambridgeko Unibertsitatea da, Erresuma Batukoa. Hori laugarren postuan kokatu du Jiao Tong Unibertsitateak.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA