Nafarroa Bizirik taldeak martxa nazionalera deitu du ekainaren 16rako

Beste hamaika ekitaldi antolatu dituzte egun horretarako, eta herritarrei parte hartzeko eskatu diete

Iruñea
2012ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Martxa nazionalera deitu du heldu den ekainaren 16rako 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak. Martxa Iruñeko Antoniutti parketik aterako da, 17:30ean, eta Gazteluko plazan bukatuko da.

Nafarroako konkistaren 500. urteurrenaren ekitaldien barruan, 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak, martxa ez eze, beste hainbat ekitaldi antolatu ditu. Goizerako, Iruñerriko auzo eta herrietan ibilaldiak antolatu dituzte Iruñeraino, tartean, Getzetik abiatuko dena. Han, Noaingo borrokaldia gogoratuko dute Joxe Ulibarrenak guda hartan hildakoen alde eraikitako eskulturan. Eguerditik aurrera, zezen plazan azoka eginen da: eskulangileak egonen dira, eta oroimen historikoa berreskuratzea xede duten elkarteen informazio mahaiak ere bai. Herri kirolak eta bertso saio berezi bat ikusteko aukera ere izanen da. Herri bazkariaren ondotik, 17:30ean, martxa abiatuko da Antoniutti parketik Gazteluko plazaraino. Aldarrikapen eguna zezen plazan bukatuko da: 20:00etatik aurrera, musika jaialdi bat eginen da bertan. Jaialdian, hainbat talde izango dira: Barricada, Su Ta Gar, Vendetta eta Goienetxe Anaiak.

Euskal Herriko herri guztiei parte hartzeko deia egin die 1512-2012 Nafarroa Bizirik mugimenduak. «500 urte igaro eta gero, herri hau bizirik dagoela erakutsi behar dugu», adierazi zuen Sergio Iribarren taldeko partaideak martxa antolatzeko ekitaldian, atzo. Hogeita hamarren bat lagun bildu ziren Karlos III.a zinemetan, martxa nazionalaren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.