Aralarrek, EAJk eta independenteek osatutako koalizioak Nafarroa Bai 2011 hauteskunde marka erabiliko du maiatzeko udal eta foru parlamenturako hauteskundeetan, herenegun gauean Nafarroako Aralarreko koordinatzaile Txentxo Jimenezek baieztatu zuenez. NaBai siglen ondoan 2011 jartzearen arrazoia, Jimenezek azaldu zuzenez, EAk auzitegien aurrean debekuren bat planteatzeko aukerari iskin egitea izan da.
«Jakin badakigu EAren aldetik eragozpenen bat jartzeko borondatea egon daitekeela», esan zuen Aralarreko ordezkariak. Dena den, gaineratu zuen ez duela uste marka berriak nahasmena sor dezakeenik, bere ustez «nafar gizarteak ederki asko dakielako eta bizi ere egin duelako Nafarroa Bairen baitan azken aldian gertatu den bilakaera».
«Prebentzio neurri gisa, edo argitzeko edo argitzen laguntzeko, hauteskundeetako urtea erantsi diogu markari, Nafarroa Bairen siglak bozetan egon ez daitezen Hauteskunde Batzordera joko duela iragartzen ari dena lasaitze aldera».
«Zilegitasunik gabe»
NaBai siglari 2011 gehituta ere, EA ez dago ados, atzo Koldo Amezketak adierazi zuenaren arabera. «Izenean jarritako ñabardurak agerian uzten du eurek ere badakitela ez dutela legitimitaterik NaBai sigla erabiltzeko», esan zuen Amezketak.
EAko ordezkariaren arabera, ñabardurak ez du arazoa konpontzen, «izen bera hautatu baitute». Amezketak azaldu zuenez, «kontuan hartuta izen hori bera duen koalizio bat badagoela eta 2012 arte lau alderdi ordezkatzen dituela, uste dugu hautesleria nahasarazi lezakeela».
Aralarrek eta EAJk elkarrekinkoalizioan joateko eskubide osoa dutela aitortu arren, EAk uste du ezin dutela Nafarroa Bai ordezkatu, hastapeneko kideen erdiak direlako. «Beste izen bat hartu behar dutela uste dugu, eta gizartearen aurrean beste proiektu bat ordezkatuz aurkeztu, baina ez Nafarroa Bai gisa»,eutsi zion Amezketak.
NaBai 2011 izango da Aralarren eta EAJren marka Nafarroan
Amezketa: «Izenean jarritako ñabardurak erakusten du badakitela ez dutela zilegitasunik NaBai sigla erabiltzeko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu