NaBai, NEB eta PSNk Los Arcosko zirkuituaren kudeaketa kritikatu dute

CDNk «disfuntzioak» ikusi ditu Nafarroako Gobernuaren gestioan, eta UPNk babestu egin du haren jarduna

Erredakzioa
Iruñea
2010eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Los Arcosko zirkuituan Nafarroako Gobernuak egin duen kudeaketa kritikatu dute Nafarroa Baik, PSNk eta NEB Nafarroako Ezker Batuak. Atzo bildu zen Ekonomia eta Ogasunaren Batzordea, eta bertan aritu ziren parlamentuko taldeak gai horren inguruan eztabaidan. Gainera, Nafarroako Kontu Ganberak zirkuituaren kudeaketaz egin duen txostena aurkeztu zuen Helio Robleda ganberako presidenteak.

Txostenean azaltzen denaren arabera, Samaniego enpresak bultzatutako hasierako ekimena SPRIN (Nafarroako Inbertsio eta Azpiegiturak Sustatzeko Elkartea) enpresa publikoarekin egindako proiektu bateratu batean bihurtu zen. Hala, zirkuituko kapital guztiaren %95 kontrolatzera iritsi zen Samaniego enpresa. Gainera, zirkuitua egiteko aurrekontua hirukoiztu egin zuen, hasierako 21 milioietatik 62,6 milioietaraino.

Robledak azaldu duenez, «egindako aldaketa hauek administrazioaren gauzak egiteko modu tradizionaletik urruti daude». Kontu Ganberako presidenteak hala zehaztu du: «Teknologia, ekonomia eta gizarte sailetan egindako aldaketekin, logikoa da administrazioek gauzak egiteko modu berriak bilatzea, baina ikusi dugu hauek berezko modu tradizionaletik urrun daudela. Jardun hauek, sarri, arauzko markoaren aurretik doaz, baina nahiago genuke erreferentzia marko bat izango balute».

NaBai, PSN eta NEB, kontra

Hasierako inbertsioa hirukoiztu izana kritikatu du Juan Jose Lizarbe PSNko bozeramaileak: «Gai honetan gune beltz asko dauden sentsazioa ematen du». Nafarroa Baiko Txentxo Jimenezek ere antzeko kritika egin du. Ion Erro NEBeko bozeramaileak, berriz, «proiektuaren kudeaketaren antolakuntza falta» kritikatu du: «Ez dagoela ekintzak zurituko dituen dokumenturik».

«Nafarroako Gobernuan ohikoa ez den kudeaketa prozesu bat» sumatu du CDNk. UPNk, aldiz, zirkuituaren kudeaketan gobernuak izan duen jarduna babestu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.