hauteskundeen ondorena

NaBaik uste du udalen eraketan ikusiko dela PSNrekin Nafarroan gobernu aldaketa posible izango den

Patxi Zabaletarentzat argigarria izango da larunbatean Iruñeko Udaleko bozketa. NaBaik eta PSNk bilera egin dute gaur arratsaldean. Sozialistak Bildurekin ere elkartu dira, eta foru hobekuntza, Konstituzioa eta azpiegitura handien defentsa egiteko eskatu diote. Bilduk esan du prest dagoela UPNren gobernu alternatiboa bultzatzeko. 

joxerra senar
2011ko ekainaren 8a
19:57
Entzun

Patxi Zabaleta NaBai 2011ren lehendakarigaiak azaldu du larunbat honetan udalen eraketan ikusiko dela PSNrekin batera Nafarroan gobernu aldaketa egitea posible izango den. Iruñeko Udaleko kasua aipatu du. Izan ere, PSNk nahiko balu —eta Bilduk eta Ezkerrak ere bai—, Uxue Barkos NaBaiko hautagaia izango da alkatea eta ez Enrique Maya UPNkoa, alderdi honek ez baitu PPrekin gehiengo osorik.

PSNk eta NaBaik bilera egin dute arratsaldean Iruñean, Nafarroako Parlamentuan. Elena Torres, Roberto Jimenez eta Juan Jose Lizarbe izan dira PSNko ordezkariak, eta Patxi Leuza, Txentxo Jimenez, Patxi Zabaleta eta Manu Aierdi NaBaikoak. Zabaletak esan du programak aintzat hartuta posible dela UPN boteretik kentzea. 

UPNk 19 parlamentari lortu zituen maiatzaren 22ko foru bozetan, PSNk 9, NaBaik 8, Bilduk 7, PPk 4 eta Ezkerrak 3. 26 legebiltzarkide behar dira gehiengo osorako.

PSNren baldintza zehatzak Bilduri

PSN gaur Bildurekin ere elkartu da, goizean, eta lau 'marra gorri' jarri dizkio edozein proposamen politiko eztabaidatzeari ekin aurretik. Hori nabarmendu du Elena Torresek PSNko idazkariorde nagusiak bilera osteko prentsa agerrialdian. Baldintzak: 1. Nafarroako foru hobekuntzaren eta Espainiako Konstituzioaren defentsa. 2. ETAren gaitzespen argia. 3. Estatuaren eta Nafarroaren arteko leialtasuna. 4. Azpiegitura handien aldeko konpromisoa.

Aldez aurretiko baldintza horiengatik beste bilerekin alderatuta "diferentea" izan dela aipatu du Torresek. Ondorioztatu du "izugarrizko diferentziak" dituztela Bildurekin eta horrek "ezinezko" egiten duela Nafarroako Gobernuan sartzea.

Kazetariek Torresi galdetu diote ea prest ote dagoen, orduan, Bilduren botoak onartzeko, eta honek behin eta berriz errepikatu du ez direla bilera horretara joan "botoez eta eserlekuez" hitz egitera. Roberto Jimenezen hautagaitza aurkezteari uko egiten dioten galdetuta, ez dutela hori baztertzen eta aukera guztiak irekita jarraitzen dutela aipatu du. Bilera politikoen lehen txanda amaituta ondorioak atera eta erabakiak hartuko dituztela ziurtatu du. Egingo dutenaren inguruko argibide bakar bat ez du eman.

11:00etatik aurrera egin dute PSNk eta Bilduk batzarra, Nafarroako Parlamentuan, baina Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusi eta haren lehendakarigaia ez da joan. Torres eta Juan Jose Lizarbe izan dira sozialisten ordezkariak. Bildukoak: Maiorga Ramirez Bilduren lehendakarigaia, Bakartxo Ruiz, Koldo Amezketa eta Aitziber Sarasola. Jimenez zergatik ez den joan galdetuta, Torresek esan du "programa aurretiko gaiez" hitz egitera joan direla bilerara eta Jimenezi programaz hitz egitea egokitzen zaiola.

Bilera ostean hitz egiten lehenak Bilduko ordezkariak izan dira eta PSNri "ausardiaz" jokatzeko eskatu diotela azpimarratu dute. Ramirezen arabera, bilera hori "normalizazio politikorako oso garrantzitsua" da, eta PSNk ere bat egin du gogoeta horrekin. Bilduko ordezkariek PSNri azpimarratu diote euren botoak "UPNk ez agintzera" bideratuta daudela eta hala Iruñeko Udalean nola Nafarroako Gobernuan hori egiteko prest daudela. Ruizek ziurtatu du, gainera, ez luketela gobernu alternatibo bat babestuko ondoren hiruzpalau hilabeteetan erortzeko uzteko. "Ez dago aitzakariarik aldaketa politikoa eman dadin lurralde honetan".

Bihar UPNrekin

Larunbatean, kongresu arteko organo gorenak —PSNko lurralde batzordeak— baimena eman zion zuzendaritzari beste alderdiekin bilerak hasteko. Batzar horien helburu nagusia PSNren programa politikora gehien gerturatzen den formula onena topatzea da eta, PSNk larunbatean ziurtatu zuenez, "jokaleku guztiak" irekita daude.

Atzo Ezkerrarekin eta PPrekin egin zuen batzarra. Bihar UPNrekin batuko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.