Donostiako Gros auzoko Pasaia kalean atzeman dute gizona, Pedro Maria R. J., 41 urtekoa, 30 orduko bilaketaren ostean. Euskadi Irratiaren arabera, ile-apaindegi batean atzeman dute, eta itxura aldatzeko asmotan ibil zitekeen atxilotu dutenean.
Atzo Murchanten (Nafarroa) ustez emakume bat labanaz hil zuen gizonezkoa bilatzeko operazioa egin zuen Ertzaintzak Zumarragan, Foruzaingoarekin elkarlanean, susmagarriak senideak dituelako Gipuzkoako herrian. Atzo arratsalderako bertan behera utzi zuten operazioa, ez zutelako gizonezkoa topatu.
Zumarragako alkate Mikel Serranok esan du susmagarria ez dagoela herrian erroldatuta, eta ez dela inoiz egon. Eitza auzoan egin zuten bilaketa atzo. Alkateak azaldu duenez, protokoloak agintzen zuen susmagarriaren senideekin zuzenean hitz egitea, eta horregatik egin zuen operazioa Ertzaintzak.
Hainbat hedabideren arabera, susmagarriaren autoa Legazpin agertu da gaur goizean, eta gero Donostian jarraitu dute haren bila. Informazio horien arabera, taxi gidari batek adierazi du susmagarriaren deskripzioarekin bat datorren gizonezko bat garraiatu duela gaur goizean Gipuzkoako hiriburuan. Gaineratu duenez, oso urduri zegoen gizonezkoa. Beste lekuko batzuek esan dutenez, gizona bigarren eskuko auto bat erosteko asmotan zebilen. Azkenean, Ertzaintzaren auto kamuflatu bat lapurtu du: errotulatu gabeko Seat Leon urdin bat. Ertzaintza goizetik ibili da Donostiatik ateratzen ziren ibilgailuak banan-banan aztertzen.
Atzo goizean gertatu zen hilketa, NA-6840 errepidean, Murchanteko futbol zelaiaren parean (Nafarroa). 10:24an, gizon batek autoarekin jo zuen emakume baten ibilgailua, eta errepidetik aterarazi zuen, arroilan erortzeraino. Gizona labana batekin joan zitzaion, eta autoan bertan hil zuen. Emakumea bere seme-alabekin zihoan autoan —9 eta 5 urte dituzte—, eta haien aurrean hil zuen gizonak. 43 urte zituen emakumeak, eta Pilar Berrio Jimenez zuen izena. Gasteizkoa zen sortzez, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen.
Hiltzaileak ihesari eman zion, eta haren bila aritu dira Foruzaingoa eta Ertzaintza, elkarlanean. Gizonak «aurrekari ugari» ditu: 1998. urtean Donostian epaitu zuten, beste bi akusaturekin batera, Legorretako gasolindegi batean lan egiten zuen emakume bat tiroz hiltzea egotzita, baina absolbitu egin zuten. Gainera, zenbait salaketa izan ditu, baimenik gabe armak edukitzeagatik eta labanaz eginiko beste eraso batzuengatik.