greba feminista gipuzkoan

Munillaren jarrera salatu dute, Donostian

Gipuzkoan ere harrera handia izaten ari da greba feminista, lanuzteen eta mobilizazioen bidez.

Emakume batzuk Donostian, Artzai Onaren aurrean.
enekoitz esnaola
2018ko martxoaren 8a
09:59
Entzun

Herrialdean askotariko milaka eta milaka ari dira euren aldarrikapenak egiten kalean, lantokietan, ikastetxeetan eta bestelakoetan. Gipuzkoan 28 udalerritan daude deituta ekinbideak. Eguerdian Donostiako eserialdian bildu da jende gehien, Bulebarrean: iturri batzuetan arabera, 11.000 lagun. 20:00etan manifestazioa izango da Donostian.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, Gipuzkoan Osakidetzan lanuztearen jarraipena %13,3koa izan da.

Donostia

[youtube]https://youtu.be/D7GwZoGOxCQ[/youtube]

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak asteon esan du feministek "deabrua barruan" daramatela, eta, haren jarrera salatzeko, hainbat emakume Artzai Onaren aurrean batu eta gerritik gora biluzik jarri dira.

Donostia Ospitaleko emakume langileek ere planto egin dute. Zaintzaren gaia kaleratu nahi dute. 

Hiriburuko kaleak eta bazterrak greba feministaren aldeko aldarrikepen ikurrekin esnatu dira.

Ibaetako ikasleek grebara eta mobilizazioetan parte hartzera dei egin dute. Handik Bulebarrera abiatu dira, eta Tolosa hiribidean zihoazela lantokietatik-eta ateratako emakumeak gehitu zaizkie. Kontxako pasealekuan ilara luzea sortu da.

Bulebarrean eguerditik aurrera eserialdia egin dute milaka emakumek. Ondoren Konstituzio Plazara joan dira.

Irutxuloko Hitza-ren argazki bilduma.

Eneko Goia Donostiako alkatea, EAJ, EH Bildu eta Irabazi udal taldeetako ordezkariak eta Maite Peña Gipuzkoako Politika Sozialetako diputatua Martuneteko espetxean izan ziren atzo, bertako emakume presoen Ausartak taldearen antzezpen bat ikusteko. Ondoren elkarrekin merienda bat egin zuten.

EAJren ordezkari instituzional batzuek Gipuzkoa plazan ordu laurden bateko elkarretaratzea egin dute, eguerdi partean, Berdintasuna lelopean. Han izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta foru diputatuak, Eider Mendoza Batzar Nagusietako presidentea, edota Miren Elgarresta Berdintasun saileko zuzendaria eta Maribel Vaquero Giza Eskubideetakoa.

Eibar

Jendetza bildu da Untzaga plazan eta bi manifestari identifikatu dituzte El Corte Inglesen.

Greba feminista nabarmen nabaritu da Eibarko kaleetan. Untzaga plazan kontzentrazio jendetsua egon da, eta 400 lagun inguruko pikete informatibo feminista egon da kaleetan. Kontzentrazioa alaia izan bada, tentsio handiko uneak egon dira piketea El Corte Ingles saltokira iristean. Piketea iritsi ahala, dendako zuzendaritzak pertsiana jaistea erabaki du, eta hogeita hamar bat emakume barruan gelditu dira, irten ezinda.

Barruan zegoen lekuko batek azaldu duenez, saltokiko segurtasun zaindariek indarra erabili dute pikete feministako kide batzuen aurka. Saltokiko arduradunek Ertzaintza deitu dute, eta agenteek piketeko bi kide identifikatu dituzte, gutxienez. Saltokia ordubetez itxita egon da, eta pertsiana botata. Ordubetera irteten utzi diete piketeko kideei.

Errenteria

Txelo Berra Errenteriko Asanblada Feministako kideak oso balorazio ona egin du. "Historikoa izan da. Nik ez nuen espero kalera hainbeste emakume aterako ginenik, aldarrikapena hain barneratuta eta protesta egiteko hainbeste gogoarekin, iraultzeko. Horrela izan da, gainera, herri guztietan. Saltoki batzuk itxita izan dira, eta emakume batzuk lantegietan ahal zuten moduan antolatu dira manifestaziora irten ahal izateko. Ez dut inoiz ikusi hainbesteko jendetza gure deialdi batean”.

Beasain-Ordizia

Beasainen emakumeek Zubimuzu plazan egin dute aurreneko bilkura, 11:00etan. Handik Ordiziara abiatu dira, manifestazioan,  Emakumeok planto lelodun pankartaren atzean. Bidean emakume gehiago gehitzen joan zaizkie; tartean, CAF lantegikoak. Haziz joan da jende ilada. Ordizian, bertako, Legorretako eta Itsasondoko emakumeekin bildu dira Beasaindik heldutakoak. Kantak eta aldarrikapenak izan dira.

Azpeitia

Ehunka emakumek hartu dute Azpeitiko plaza. Kartulina moreak hartu dituzte aurrena, eta mosaikoa egin dute ondoren. Martxoaren 8ari keinu eginda, M8 eta emakumeen ikurra irudikatu dituzte.

Zarautz

"Mundua gelditu dugu mundua mugitzeko", dio Zarauzko Sare Feministak. Mural bat margotu dute.

Legazpi

Legazpin dantzan emakumeak, aldarrikapen betean.

 

Oiartzun

Oiartzunen hasiera batean elkarretaratzea egitea pentsatua zuten, baina Done Eztebe plazan bildu den jendetza ikusita, manifestazioa egin dute. Argazki bilduma.

Villabona

Villabonako eta Zizurkilgo emakume ugari elkartu da Villabonako kaleetan, aldarrikapen feminista modu zaratatsuan zabaltzeko. Errebote plazan elkartu eta herriko hainbat lekuetatik pasatu dira, txilibituekin. Berriz ere plaza nagusira itzuli eta argazkiak atera dituzte. (Ataria.eus)

Mutriku

Ehunka lagun elkartu dira elizako eskaileretan.

Zumaia

Errepide nagusia moztu dute emakumeek Zumaian.

Hondarribia

Hondarribiko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du. EH Bilduk izan ezik, beste udal talde guztiek sinatu dute: EAJk, Abotsanitzek, PSE-EEk eta PPk. Udalak hainbat konpromiso hartzen du; besteak beste, “udaleko politiketan genero ikuspegia pixkanaka sartzeko” eta “balioen transmisioa azpimarratzeko”. 2018an genero indarkeriaren protokoloa eta berdintasun plana lehentasunezko gaitzat hartuko dituela adierazi du udalak. Abotsanitzek adierazpena sinatu du, baina kritiko azaldu da udal gobernuarekin, aurreko urteetako adierazpenetan adierazten den konpromisoa ez duelako bete, eta EH Bilduk bat egin du kritika horrekin.

Irun

Ehunka lagunek manifestazioa egin dute herrigunean.

Andoain

Martin Ugalde kultur parkeko enpresetako eta erakundeetako emakume langileak ere greba eta lanuzteak egiten ari dira. 60ren bat emakume 11:00etan bildu dira parkean, eta mobilizazio bati ekin diote, Gora greba feminista oihuak eginez.

Astigarraga

Indarkeria sexista gelditzeko eskatu dute Astigarragan, elkarretaratze batean.

Oñati

Oñatiko plaza emakumez bete da, elkarretaratze batean.

Lezo

Lezoko emakumeek planto, greba egin dute gaur. Mobilizazio jendetsua egin dute Karlos Saldise plazan.

Aia

Aiako Lardizabal herri eskolakoek martxoaren 8ko ekitaldiak egin dituzte. Ostegunero egin ohi duten irratsaioan parekidetasuna landu dute, ondoren kaleetan ibili dira pankarta eskuetan hartuta, Emakumeak aurrera! oihu eginez.

Tolosa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.