«Munstro handi bat daukagu aurrean, baina inork ez du hartaz hitz egiten»

Patxi Ezkiaga Donostiako La Salleko irakaslearen abusuen hiru biktimak beren lekukotza eman dute, abusuak salatu eta gero gutxieneko erreparazio bat lortzeko egiten ari diren bide malkartsuaz. Kongregazioaren gizatasun falta eta oztopoak salatu dituzte.

Patxi Ezkiagaren bi biktimaren eta ikasle ohi baten eskuak. BERRIA
Patxi Ezkiagaren bi biktimaren eta ikasle ohi baten eskuak. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko martxoaren 12a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktimek, talde gisa, oraindik ez dute lortu Donostiako La Salle ikastetxeko ordezkariekin edo La Salle kongregazioko arduradunekin biltzea. 26 emakumek salatu badute ere haurrak edo gaztetxoak zirenean Ezkiagak, Donostiako La Salle eskolako irakasle eta lekaide zela, sexu abusuak egin zizkiela, ez dute aukerarik izan eskolako edo kongregazioko arduradunekin aurrez aurre egoteko. Beste era batera esanda, eskolak eta kongregazioak ez dute ahaleginik egin haiekin egoteko eta haiei entzuteko.

Marisol Zamora izan zen Ezkiagaren sexu abusuak salatu zituen lehena. 2024ko maiatzaren 31n izan zen, izen-abizenekin eta argazki eta guzti, El País egunkarian. Zamora ez zen Donostiako La Salleko ikaslea. Kontatu zuen Ezkiagak, gurasoen laguna bera, zamoratarren etxean bertan egin zizkiola lehen ukituak, diapositiba batzuk erakusteko aitzakiapean, egongelako iluntasunaz baliatuta, esku batean proiektagailuaren urrutiko kontrolagailua, bestean Zamoraren 8 urteko gorputza, neskatoaren gurasoak bertan zirela. Gero, larunbat goizetan, gurasoei esaten zien Zamora eskolara bidaltzeko, azterketak zuzentzen laguntzera edo beste zerbaitera. Sexu abusuak egiteko baliatzen zuen.

Espainiako ordezkariak

Salaketa publikoa egin eta gero, La Sallekoak izan ziren Zamorarekin harremanetan jarri ziren lehenak. Ez Donostiako Loiola auzoko eskolakoak, kongregazioaren Espainiako arduradunak baizik. Berarekin bildu nahi zuten. Zamorak baldintza batzuk jarri zizkien, eta handik astebetera bildu ziren. La Salleren izenean Espainia eta Portugalgo anaia bisitaria —goi karguduna, agintari nagusietako bat— eta kongregazioko sexu abusuez arduratzen den abokatua joan ziren. «Barkatzeko eta barkatzeko esaten zidaten», gogoratu du Zamorak, ia bi urte geroago. Bi orduko bilera izan zen. «Esan nien horrek ez zidala balio, ez eskatzeko barkamena niri, biktima guztiei baizik». Ordurako, Ezkiagaren sexu abusuak zabaldu berritan, bazekien kasu dezente gehiago zeudela eta biktimak lekukotzak ematen ari zitzaizkiola El País egunkariari —Elizako sexu abusuei buruzko ikerketa lerro bat du duela urte batzuetatik hona—.

Loreak ere ezagutu zituen bisitari nagusia eta kongregazioaren abokatua. Lorea ez du benetako izena. Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle izan zen lehen mailatik UBI Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtera arte. Ezkiagak sexu abusuak egin zizkion eskolan. Zamorak salaketa publikoa egin zuela jakin eta gero, eskolarekin harremanetan jarri zen. Mezu elektroniko bat bidali zien, Ezkiagak egin zizkion sexu abusuen berri emanez. «Ontzat jo zuten segituan», azaldu du. «Eman nituen zehaztasun guztiekin, ez onartzeko moduan». Eskolatik ez zioten deitu, baina bisitariaren eta abokatuaren berri izan zuen. Taberna batean elkartu zen haiekin, eta, Zamorari egin zioten moduan, barkamena eskatu zioten Loreari ere. «Besterik ez».

«Sekulako beldurra diote izen ona galtzeari, baina zenbat eta beldur handiagoa, orduan eta okerrago egiten ari dira, eta orduan eta haserreago nago»

MARISOL ZAMORA Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima

Biktimak elkartzen hasi ziren, «mugitzen», Zamoraren esanetan. Talde bat osatu zuten. 26 emakumek eman dute Ezkiagaren sexu abusuen berri. Askoz ere gehiago direla uste dute, dozenaka, ikusita Ezkiaga zenbat urtean izan zen irakasle —1976tik 2012ra; 2018an hil zen— eta zer-nolako inpunitatearekin ibiltzen zen. «Ukiezina zen», Zamoraren esanetan. «Depredatzaile bat zen», gehitu du Mariak. Ez du benetako izena. Izen horren atzean, 13 urte zituenetik 17 urtera arte Ezkiagaren sexu abusuak jasan zituen emakume bat dago. Gainerako gehienek bezala, pentsatzen zuen berari bakarrik egiten zizkiola.

Ikasle ohien ezinegona

Donostiako La Salle mutilentzat bakarrik izan zen garaian ere —1982 arte— Ezkiagaren biktimak izan daitezkeela uste dute. «Badaude», ziurtatu du Mariak. Donostiara iritsi aurretik, Ezkiaga Bilbon izan zen irakasle, hamar urtean.

Ezkiagaren biktimen taldean sartu zituzten ikasle ohi batzuk ere. «Gaizki sentitzen ziren, ez zutelako ikusi edo nabaritu ikasgelatik kanpo zer gertatu zen». Mariari bi egunetik behin deitzen dio ikaskide izandako mutilen batek, «hunkituta, jota». «Bat-batean begietako benda erori zaiela ematen du», azaldu du. «Benetan jota daude».

26 emakumek eman dute Ezkiagaren sexu abusuen berri. Askoz ere gehiago direla uste dute, dozenaka, ikusita Ezkiaga zenbat urtean izan zen irakasle eta zer-nolako inpunitatearekin ibiltzen zen

Zamoraren eta beste biktima batzuen lekukotzek 2024ko ekainean eragindako harrabotsa apaldu zen. Oporrekin batera, isiltasuna iritsi zen. Euskal Herriko hedabideetan ohikoagoak izan dira Jeffrey Epsteinen paperei, Gisele Pelicoten bortxaketei, Me Too mugimenduari eta Betharramgo eskolako sexu erasoei buruzko albisteak. Horrek «etsipena» eragiten dio Mariari: «Munstro handi bat daukagu gure aurrean, baina inork ez du hari buruz hitz egiten».

Uda igaro eta gero, biktimek zer egin erabaki behar zuten. Eskolaren eta kongregazioaren aldetik ez zuten ikusten egindako kaltea onartzeko, gertatua ikertzeko eta erreparazio neurriak hartzeko borondaterik. Hala ere, aukeretako bat zen zerbait lortzen saiatzea EAEko Arartekoaren bitartez, babes instituzionalarekin. Hala jo zuten EAEko Arartekoarengana, iazko urtarrilean. Urtebete igaro eta gero, Arartekoaren bidea bukatu da: La Salle kongregazioak uko egin dio biktimei erreparazio kolektibo bat emateari.

Donostiako La Salle ikastetxea
Donostiako La Salle ikastetxearen eraikinak, Loiola auzoan. JON URBE / FOKU

Biktimek, EAEko Arartekoarekin abiatutako prozesuan, bost eskaera zehatz egin dizkiote La Salle kongregazioari. Funtsean, «erreparazio kolektiboa eta publikoa». Biktimen eskaerak «logikoak, normalak, gutxienekoak eta apurrak» direla uste du Mariak. «Haientzat hori ez da ezer, pasatu duguna pasatu eta gero». Baina horri ere ezetz esan diote, eta biktimei bizkarra eman dietela sentitzen dute. Haserre daude: «La Sallek ez dauka gizatasunik. Amorrarazi egiten nau, nola da posible hori gertatzea? Sekulako bidegabekeria da».

Prozesua luzea izan da. Nekagarria. «Kongregazioaren erantzuna lotsagarria da», uste du Zamorak. Kongregazioak eman dien tratua «misoginoa eta hotza» izan da Lorearentzat: «Eskola honetan hazi naiz; enpatia, kariño eta gertutasun handiagoa espero nuen, tratu gizatiarragoa eta duinagoa, ez mesfidantza hori. Biktimoi eman diguten tratua oso tristea izan da, sekulako desengainua». Ez du ulertzen prozesua nola bukatu den horrela, «hain modu aseptikoan, kirurgikoan». Faltan eman du eskolako zuzendaria haiekin harremanetan jartzea, biltzea eta hitz egitea.

«Biktimok ez gaituzte tratatu dagokigun arretarekin», salatu du Mariak. «Bi urte hauetan nabaria izan da interesatu zaien gauza bakarra ahalik eta azkarren amaitzea eta ahots guztiak isilaraztea izan dela. Guztia alfonbraren azpian ezkutatzea».

Eskolatik desagerrarazi

Zamorak, Mariak eta Loreak ezagutzen dute La Salle kongregazioa, eta ez zuten espero biktimen aldeko neurririk edo erantzunik. Uste dute kongregazioaren ezezkoa kolpe handiagoa izan dela Arartekoarentzat, biktimentzat baino.

Guztiaren gainetik eskolaren ospea zaindu nahi izan dutela uste du Zamorak, «sekulako beldurra diotelako izen ona galtzeari». Kontrakoa lortzen ari dira, haren esanetan: «Zenbat eta beldur handiagoa, orduan eta okerrago egiten ari dira, eta zenbat eta okerrago egin, orduan eta haserreago nago».

«Munstroa izan zen, eta ekosistemak elikatu egin zuen. Beste aldera begiratu zuten, eta hura bezain errudunak dira. Ezin da onartu»

MARIA Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima

Ezkiaga eskolatik desagerrarazi nahi izan dutela dio Zamorak. Kendu egin dituzte haren erreferentziak. Biktimentzat, kongregazioak nahastu egin ditu «erreparatzea» eta abusatzailearen arrasto guztiak «ezabatzea».

PRIVAra jotzea izan da eskaini dieten aukera bakarra. Espainiako Eliza katolikoak berak sortutako tresna bat da, goitik behera berak kontrolatua, bere irizpideen araberakoa, Elizaren mendeko erakundeetan sexu abusuak jasan zituztenei kalte ordainak emateko. Prozesu indibidualak dira, ez kolektiboak.

Zamorak jo zuen PRIVAra. Prozesu «umiliagarri» bat izan eta gero, 15.000 euro eman zizkioten Ezkiagak bost urtean egin zizkion sexu abusuengatik. Kalte ordaina jakinaraztekon berriro bildu zen anaia bisitariarekin eta abokatuarekin. Zamorak esan zien «lotsagarria» zela kongregazioak biktimei eman zien erantzuna, ezer ez egitea, alegia.

Ez zekiten, ez zuten ikusi

Zamorak lortu zuen La Sallek ordaintzea. Era horretan, ekintza baten bidez, La Sallek babestu egin zuen lehen pribatuan hitzez onartutakoa: Ezkiagak sexu abusuak egin zizkiola. Zamora ziur dago kongregazioak badakiela eta sinesten duela Ezkiagak sexu abusuak egin zituela, «baina hasieratik saiatu dira atera diren gauza guztiak estaltzen».

Biktimek Arartekoarekin abiatutako prozesuan kongregazioari egin dizkioten eskaeretako bat izan da La Sallek egindako barne ikerketa ezagutzea. Ez zieten eman, datuak babesteko legearen izenean, eta horren ordez arrapaladan irakurri zieten, bertan agertzen ziren izenak aipatu gabe. Funtsean, eskolak galdetu dien pertsonek ez zekiten ezer eta ez zuten ezer ikusi. Hor bukatu da. Barne ikerketa hori egiteko ez dute biktimekin hitz egin.

Zamorak, Mariak eta Loreak ez zuten espero biktimen aldeko neurririk edo erantzunik. Uste dute kongregazioaren ezezkoa kolpe handiagoa izan dela Arartekoarentzat, biktimentzat baino

«Gezurra», esan dute Mariak eta Zamorak. «Eskolak bazekien Ezkiagak zer egiten zuen». Gutxienez lau ikaslek eman zioten Ezkiagaren erasoen berri eskolari. Bi kasutan, zuzendariei.

Mariak aurrez aurre hitz egin zuen bere ikasle garaiko zuzendariarekin. Tutorea ere bazuen. «17 urte nituela ausartu nintzen», gogoratu du. UBIko ikaslea zen, eta lau urte zeramatzan Ezkiagaren sexu abusuak jasaten.

Zuzendariak bere bulegora eraman zuen. «Nik uste pixka bat blokeatuta geratu zela. 'Bai, lasai', esaten zidan etengabe». Mariak, orduan, bere «kemena» atera zuen, eta esan zion zuzendariari: «Bulego honetatik atera nahi dut jakinda zer neurri hartuko dituzuen hemendik aurrera, nik egunero pasatu dudana beste inork ez pasatzeko. Esadazu zer egingo duzun hau geratzeko». Ez zuen erantzunik jaso.

«Gogo jardunak» Erroman

Trantze horretan, era horretako bilera batean, zuzendariari zerbaitek «ihes» egin ziola nabarmendu du Mariak: «Zuzendariak esan zidan Ezkiaga zela eskolara diru gehien eramaten zuen irakaslea. Oso adierazgarria da». La Salle, eskola baino gehiago, enpresa bat dela dio.

Maria zuzendariarekin bildu eta denbora batera, Ezkiaga Erromara bidali zuten. Bidaiaren arrazoi ofiziala izan zen «gogo jardunak» egitera joan zela. Zamorak gogoan du Ezkiagak hilabete batzuk pasatu zituela Italian, eta handik bueltatutakoan ez zuela eskolarik eman ikasturte horretan.

«Bizitzako zorte txarra», bota du Zamorak Erromakoa gogoratu eta gero: urte haietan garbitzaile lanetan aritu zen La Sallen, Ezkiagarekin topo egiten zuen, eta agurtu ere egin behar zuen, bere nagusietako bat baitzen.

Mariak uste du gainerako irakasleek eta lekaideek bazutela Ezkiagaren abusuen berri. Izan ere, eskolan eguneroko jarduna eta Ezkiagaren gehiegikeriak nahasten ziren. Gogoan du gertaera bat. Ezkiagak besotik gogor helduta zeraman Maria, korridorean, bere gelara. «Oso izututa nengoen». Baina, «zorionez», beste fraide batekin topo egin zuten pasilloan. Maria gorputza zurrunduta zeukala zihoan, Ezkiagaren gelara iristeko beldurrez. «Gogoratzen dut gizonak begiratu egin zigula. Zerbait egiteko erregutu nion begiekin. Zerbait egin zezakeen. Baina burua okertu, eta, lurrera begira, gure ondotik pasatu zen, pausoak bizkortuz. Orduantxe ulertu nuen inork ez ninduela lagunduko; bakarrik nengoen munstroarekin».

Mariak egunero pasatzen zuen larritasunaren barruan sartzen dira jolas orduak ere. Izua zion jolas orduari. Besteentzat, jolasteko garaia zen; berarentzat, Ezkiagaren eskuek harrapatzeko arriskua. Txirrinak jo orduko ateratzen zen gelatik, ikasgelako lehena. «Komunean ezkutatzen nintzen. Egun pila bat galdu ditut. Bakar-bakarrik egoten nintzen, atea kisketaz itxita eta eserita, eskuekin belaunei helduta». Kanpoan entzuten zituen pausoen hotsak norenak ziren bereizten saiatzen zen, Ezkiagaren beldur.

PATXI EZKIAGA
Patxi Ezkiaga, La Salle ikastetxean, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Loreak, sexu abusuek besteengan eragin duten mina ikusita, bere buruari galdetu izan dio ea zergatik ez zuen ezer egin. Ez zen erraza: «1980ko hamarkada zen: gure ingurua, gizartea, apaizen boterea, familiari halako atsekabe bat emateko beldurra, emakumeok ezin ginen zama bat izan...». Eta adina: umeak eta gaztetxoak ziren, eta ezin zioten aurre egin La Salleren eta Ezkiagaren botereari. Lorearen lagunartean Ezkiagak denei egiten zizkien sexu abusuak, baina orduan ez zekiten, ez zutelako horri buruz hitz egiten.

Ikasleek ez, baina beste batzuek zerbait egin zezaketela uste dute: «Denborarekin gizon hori [Ezkiaga] okertuz joan zela ikusita, askoz ere lehenago geratu izan balute, ez zukeen hartuko geroko jarrera basati hori. Hau guztia argitara atera behar da, bestela munstroak hazi egiten baitira».

Munstro hitza erabili du Mariak ere. «Munstroa izan zen, eta ekosistemak elikatu egin zuen», haren arabera. «Beste aldera begiratu zuten, eta hura bezain errudunak dira. Ezin da onartu».

«Eskola honetan hazi naiz; enpatia, kariño eta gertutasun handiagoa espero nuen, tratu gizatiarragoa eta duinagoa, ez mesfidantza hori. Biktimoi eman diguten tratua oso tristea izan da»

LOREA Patxi Ezkiagaren sexu abusuen biktima

Horixe bera aurpegiratu zion Zamorak La Salleko zuzendari ohi bati, 2024an: «Esan nion berak eduki beharreko ardura eta gizatasuna eduki izan balu, ni ez nintzela libratuko, Ezkiagak oso umetan harrapatu ninduelako, baina 1990eko hamarkadatik aurrerakoak ez zirela biktimak izango, eta hori haren erantzukizuna zela». Zuzendari ohiak Zamorari ukatu egin zion ezer zekiela. Zuzendari hori, hain zuzen Mariak Ezkiagaren abusuen berri eman zion huraxe zen, eta Zamorak bazekien hori. Gezurretan ari zela esan zion.

Ezkiaga eskolako zuzendari izan zen urte batzuetan, eta erreferentzia bat zen eskolan. Ikasturteak hasi aurretik, eskura zituen ikasleen fitxak, datuak. Egoera sozioekonomikoak. Familia egiturak. «Bazekien norengana jo», Mariaren arabera.

Arreta biktimengan

Ezkiagaren biktimek biluztu egin behar izan dute. Egin zien guztia kontatu. Komunikabideetan eta bilera pribatuetan urte askotan trinkotutako korapiloak erakutsi. Goitik behera ireki. Ezintasunak agerian utzi. «Birbiktimizatuta sentitu gara, jakina», nabarmendu du Loreak. Horrek guztiak ondorioak ditu. Biktimetako asko tratamenduren bat jasotzen ari dira. Batzuk gaixoaldian daude, lanera joan ezinik.

Loreak sentitzen du arreta biktimengan jarri dela, sexu abusuetan eta eskolaren jokabidean jarri beharrean. Bera La Salleko ikaslea izan zen, eta La Sallen ikasten ari dira haren seme-alabak ere. Eskolaren inguruan ikusi du jendea biktimak nor diren jakin nahian, entzun ditu biktimei buruzko zurrumurruak... Biktimak zalantzan jartzen direla uste du, «eta horrek frustrazio handia eragiten du». «Beldurra» du izen-abizenak emateko, besteak beste ez duelako nahi horrek eragingo lukeen «zaparradak» seme-alabak harrapatzea.

Ezkiagaren biktimek biluztu egin behar izan dute. Egin zien guztia kontatu. Goitik behera ireki. Horrek guztiak ondorioak ditu. Biktimetako asko tratamenduren bat jasotzen ari dira. Batzuk gaixoaldian daude, lanera joan ezinik

Mariak Euskal Herritik kanpora «ihes egin» behar izan zuen, «bizirik irauteko». Ezagutzen ditu ikasketak bukatu eta Euskal Herritik joan ziren ikasle ohi gehiago. Faltan ematen ditu jaioterria, euskara, lagunak, familia... «Ez da bidezkoa. Alde guztietatik eragiten dizu». Neska langilea eta argia zen. Nota bikainak ateratzen zituen. «Beste helburu eta amets batzuk nituen, baina dena pikutara joan zait. Ez naiz izan nahi nuena eta izan behar nuena. Bizitza izorratu didate». Ez dauka sare sozialik, inork ez aurkitzeko. «Beldurrez nago, eta horrela ezin da bizi».

Eta orain zer? Loreak sentitzen du orain arteko prozesuak balio izan duela biktimak indartzeko: «Honek guztiak batu egin gaitu, indartu, eta aurrera goaz». Zamora bukaeraraino iristeko prest dago. Lortu nahi du Espainiako Gobernuak eta Apezpiku Konferentziak parte hartzea Eliza katolikoaren barnean egindako sexu abusuen biktimei erreparazioa emateko sisteman: «Ez dirua eskatzeko, erreparazioa eskatzeko baizik».

Mariak ez dauka itxaropen handirik. Biktimek La Salleren atzetik ia bi urte daramatzatela azaldu du, eta, Ezkiagak besotik helduta zeramala topo egin zuen fraideak bezala, «beste aldera begiratzen dute beti».

POSTA ELEKTRONIKO BAT topagune

Patxi Ezkiagaren biktimak eta Donostiako La Salle ikastetxeko ikasle ohi batzuk talde batean bildu dira. Bilerak egiten dituzte, eta Whatsapp talde bat ere badute. «Ahal duguna egiten dugu», esan du ikasle ohi batek. Parean erakunde handi bat dute, La Salle, ondo antolatua, abokatuz hornitua, mugimendurik txikienari Madrildik erantzuten diona. Bera ikasle ohia da, eta «oso gogorra» egiten ari zaio kontrakarrean jarritako erakunde bati aurre egitea. «Ezin dut imajinatu ere egin biktimak zenbat sufritzen ari diren». 

Biktimen eta ikasle ohien taldeak posta elektroniko bat sortu du, haiekin harremanetan jarri nahi dutenek hara idazteko, bai elkartasuna adierazteko, bai lekukotzaren bat emateko, bai laguntzeko: elkartasuna@lasallebiktimak.es

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA