Murgak dio agerraldi berriak «kontrolatuta» dauzkatela

Beste sei kasu atzeman dituzte PCR bidez: hiru Araban eta beste hiru Gipuzkoan. Bi hildako erregistratu dira.

Ertzaintza paseoan Orioko hondartza alboan. GORKA RUBIO / FOKU
aitor biain
2020ko ekainaren 27a
14:02
Entzun

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakinarazi du azken egunetan izandako COVID-19aren agerraldi berriak «kontrolatuta» daudela, baina zuhur eta arduraz jokatzeko eskatu du. Izan ere, beste sei kasu atzeman dituzte PCR bidez azken 24 orduetan: hiru Araban eta hiru Gipuzkoan. Murgak esan du Gipuzkoako kasuek lotura izan dezaketela Orioko eta Altzoko fokuekin, baina aztertzen ari direla oraindik. 

Positibo eman dutenen erdiak 20 urte baino gutxiago dituzte. Hain zuzen, azken egunetan gora egin du kutsatutako gazteen kopuruak, baina Osasun sailburuak ez dio arreta berezirik jarri datu horri. Izan ere, esan du PCR probak egiten zaizkiela egun kutsatu baten senitarteko guztiei edo gertuko harremana izan dezaketen pertsonei, sintomarik izan ez arren. «Horregatik, orain pertsona gazteagoen kasuak azaldu dira, baina guztiak positibo eman duenaren senitartekoak dira», azaldu du Murgak.

Hala ere, Osasun sailburuak kezka agertu du udan eta, bereziki, jai eremuetan gerta daitezkeen kutsatzeekin. Murgak esan du festa horiek eremu zabaletan izanagatik ere jendea kutsatu egin daitekela, eta horien jarraipena egitea «ia ezinezkoa» izango litzatekeela. Hori dela eta, arduraz jokatzeko deia egin du. 

Arabako kasuei dagokienez, hirutik bi Gasteizko osasun zentroetan atzeman dira. Hori dela eta, Osakidetzak herritarrei gogorarazi die birusa ez hedatzeko segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla lehen mailako arreta guneetan ere. Murgak eskatu du, besteak beste, bertaratu aurretik hitzordua telefonoz eskatzeko, maskara une oro erabiltzeko eta bi metroko distantzia mantentzeko.

Ospitaleen egoera ere arinduz doa, nolanahi ere. Une honetan, sei pertsona daude ZIU zainketa intentsiboen unitatean, hau da, bezperan baino bat gutxiago. Bi hildako gehiago erregistratu dituzte, halere. Osasun sailburua pozik azaldu da osasun zentroetako agerraldien bilakaerarekin. Izan ere, Murgak esan du Basurtuko eta Txagorritxuko agerraldiak ere «ia amaituta» daudela, ez baia kasu berririk atzeman.

Bizkaiko zahar etxeak, garbi
Bizkaiko zahar etxeetan ez da COVID-19a duen gaixorik. Bizkaiko aldundiak jakinarazi du egoiliar bakarra dagoela gaixo, baina hura ospitaleratuta dagoela. Diputazioaren arabera, zahar etxeetan positibo eman zuten 1.612 adinekok gainditu dute gaitza. Izurria hedatzen hasi zenetik, koronabirusak eragindako 290 hildako zenbatu ditu erakundeak egoitzetan, eta beste 32 kasuren susmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.