Nafarroa Oinez: «aldarrikapen egun masiboa» egingo dute Zizur Nagusian

Euskararen ofizialtasuna «Nafarroa osora» zabaldu behar dela aldarrikatuko dute ikastolen festa handian, urriaren 18an; Erentzun ikastolak eta San Fermin ikastolak antolatuko dute aurten.

Nafarroa Oinez-en antolatzaileak, gaur, jaiaren atariko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Nafarroa Oinez-en antolatzaileak, gaur, jaiaren atariko agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2026ko urriaren 6a
14:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Bi ikastola, bi errealitate, baina helburu bera: euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitzea». Berritu egin dute gaur Erentzun eta San Fermin ikastolak batzen dituena. Vianan dago lehena, Iruñean bestea, historia eta ezaugarri apartekoak dituzte biek, baina Nafarroan ikastolek osatzen duten sare trinkoaren parte dira, eta, batzen dituen horretan ardatza jarrita, lankidetzan antolatu dute aurten Nafarroa Oinez. Urriaren 18an izango da, Zizur Nagusian. Jaiaren atariko agerraldia gaur goizean egin dute, eta edukiz betetako ekinbide bat dela gogoratu dute: aurten, berriro, Nafarroa Oinez «aldarrikapen egun masiboa» izango da. Euskararen ofizialtasuna «Nafarroa osora» zabaldu behar dela «ozen» aldarrikatuko dute: «Eta euskaraz bizitzeko eskubidea aitor diezagutela».

Bidean bat gara leloa hautatu dute aurten jairako. Erentzun ikastolako zuzendari Garbiñe Zulaikak gaurko agerraldian gogora ekarri du batasunak berebiziko garrantzia duela: «Euskararen kontrako oldarraldia agerikoa den honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da bat egitea». Xedea, gainera, argi dutela nabarmendu du San Fermin ikastolako lehendakari Eider Sagastibeltzak. «Kontua ez da zein arlotan ari garen edo nondik gatozen, nora goazen baizik. Eta ortzi muga argia da: euskararentzat etorkizun oparoa ereitea». 

Jaia bi ikastolek lankidetzan antolatuko dutenez, Nafarroa Oinez-eko aurtengo ibilbidea ikastola biak batzen dituen bidean «diseinatu» dute. Zizur Nagusia-Ardoi eta Galar inguruan egingo da. Hiru gune izango ditu. Zelaidietan egongo dira bi, eta beste bat Zizur Nagusian bertan, Luis Ibero plazan.

Festa eta kultura uztartzen dituen egitaraua prestatu dutela esan dute antolatzaileek, eta adin guztietako euskaltzaleek izango dutela zerekin gozatua. Musika eskaintza oparoa izango dute: Mochila 12, Urtz eta Trikidantz taldeak izango dira, besteak beste. Nerabeek Erronka egitasmoan parte hartzeko modua izango dute, eta familiei begira, bereziki, ekintza berri bat antolatu dute: Oinez ginkana familiarra. 6-14 urte arteko haur eta gaztetxoentzat eta haien familientzat pentsatutako proposamen «dinamiko eta irisgarria» izango da.

Ahal dela garraio publikoan joateko deia egin dute, eta horretarako erraztasunak jarriko dituztela esan. Aparkalekuak zentralizatuko dituzte, eta bizikletaz joateko aukera ere sustatuko dute. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA