Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak «babes osoa» adierazi dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari goizean egin duten bileran. Txibite bat dator Sanchezekin, eta nabarmendu du «oso neurri gogorra» dela alarma egoera beste hamabost egunez luzatzea, baina baita «beharrezkoa» ere: «Datorren astea zaila izango da, gero eta kasu gehiago izango ditugulako, eta babeserako material asko beharko dugulako». Halere, nabarmendu du Nafarroako osasun sistema ez dela «kolapsatuko».
Txibiteren prentsaurrekoaren aurretik, Osasun Sailak eskerrak eman dizkie babes materiala eman dien enpresa eta instituzio guztiei, eta osasun materiala ekoizten duten pertsonei eta enpresei eskatu die inbentarioa egiteko, gordetzeko, eta zaintzeko, «interes orokorrerako eta osasun publikoa zaintzeko» behar izango dituztelako agian. Horretarako, Iruñeko egoitza batean jasoko dute material guztia, Landabengo industrialdean.
«Arazoak izaten ari gara maskarekin, babes tresneriarekin eta test azkarrekin, baina ari gara materiala jasotzen; ezinbestekoa izango da», esan du Txibitek. Izan ere, datorren astera bakarrik ez, epe ertainera ere begiratu behar dute, haren esanetan, txertoa merkaturatu arte beharko dutelako materiala. Bestalde, herritarrek «indarra eta ardura» nabarmendu ditu, «hori baita oraintxe dugun txertorik onena».
Txibitek adierazi du Sanchezi eskatu diola zehazteko hezkuntzak izan dezakeen bilakaera, eskola egutegiaren eta lan eskaintza publikoen plangintza egin behar dutelako, besteak beste.