Araban egin dituzte goizeko ekitaldiak Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak, eta elkarri erreparatzeko baliatu dute, nagusiki bestearen eredu politiko eta ekonomikoa zalantzan jartzeko. Hala egin du EAEko sozialisten buru Eneko Anduezak, esaterako; PP eta Voxen «murrizketez» ohartarazi du, hala ekonomikoez nola eskubideez. Kontrara, «porrot egindako ereduak» amaitu beharraz hitz egin du Iñaki Oiarzabal PPren Arabako zerrendaburuak, eta enpresak eta enplegua babestea galdegin du.
Argentinako presidente Javier Mileik ezagun egin duen motozerraren irudia izan du gomutan Anduezak Iruña Okan egindako ekitaldian, eta ohartarazi du hark indarrean jarritako politikak aplikatuko dituztela PPk eta Voxek Espainian ere agintera heltzen badira. EAEko sozialisten buruak adierazi du herritarren ongizatearen eta demokraziaren aurkako «eraso zuzena» litzatekeela hori.
Izan ere, buruzagi sozialistak ohartarazi du «lan eskubideak murriztea lan baimenak murriztea» dela; «pentsioak murriztea belaunaldien arteko justizia itun bat haustea»; «sexu eta ugalketa eskubideetan atzera egitea emakumeei askatasuna kentzea»; eta «gutxieneko soldata murriztea soldata txikiena duenari soldata jaistea».
Horiek horrela, Javier Hurtado sozialisten Arabako zerrendaburuak azpimarratu du azaroaren 29an herritarrek bi ereduren artean aukeratu beharko dutela, Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak ordezkatzen dutenen artean, hain justu ere. Hurtadok gogora ekarri du eskuineko alderdiena «ezaguna» dela, 2008ko finantza krisian ikusi zenez gero: «austeritatea, murrizketak, doikuntzak, soldaten izoztea eta zerbitzu publikoen ahultzea», besteak beste.
Kontrara, azpimarratu du sozialistek bestelako eredu bat jarri zutela indarrean COVID-19aren pandemian, enplegua eta familia «babestea» ardatz zuena. «Hori da aldea; ez da gauza bera krisi batetik ateratzea faktura herritarren bizkar utzita, edo pertsonak babestuz egitea», esan du, eta erantsi eredu hori bermatzeko modurik seguruena eta eraginkorrena Alderdi Sozialistari botoa ematea dela.
Iñaki Oiarzabal PPk Kongresurako aurkezten duen Arabako zerrendaburuak «gatazka eta porrotaren politikak» atzean uzteko deia egin du, eta proposatu du arreta ipintzeko «enpresa eta enplegua babesten». Laudion (Araba) egin du gaurko ekitaldia, eta neurri ekonomikoak proposatu ditu Aiaraldea eskualdearen ekonomia berpizteko. Zehazki, «industria, ekonomia eta enplegua» bultzatzeko neurriak agindu ditu.
Fronte Zabalak EAJri anbizio falta egotzi dio
PPk egin bezala, Fronte Zabalak ere industria izan du hizpide Sestaon (Bizkaia) eginiko hauteskunde ekitaldian. Lander Martinez Kongresurako Bizkaiko hautagaiak EAJri leporatu dio industriaz hitz egin, bai, baina «langileei etorkizuneko bermerik ez diela eskaintzen». Kritika horiek Vicinay enpresa bisitatu ostean egin ditu, eta gogora ekarri du enpresa horrek enplegu erregulazio espediente bat egin duela, eta 60 lanpostu daudela galtzeko arriskuan.
Eusko Jaurlaritzari egotzi dio anbiziorik gabe jokatu izana Vicinayren auzian. Martinezek salatu duenez, Sestaoko lantegi horretan «baliabide publikoak» inbertitu eta gero, «kaleratze kopurua murriztearekin» konformatzen da Jaurlaritza, lanpostu guztiak bermatzeko lan egin beharrean. Fronte Zabalak Bizkaiko Ezkerraldearen izaera industrialari erreparatu dio, eta izaera horri eutsi behar zaiola nabarmendu du: «Ez dugu iraganari begira geratutako Ezkerraldea nahi». Horren ordez, Fronte Zabalak proposatzen du «lan, bizi eta etorkizunari ilusioz begiratuko dion Ezkerraldea».