'Broders' euskaratu du Emakundek, mutil gazteen artean berdintasunaren kontzientzia bultzatzeko plataforma

Sareko plataforma horrek zalantzak «modu seguru eta anonimoan» partekatzeko leku bat eskaintzen die 14 eta 19 urte bitarteko nerabeei.

Ander Bergara, Miren Elgarresta eta Markel Serrano, Gasteizen egindako prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ander Bergara, Miren Elgarresta eta Markel Serrano, Gasteizen egindako prentsaurrekoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko maiatzaren 20a
13:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Klasean gustuko dudan neska bat dago, baina ez dakit harekin hizketan nola hasi». «Aitarekin hitz egin dut, eta nire kontura barre egin du». «Ez dakit sentitzen dudan haserrea nola kontrolatu». Edozein mutil nerabek bizi izandako zalantza edo arazoak dira horiek. Sarri, ordea, ez dituzte topatzen halakoak partekatzeko espazio seguruak, eta manosfera delakoaren atzaparretan erortzen dira. Interneten eskuin muturreko diskurtso matxistak zabaltzen dituzten influencer, eduki sortzaile eta webguneek osatzen duten multzoa da manosfera hori. Hain zuzen ere, mutil nerabe gazteei manosfera horren alternatiba seguru bat eskaintzeko sortu zen Broders izeneko egitasmoa, 2005ean. Beren zalantzak partekatzeko sareko plataforma bat eskaintzen die 14 eta 19 urte bitarteko mutilei. Emakundek baliabide hori euskaratu du orain, Gasteizen egindako prentsaurreko batean iragarri dutenez.

Broders.es plataformak lau atal ditu: foroa, txata, laguntza profesionala eta Gaiak izeneko atala. Foroa «trollik gabeko espazio segurua» da, eta bertan gazteek beren kezkak plazara ditzakete anonimoki. Mutil gazteei zaurgarri izateko gune pribatu bat eskaintzea du helburu foro horrek. Txat pribatuan, berriz, gazteei laguntza emateko formakuntza berezia jaso duten boluntarioekin hitz egiteko aukera izango dute mutilek, beren arazoak konpontzeko edo, behintzat, horiek konpondu bitartean lagun egingo dien norbait edukitzeko. Laguntza profesionalaren atalean, profesionalekin doako telefono bidezko hitzorduak lotu ahalko dituzte mutikoek. Azkenik, Gaiak izeneko atalean, haien interesekoak diren aferei buruzko edukiak aurkituko dituzte. Maitasuna, sexu harremanak, lagunak, familia eta bestelako gaiak jorratzen dituzten testuak eta bideoak aurkituko dituzte mutilek, «manosferako diskurtso demagogiko eta sexistetatik urrun».

«Broders mutilentzako espazio seguru bat izatea nahi dugu, manosferaren garai honetan barruan dutena presiorik gabe adierazteko gune seguru eta anonimo bat»

MIREN ELGARRESTAEmakundeko zuzendaria

Pantailaz bestaldean egon ohi diren boluntario horietako bat da Markel Serrano. Ia urtebete darama proiektuan parte hartzen, eta hamaika galderarekin topo egin du bide horretan. «Badira mutil gazteak deabrutzen dituzten diskurtso alarmistak, baina nik ez du haserre edo herrarik aurkitu; pertsona galduak ikusi ditut, edozein nerabek dituen zalantzekin norengana jo ez dakiten pertsonak», deskribatu du bere esperientzia Serranok. Hain zuzen ere, profil horretako gazteak erortzen dira sarri manosfera delakoaren diskurtsoetan. «Batzuetan, influencer matxista eta atzerakoi horiek dira gazte horiei erantzuna ematen dieten bakarrak», deitoratu du boluntarioak. Nahi dute halakoen alternatiba izatea proiektua gazte horientzat.

Euskaraz ere bai

Broders proiektuaren webgunera sartzen zenak gazteleraz eta ingelesez soilik kausituko zuen plataforma orain arte. Orain, ordea, euskaraz ere baliatu ahalko dute gazteek plataforma hori, Emakundek, Gizonduz programaren bitartez, euskaratu egin baitu. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak adierazi duenez, plataforma «mutilentzako espazio seguru bat» izatea nahi dute, «manosferaren garai honetan barruan dutena presiorik gabe adierazteko gune seguru eta anonimo bat». Hain zuzen ere, gazteen artean eskuin muturreko diskurtso matxistak zabaltzeak bereziki kezkatzen dituela adierazi du Elgarrestak, eta hori eragozteko beharrezkoa dela «maskulinitate askotarikoak eta berdintasunezkoak sustatuko dituen komunitate digital bat». Definizio horixe betetzen du Broders proiektuak. Hezkuntza zentroetan egiten dituzten esku hartzeetarako tresna baliagarria izango dela uste du Elgarrestak.

Orrialdearen bertsio euskaratu berria. BRODERS.ES
Orrialdearen bertsio euskaratu berria. BRODERS.ES

Antzeko ideiak eman ditu Ander Bergarak, Gizonduz programaren arduradunak. «Gizon gazteekin lan egitea funtsezkoa da etorkizuneko berdintasuna bermatzeko», azpimarratu du Bergarak. Broders mutilen artean berdintasunaren kontzientzia bultzatzeko tresna eraginkor bat dela ziurtatu du Bergarak, eta webguneak orain arte izandako trafiko datuak izan ditu hizpide: 152.000 bisita izan ditu orain arte, eta 29.000 pertsona sartu dira bertara. Foroak 900 mezu pilatu ditu, eta txat zerbitzuan 215 kasu artatu dituzte boluntarioek. Hain zuzen ere, zerbitzu horixe bera euskaraz ere erabili ahalko da orain, astelehenetik ostegunera, arratsaldeko seietatik zortzietara.

Boluntarioen beharra

Gazteleraz plataformak eskaintzen duen zerbitzua baino murritzagoa da hori, hizkuntza horretan astelehenetik ostiralera eta seietatik bederatzietara artatzen baitituzte gazteak. «Boluntarioen falta dugu oraindik, egitasmoan parte hartzeko prest dauden 35 urtetik beherako gazteak behar ditugu zerbitzua zabaltzeko», azaldu du Bergarak. Boluntarioek hiru eginkizun nagusi dituzte: batetik, foroan moderatzaile aritzen dira, gorrotozkoak izan daitezkeen edukiak ezabatzen eta erabiltzaileen arteko errespetua mantentzen dela ziurtatzen; bestetik, txatean ibiliko dira, mutikoen galderei zuzenean erantzuten. Sare sozialetan egitasmoa zabalduz eta bertarako edukia sortuz ere badago laguntzeko aukera. 

Egitasmoan parte hartzera animatu ditu adinkideak Serranok: «Esperientzia oso aberasgarria da, eta ematen dizuten prestakuntzarekin ez zara inoiz galduta sentitzen mutikoei laguntzean», erran du gazteak. Proiektuan parte hartzeko prest daudenek kaixo@broders.es helbidera idatz dezakete. Emakunderen orrialde ofizialean ageri den galdetegia beteta ere eman dezakete izena egitasmoan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE